J.S.

Bi gurpil eta elektrikoa, hirian mugitzeko egokiena

Lau gurpileko sektore indartsuaren ondoan, gutxi hitz egiten da patinete, bizikleta eta moto elektrikoei buruz, hiri barruan mugitzeko egokienak diren arren. Etxea teilatutik eraikitzen hasi garela esan genezake.

Patinete eta bizikleta elektrikoak dira gorakada handiena izan duten ibilgailuak; moto elektrikoak ez hainbeste.
Patinete eta bizikleta elektrikoak dira gorakada handiena izan duten ibilgailuak; moto elektrikoak ez hainbeste. (Getty IMAGES)

Biztanle kopuru handiak biltzen dituzten munduko hiriburu guztiek duten arazoa da: trafiko pilaketak eta kutsadura. Egoera horri aurre egiteko, garraio publikoa bultzatzeaz gain, ibilgailu partikularrei mugak jartzen hasi zaizkie, batez ere erregai fosilak erabiltzen dituztenei. Horrekin batera, automobil eta autobus elektrikoei hainbat erraztasun ematen zaizkie hiri barruan mugitzeko.

Baina inork gutxik hitz egiten du bi gurpileko ibilgailu elektrikoei buruz, nahiz eta hiri barruan mugitzeko egokienak diren, arrazoi askorengatik. Alde batetik, ez dute hirietako airea kutsatzen, zaratarik ere ez dute ateratzen eta trafiko handia dagoen guneetan mugitzeko erosoenak dira. Horretaz gain, beren autonomia elektrikoa nahikoa da eguneroko ibilbideak egiteko, hiri barruan nekez egiten baitira 50 kilometro baino gehiago (hainbat ikerketaren arabera, batez bestekoa 12 kilometrokoa da). Eta azkenik, ibilgailu hauen prezioak oso erakargarriak izan daitezke lau gurpileko beste alternatiben aurrean.

Ibilgailu eskuragarrienak patineteak direla esan daiteke. Horregatik, gero eta gehiago ikusten dira kaleetan, bai erositakoak bai alokairuan hartutakoak. Merkeenek 300 euro inguru balio dute eta 25 kilometroko autonomia dute. 600 euro inguru ordaintzeko prest baldin bagaude, 65 kilometroko autonomiara iristeko moduan izango gara. Bi kasuetan, gehienezko abidura orduko 25 kilometrora mugatua dago, legeak hala behartzen baitu.

Ibilgailu horiekin hainbat arazo izan denez, arauak gogortu egin dira eta gaur egun kaskoa derrigorrezkoa da, espaloi eta oinezkoen bideetatik ezin dute ibili eta, karnetik edo asegururik behar ez badute ere, gomendagarria da mugikortasun pertsonalerako ibilgailuentzako aseguru berezi bat egitea.

Bizikleta elektrikoa ere gorantz

Patineteekin batera gorakada izugarria izan duen beste ibilgailua bizikleta da. Haiekin alderatuz gero, autonomia handiagoa dute, asfaltotik kanpo ere erabil daitezke eta segurtasun handiagoa eskaintzen diote gidariari. Hori bai, prezioaz hitz egitean, gehiago ordaintzeko prest egon beharko dugu, 1.000 eta 6.000 euro artean balio baitute oro har, nahiz eta hortik gora modelo asko egon, ia automobilen prezioetarainokoak.

“E-bike” izenez ezagutzen diren bizikleta hauen autonomia oso aldakorra da. Ekoizleek ez dituzte datu zehatzak ematen, pedalei emanez egindako indarra, ibilbidearen aldapa eta beste hainbat faktore kontuan hartu behar direlako. Hala eta guztiz ere, merkeenak gai dira 30-50 kilometro artean egiteko, eta garestienak, 100 kilometro baino gehiago.

Hirian ibiltzeko nabarmentzekoak dira bizikleta tolesgarriak, autobusean sartu edo lantokian gordetzeko oso erosoak baitira.

Moto elektrikoak

Azkenik, hainbesteko gorakada izan ez dutenak moto elektrikoak dira. Hiri barruan ibiltzeko egokienak badira ere, ez dute behar bezalako bultzadarik jaso. Merkatura iritsi zirenetik urte asko igaro badira ere, gaur egun salmenten zati oso txikia izaten jarraitzen dute eta ia merkatu osoa gasolina erretzen duten moto zaratatsu eta kutsatzaileek betetzen dute.

Prezioei dagokienez, ez dute bizikleta elektrikoek baino askoz gehiago balio, 2.200 eta 6.000 euro arteko prezioak aurki ditzakegu eta. Gainera, ibilgailu hauek erakundeen laguntza publikoak jaso ditzakete eta, ondorioz, oso prezio interesgarrian eros ditzakegu.

Autonomiari dagokionez, batez beste 75 eta 125 kilometro artean egiteko gai dira eta kasuren batean, bateria etxera eraman dezakegu bertan kargatzeko.