Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

‘Pornomelancolía’, maskulinitate zurrunaren eta hauskorraren arteko elkarrizketa

Ez da pelikula pornografikoa, ezta pornografiari buruzko pelikula ere. ‘Pornomelancolía’-k Lalo Santosen istorioa kontatzen du: pelikulen eta sare sozialen bidez eduki pornografikoak saltzen dituen gizona. Beraren bitartez, hainbat gai ekartzen ditu azalera filmak, kasurako, maskulinitatea.

Manuel Abramovich, ‘Pornomelancolía’ filmaren zuzendaria.
Manuel Abramovich, ‘Pornomelancolía’ filmaren zuzendaria. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Lalo Santos porno aktore mexikarrari buruzko pelikula biografikoa da Manuel Abramovichen ‘Pornomelancolía’, Santosek berak antzeztua. Astearte arratsaldean aurkeztu da Zinemaldian, Sekzio Ofizialean lehiatzeko. Donostian behar zuen Lalo Santosek; alta, orain aste batzuk sare sozialen bitartez iragarri zuen ez zela pelikularen estreinaldira agertuko. «Gertatu den guztia aurretik jakingo banu, ez nuke dokufikzio hau grabatuko», esan zuen.

Sare sozialen eta pelikulen bitartez eduki pornografikoa saltzen eta zabaltzen du Lalo Santosek, nola errealitatean, hala zuzendari argentinarraren filmean. Iradokitzen du, horrela, bere buruaren jabe dela, baina hori pertsonaiaren aldeetako bat besterik ez da. Gutxienez beste bi alde erakusten digu pelikulak: tailer mekanikoko lankideekin familiari eta etorkizunari buruz hitz egiten duen Lalo, eta ondotik buzoa erantzi eta bere buruaren argazkiak, biluzik, sare sozialetara igotzen dituena. Agertzen da, halaber, depresioa duen Lalo, ama nola zaindu ez dakiena. Maskulinitate zurrunena eszena pornografikoetan, eta maskulinitate hauskorrena eszenatik kanpo.

Pertsona eta pertsonaiaren arteko nahasketa irudikatu asmo zuela esplikatu du Abramovichek pelikula aurkeztu ondoko prentsaurrekoan. Modu berezi batean lortu du hori: Mecos Films pornografiaren ekoiztetxe mexikarraren Emiliano Zapatari buruzko pelikula pornografikoa eta ‘Pornomelancolía’ une berean grabatu ziren eta sinergia moduko bat osatu zuten. ‘Diablo’ zuzendariaren pelikulako aktoreak eta eszenografia erabili zituen Abramovichek eta sexu harreman esplizitu gutxi –bai, ordea, eszena erotikoak–, mundu bien arteko dikotomia erakusten du: kamera aurreko irudi maskulinoa eta kameren atzeko dudak, beldurrak, ziurtasun eza.

Modu berean jokatzen du zuzendariak agerikoak diren eta ez diren gauzekin, zeren, «hau ez da pornografiari buruzko pelikula bat», argitu du prentsaurrean. Modu sotilean, hainbat gai politiko grabitatzen daude pornografiaren inguruan, hala nola, GIBa, maskulinitatea, kapitalismoa, kolonialismoa edo arrazakeria.

Santosen salaketa

Donostiako Zinemaldiak ‘Pornomelancolía’ emango zuela iragarri zuenean, bere desengainua erakutsi zuen Lalo Santosek sare sozialetan. Besteak beste, esan zuen pelikularen grabaketa «oso gogorra» izan zela beretzat eta zuzendariak eta ekoizleek ez zutela zaindu prozesu horretan: «Kontrara, emozionalki lur jota nengoenean grabatzeko presio egin zidaten».

Adierazpen hauek «harriduraz» hartu zituela onartu du Abramovichek, esanez Santosekin batera prestatu zuela gidoia eta modu «horizontalean» egin zuela lan berarekin, «konfiantza» baita argentinarrarentzat filmak egiteko ezinbesteko aldagai, esan duenez. «Oso tristea da Lalo gaur hemen ez egotea sentitzen ari dena adierazteko. Pertsonekin filmak egiteak arrisku gisa sentitzen dut, eta orain erabat irekita nago zer sentitzen ari den ulertzeko. Prest nago hobeto egin nezakeen horren inguruan hausnartzeko», adierazi du zuzendariak.