Iraitz Mateo

«Zaborra ez da existitzen» kontsumoaren eta hondakinen gizartearen inguruko erakusketa

Pablo Rey eta Ruben Lorenzo Basuramako kideek kontsumitzen dugunari buruzko hausnarketa bultzatzeko erakusketa antolatu dute Gladys Enea parkean.

Basorama kolektiboaren "Zaborra ez da existitzen" erakusketaren aurkezpena.
Basorama kolektiboaren "Zaborra ez da existitzen" erakusketaren aurkezpena. (Jon Urbe | FOKU)

«Zaborra obejktuei guk jartzen diogun etiketa bat baino ez da, izatez trantsizio egoeran dauden objektuak liratezke»; hauek dira Pablo Reyk erakusketari izena ematen dion leloa azaltzeko erabilitako hitzak.

Hiru espazio fisikotan banatu dute erakusketa, kontsumitzen dugunak zabortegietara edota berrarbilpenera iritsi arte egiten duen bidaia azaldu dute ikus-entzunezko, argazki eta eraikuntza ezberdinen bidez.

Kontsumo eta hondakin gizartea dela geurea azaltzen dute Basuramako kideek. «Kontsumitu orain lasai, gero birziklatu egingo baita» baieztapena sinestarazi digutela salatu dute, eta horrek etengabeko kontsumoa bultzatzea soilik dakarrela diote. Reyren ustez, birziklapenarena ideia beharrean, berrerabilpenaren ideian sakondu eta indartu beharko litzateke: «Berrerabilpenak, espazio publiko berpentsatzea dakar, daukagunarekin zer egin hausnartu eta modu kolektibo batean erabakitzea».

Hiru gune, hamaika proiektu

Ikerketari dagokiona da erakusketaren lehendabiziko zatia. Gelara sartu eta bi errealitate ikusten dira parez pare telebista zaharretako pantailetan. Lehenengo ikus-entzunezkoan kontsumitzen duguna eta baztertzen duguna ikusiko ditugu supermerkatu batean. «Ekonomia linealaren errepresentazioa» dela adierazi du Reyk, erosi eta zabortegira doazen objektuen bidaia. Bigarren ikus-entzunezko sortan, berriz, «ekonomia zirkularra» errepresentatu dute egileek; alde batean kontsumitzaileak irudikatu dituzte supermerkatuetatik ateratzen, eta bestean, erreziklatzaileak. Reyren iritziz «inork egin nahi ez duen eta ezinbestekoa den lana egiten dute». Eta txatargileen edo zabortegietako langileen inguruan gizartean dagoen irudi «txarra» aldatu beharko genukeela aldarrikatu du.

Kontsumoari lotutako hausnarketarekin batera, zabortegien inguruko ikerketa bat ere jasotzen du lehenengo guneak. «Zabortegiak: planifikatutako degradazio-prozesu lineal horiek egungo kontsumo eta hondakin gizartea definitzen dute» esaldi hori dago berrerabilitako kartoi zatian idatzita, eta abiapuntu horretatik oraindik amaitu gabea dagoen ikerketa labur bat egiten dabiltza egileak. Momentuz, Petritegiko, San Markoseko eta Zaldibarreko zabotegien kasuak daude jasota. Eta bestetik, Euskal Herriko zenbait instalazio kutsakorren irudi eta datuak bildu dituzte, 25 hain zuzen ere. Hala ere, egile bilbotarrak azaldu du, oso zaila izaten ari dela datu zehatzak lortzea, bereziki erraustegietara doan hondakinena.

«Auto-eskolak» izan jarri diote bigarren guneari, eta bertan jasotzen dira ikastetxeetako jolas-tokietan egin dituzten proiektuak. Prozesu kolektiboak bultzatzen dituztela adierazi du Reyk: «Ikastetxeetako ikasleekin batera naturarekin duten harremanaren inguruan hausnartzea gustatzen zaigu, inguruan daukagunarekin zer sortu dezakegun pentsatzea, sortzea eta egitea». Mundu osoan zehar egindako jolas-toki ezberdinetako irudiak daude ikusgai, baita neumatikoekin egindako egitura fisiko bat ere.

Hirugarren gunearen erdian Puztuetako udal-bizitegitik ateratako egurrekin osatutako egitura bat dago. Inguruko materialarekin espazio publikoa eraldatzeko egindako adibide bat. Hori baita Basoramaneren filosofia: «Gertu daukagunarekin egiten dugu lan, espazio publikoa eraldatu dezakegu daukagunarekin». Munduan zehar parke eta proiektu ezberdinak sortu dituzte, horien adibide dira Filomena ekaitzak botatako zuhaitz eroriekin Madrilen egindako parke ezberdinak.

Basurama kolektiboa

Basurama kolektiboa 2001ean sortutako kultura- eta ingurumen-ikerketa, -sorkuntza eta -ekoizpenean diharduen kolektiboa da. Kolektiboak egindako azken erakusketa hondakinen inguruan bada ere, oro har kontsumoaren eta gizartearen arteko harremana izaten dute aztergai. «Etxebizitzaren burbuila» eta negozioa da lantzen duten beste gaietako bat. Berrerabili eta materiala nola berrerabili irakastea da beraien helburua, eta horregatik sortu dituzte horretara zenbait gida, guztiak beraien webgunean daude eskuragarri.

Munduan zehar hamarnaka proiektu egin ondoren, Donostian izango dute parada gaurtik abenduaren 11 bitarte. Larunbat honetan, irailaren 24ean, egileek bisita gidatua egingo dute 12:30ean herritarrar guztientzat.