Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Getxo eta Arrasate, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren lehen geltokiak

Asteburuan abiatuko da 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Getxon bihar eta igandean Arrasaten, lehen bertsoak, lehen puntuak, lehen usteak eta ezusteak piztuko dira. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara.

Getxoko saioan airtuko direnak. Bertsozale Elkartea
Getxoko saioan airtuko direnak. Bertsozale Elkartea (Bertsozale Elkartea)

Bost urteko itxaronaldiaren ondoren, bihar piztuko da 2022ko Bertsolari Txapelketaren metxa. Getxoko Muxikebarri zentroan entzungo dira larunbatean txapelketa honetako lehen aleak. Agin Laburu astigarragatarra, Alaia Martin oiartzuarra, Nerea Elustondo legazpiarra, Oihana Bartra bilbotarra, Peru Abarrategi aramaioarra eta Unai Mendizabal zizurkildarra arituko dira Getxoko lehen saio horretan, arratsaldeko 17.00etatik aurrera. Abarrategi eta Mendizabalentzat estreinako txapelketa nagusia da. Gainontzekoek esperientzia handiagoa dute; Elustondo eta Bartrarentzat laugarrena da eta Laburu eta Martinentzat, hirugarrena. Azken orduko aldaketa bat izan da. Berez aurreikusia zegoen Getxoko saioan Eneko Lazkoz aritzea eta Alaia Martin, urriaren lehenengoan, Gotaine-irabarnen. Baina aldaketa izan da; Martin Getxon arituko da bihar eta Lazkoz, Gotaine-irabarnen datorren asteburuan.

Bigarren hitzordua Arrasateko Amaia Udal Antzokian izango da igandean. Bertan arituko dira Gorka Pagonabarraga (Durango, 2000) –txapelketako gazteena–, Iñaki Apalategi (Beasain, 1982), Joanes Illarregi (Leitza, 1999), Miren Amuriza (Berriz, 1990), Saioa Alkaiza (Iruñea, 1991) eta Xabier Silveira (Lesaka, 1976). Sei bertsolarietatik hirurentzat lehen txapelketa nagusia da; Pagonabarraga, Illarregi eta Alkaizarentzat hain justu. Saioa Alkaiza da egungo Nafarroako txapelduna. Apalategirentzat hirugarren txapelketa da, Amurizarentzat laugarrena eta Silveirarentzat bosgarrena.

Arrasateko saioan arituko direnak. Bertsozale Elkartea

36 bertsolari abiatuko dira

Lehen fase honetan hamabost bertso puntuagarri josi beharko ditu bertsolariak. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da hurrengo fasera. Gainontzekoek puntuazioaren arabera lortuko dute txartela. 36 bertsolari abiatuko dira lehen fasean eta horietatik 19k lortuko dute aurrera jarraitzea; saio bakoitzeko sei irabazleek eta puntuazio onena lortzen duten gainontzekoek. Finalaurrekoetan zain dituzte 2017an finalista izan ziren eta aurten txapelketan izena eman duten bost bertsolari: Unai Agirre, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi. Behin horiek trenera igota abiatuko dira finalaurrekoak, urriaren 22an, Elizondon. Finalaurrekoak bi itzulitara jokatuko dira. Maialen Lujanbio, egungo txapelduna, zuzenean finalera sailkatuta dago.