NAIZ

Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu dute Europako triatloi txapelketan

‘Gu ere bai’ plataformako kideek elkarretaratzea egin dute, Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren alde, eta horrez gain, Joseba Arruza triatletak Espainiako selekzioko kamisetarekin sartzeari uko egin dio eta, horren lekuan, ikurriña eskuan sartu da helmugan.

Joseba Arruza triatloilaria ikurriña eskuetan helmugaratzen.
Joseba Arruza triatloilaria ikurriña eskuetan helmugaratzen. (@BUSTURIAHITZA)

Bermeok Bilbao-Bizkaia Europako Triatloi Txapelketako bigarren jardunaldia izan du ostegun honetan. Europa osotik bertaraturiko hainbat kirolari zein jarraitzaile Bermeoko kale nahiz portu inguruan ibili dira, eta horiekin batera, baina, ‘Gu ere bai’ plataformako kideek elkarretaratzea egin dute, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko.

Beste hainbat ekintzen artean, alabaina, Joseba Arruza triatletaren keinua izan da esanguratsuena. Espainiako selekzioko kamisetarekin sartzeari uko egin baitio eta horren lekuan ikurrina eskuan sartu baita helmugan, euskal selekzio ofizialaren aldeko aldarrikapena eginez.

Goizean goizetik, Lameran, Harrizko Bankuan, ikurriñak nahiz pankarta eskuan dituztela eta Euskal Selekzioaren kamiseta soinean dutela hainbat zale bildu dira. Harrizko Bankutik pilotaleku ingurura egin dute, hain zuzen ere, paralinpikoen kategoriako parte hartzaileak igeriketa trantsiziotik lehorreratzen diren gunera. Ikusle, herritar zein kanpotar guztiek ikusi eta entzun ahal izan dituzte ‘Gu ere bai’ elkartearen aldarrikapenak.

Aipatu plataformako kideen aburuz, Euskal Selekzioaren aldeko aldarrikapenek «egun dutena baino askoz indar handiagoa» eduki beharko lukete. Horrez gain, «proba hauek antolatzeko orduan, herritarrei ez zaie inongo kontsultarik egin, hau da, aldabakarreko erabakien bitartez antolatu dituzte», kexatu dira.

«Euskal Herriaren marka saltzeaz gain, tokiko bizitza aintzat hartu beharra» dagoela argitu dute aldarrikatzaileek. «Gu geu gara ikurriñak edo hemengo nortasunaren erakusgarriren bat daramatzaten bakarrak. Eusko Jaurlaritzaren, Aldundiaren edo enpresa handien markak baino ez dira ikusten, baina gero Euskal Herriaren izena lau haizetara darabilte antolatzaileek; hori hipokrita iruditzen zaigu», azaldu dute.

Europako Triatloi Txapelketa Muruetako Guggenheimaren eta uren kudeaketaren auziaren pare jarri dute. «Eskualderako onura handia ekarriko duela diote, baina ez dituzte tokiko beharrizanak kontuan hartzen».