NAIZ

Azken hamarkadako langabezia tasarik apalena izan zuen iaz Ipar Euskal Herriak

Frantziako Bankuari agindutako txosten ekonomikoak utzitako emaitzak plazaratu ditu Euskal Elkargoak. Jarduera ekonomikoaren dinamismoa nabarmentzen duen azterketak datu esanguratsua jasotzen du: 2021. urtean azken hamarkadaren langabezia tasarik apalena du Ipar Euskal Herriak: %6,2koa.

Hainbat herritar Biarritzen antolaturiko enplegu foro batetik ateratzen dira.
Hainbat herritar Biarritzen antolaturiko enplegu foro batetik ateratzen dira. (Bob EDME)

Sylvie Durrutyk Euskal Elkargoko Ekonomia alorreko presidenteordeari egokitu zitzaion Ipar Euskal Herriko erakundeak Frantziako Bankuari agindutako txosten ekonomikoak utzitako emaitzak aurkeztea, irailaren 22an Technociten eginiko aurkezpenaren bidez. Izan ere, bere ondoan izan zuen finantza erakundeak Baionan duen egoitzako buru den Catherine Errecart.

2021ean Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin jarduera ekonomikoa dinamikoa izan zela azaldu zuen Durrutyk, Akitania Berriako makroeskualdea aintzat hartuta bertan diren enpresetako %7,6 Ipar Euskal Herrian kokatzen direla zehaztu zuela.

Frantziar Estatistika Institutuak (Insee) emandako datuak baliatuz azkeneko hamarkadan jasotako langabezia tasarik baxuena izan zela (%6,2) azaldu zuen. Lana bilatzen zuten herritarren kopurua %10,9ean apaldu zela aurreko urtearekin alderatuta jasotzen du txostenak.

Hiru lurraldetako enoresetako balio erantsia 8,3 puntutan emendatu zen iaz, komertzio eta eraikuntzaren alorretan pandemiaren ostean gertaturiko berpizteari esker.

Industriak jarraitzen du izaten Ipar Euskal Herriko jarduera ekonomikoaren moterea. Hala, sektoreak lurraldeko enpresek sorturiko balore erantsiaren %16,9 bermatu zuen.

Aurreneko urtearekin alderatuta bi puntutan hobetu zen industriaren eta komerzioaren esportazio tasa. Orotara %27,1etik %32,5era igaro zen.

Oro har ekonomia sareak erakutsitako erresilientzia maila goraipatu dute txosten egileek.

Egungo testuinguruak sortzen dituen zalantza handiak gutxiestu gabe -energiaren prezioak eta inflazioa dira kezka iturri nagusiak- Akitania Berriako Eskualdearekin alderatuta askoz enpresa gutxiago itxi zirela 2021ean nabarmendu dute, jarduera ekonomikoaren sendotasuna nabarmentzeko.

Eskualde mailan enpresen porrota %50ean emendatu zen iaz. Hiru lurraldetan, ordea, 2020 xifrek gora egin bazuten ere ateak itxi behar izan zituzten enpresen batazbestekoa txikiagoa izan zen.

2020an 105 enpresek porrot egin zuten Ipar Euskal Herrian, 2021ean 51 eta iragan uztailean eguneraturiko datuen arabera 77 enpresa hondoratu ziren.