NAIZ
Donostia

Polloeko mausoleo frankista eraisteko eskaria berretsi du EH Bilduk

Donostiako hainbat historialarik egindako ikerketari jarraipena ematea eskatu dio EH Bilduk gipuzkoar hiriburuko Udal Gobernuari, bertan dauden gorpuzkinak identifikatu ahal izateko. Lakuari mausolea eraisteko iradoki dio koalizioak.

Polloeko mausoleo frankista.
Polloeko mausoleo frankista. (Gorka Rubio | FOKU)

Maiatzean jakinarazi zuen Aranzadi zientzia elkarteak Polloen dagoen mausoleo frankistan gutxienez 17 miliziano antifaxisten gorpuak zeudela hobiraturik. Donostiako EH Bilduko udal taldeak 2021eko azaroan Giza Eskubideen Udal Batzordean aurkeztutako ekimen instituzional batetik abiatu zen azterlana da, hainbat historialari donostiarren ikerketetan oinarrituta, koalizioak ohar baten bidez gogora ekarri duen moduan.

Duela 10 egun, Udal Gobernuak eta Gogora Institutuak ikerketa amaitutzat eman zuten eta monumentu frankistaren eraispena baztertu egin zuten. Tropa frankistak Donostian sartu zireneko 86. urteurreneko ekitaldian adierazi zutenez, mausoleoari «zentzu berria» emango diote, lurperatutako borrokalari errepublikarren oroimenezko leku bat osatuz.

«Lege-eskakizunak alde batera utzita, eta beste eskultura bat han kokatzea baztertu gabe, EH Bilduren ustez beharrezkoa da ikur frankista hori eraistea», adierazi du koalizioak.

2021ean EH Bilduk aurkeztutako jatorrizko iradokizunean zera eskatzen zuen: «Donostiako Udalak hiriko hainbat historialarik burututako ikerketei jarraipena eman diezaiela aipatu eremuan fusilatuen gorpuzkiak ote dauden argitzearren, eta aldi berean, abiatu ditzala monumentu frankista eraisteko beharrezko izapideak». Gaur, nahi horiek berretxi dituzte.

«Eusko Jaurlaritzari (Gogora Institutuari) ez diogu ezer eskatzen berak Madrilgo Gobernuari El valle de los Caídos-en inguruan eskatu ez dionik. Hau da, mausoleoa eraitsi behar da eta baliabide guztiak erabili behar dira hobian dauden pertsonen nortasuna ezagutzeko», insistitu du EH Bilduk.