NAIZ

LABek xedapen gehigarriak proposatuko ditu Hezkuntza Legeak langileen eskubideak berma ditzan

EAEko Hezkuntza Legearen aurreproiektuak hainbat esparrutan zer hobetu baduela uste du LABek, eta bide horretan xedapenak eta proposamenak aurkeztuko dituela iragarri du gaur. Horrekin batera, eta «eragiten» jarraitu behar dela iritzita, mobilizazioa iragarri du urriaren 6ean, Gasteizen.

Irati Tobar (ezkerrean) eta Garbiñe Aranburu, LABek Donostian eman duen prentsaurrekoan.
Irati Tobar (ezkerrean) eta Garbiñe Aranburu, LABek Donostian eman duen prentsaurrekoan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko koordinatzaile orokorrak eta Irakaskuntzako arduradun Irati Tobarrek agerraldia egin dute Donostian, EAEko hezkuntza legearen aurreproiektuaren balorazioa egiteko. Adierazi dutenez, aipatu legeak Euskal Eskola Publiko Komunitariorako, sare publiko eta berri baterako, trantsizio bidea izan behar du, eta horretarako aurreko astean aurkeztutako zirriborroak baduela zer hobetu gaineratu dute. Ildo honetan, langileen aldarrikapenak kontuan izan eta Hezkuntza Legean eragiten jarraitzeko, mobilizazioaren beharra dagoela aipatu dute, eta, hain zuzen, manifestazioa iragarri dute urriaren 6an, Gasteizen, Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren defentsan.

LABeko ordezkariek aipatu dutenez, Hezkuntza Sistema Propio bat garatzeko bidean aurreproiektuak dituen gabeziak zuzendu behar dira. «Ez du ezer esaten Euskal Herriak bere hezkuntza sistema burujabea eratzeko duen eskubideaz», deitoratu dute, eta gaineratu dute indarrean dagoen Autonomia Estatutuak ez duela hezkuntza gaietan eskuduntza osorik barnebiltzen; beraz, «hezkuntza eskumen osoaren transferentzia eta hezkuntza gaietan erabaki ahalmen osoa beharrezkoa dela jaso behar dela» azpimarratu dute.

Horrekin batera, sistema berriak Euskal currriculuma garatu eta hezkuntza sistema osoan ezarri behar duela baloratu dute, eta Lege-proiektuak «epe motzean» hori jaso beharko lukeela. «Jaurlaritzak bere eskumen guztiak baliatuta, adituekin eta eragileekin elkarlanean, euskal curriculuma osatzea eskatzen dugu», adierazi dute Aranburuk eta Tobarrek.

Langileen eskubideak

LABen iritzirako, legeak «langileria propioa izan eta arautzeko eskubidea jaso behar du». Esparru honetan, eta langileen eskubideei dagokienez, xedapen gehigarriak proposatuko dituztela iragarri dute gaurko prentsaurrean, atal honetan legeak «gabezia handiak» dituela uste baitute.

Esan dutenez, titularitate publikoko ikastetxeetako langileei dagokienez, Hezkuntza Sailak enpleguari eutsi eta egun dagoen langileen lanpostu zerrenda ezingo du gutxitu lege hau indarrean dagoen bitartean, eta itundutako ikastetxeen langileak langile publikoekin homologatzea planteatuko dutela esan dute, «baita zerbitzuetako langileen lan-baldintzak langile publikoen baldintzekin homologatzekoa ere».

«Sarbide gardenerako araubidea arautu behar da urtebeteko epean», gaineratu dute sindikatu abertzaleko kideek, eta nabarmendu dute «prozedura arautu honek, gardena izan dadin, derrigorrez» jasoko dituela «meritu, gaitasun eta berdintasun printzipioak bermatu eta eskaintzen publizitatearen inguruko betebeharrak».

Pribatizaturiko zerbitzuen errebertsioaz eta publifikazio prozesuaz, esan dute legea indarrean jarri eta urtebeteko epean «errebertsio prozesuez aritzeko plangintza» garatuko duela. «Lehentasunez –azpimarratu dute–, azpikontrataturik dauden garbitzaile, jantokiko hezitzaile eta autobusetako langileen lehengoratzea».

Eskola publikoa, «sisteman ardatz»

LABek, Eskola Publikoaren Plan Estrategikoa berehala aurkezteko eskatzen du, eta gogoratu dute bertan, azpiegituretara edo edo lan baldintzen alorrean dauden beharretara bideratzen den inbertsioa kuantifikatuko dela.

«Publifikazio araudia zehaztu behar da, horrela nahi duten ikastetxeek, betiere alde sozialarekin negoziatuta, aukera izan dezaten», nabarmendu dute Aranburuk eta Tobarrek, eta gaineratu dute Haurreskolak Patzuergo Publikoa indartu eta hedatu egingo dela, bertatik bermatuko delarik «eskaintza unibertsal, kalitatezko eta doakoa».

Betebeharrak gehiago zehaztu

Horrekin guztiarekin batera, gaurko prentsaurrekoan, Euskal Hezkuntza Zerbitzua osatzen duten ikastetxeen betebeharrak gehiago zehaztea eskatu dute LABeko ordezkariek. Izan ere, euskalduntzearen esparruan «zehaztasun falta» atzeman dute aurreproiektuan. «Euskararen murgiltze eta mantentze sisteman oinarrituriko ikas eredu bakarra ezarri behar da, egungo hizkuntza ereduak gaindituz», azpimarratu dute, alde horretatik.

Laikotasunaren gaia, «oso modu lausoan» agertzen dela baloratu dute, eta deitoratu dute ez duela bermatzen «diru publikoa jasotzen duten ikastetxeetan doktrinamendu erlijiosorik ez dutenik egingo».

Bestetik, eta inklusioari dagokionean, LABek uste du «segregazioari aurre egiteko asmo eta neurri batzuk jaso arren», hemen ere zehaztasuna falta dela. «Ikasleak onartzeko prozedura bakar bat arautu behar da eta horretan Udal Hezkuntza Kontseiluaren eskumenak zehazteko zuzenketa» planteatzen dutela azaldu dute zentzu horretan.

«Zehazten diren betebeharrak, betearazteko kontrol mekanismoak, ez dira batera argiak», ondorioztatu dute Aranburuk eta Tobarrek, eta «diru publikoaren erabilera egokia ziurtatzeko», auditoria ekonomiko lanak egingo dituen administrazio unitate berri bat sortzea proposau dute. Esan dute, baita ere, legean jaso behar dela «betebeharrak betetzen ez dituzten ikastetxeei ituna kendu egingo zaiela».

Bukatu aurretik, eta neurri hauen guztien gauzapena posible izan dadin, «hezkuntzarako inbertsio nahikoa bideratu beharko dela azpimarratu dute, eta horretarako aipatu dute Lege bidez, hezkuntza arloan urtero dagoen aurrekontu-proiektua ezin dela BPGren %6a baino gutxiagokoa izan.

Horiek hala, «Euskal Eskola Publiko eta Komunitarioa helburu, Hezkuntza Legea bide horretan trantsiziorako legea izan dadin», eragiten jarraitu beharra dagoela aipatu dute Aranburuk eta Tobarrek, eta, ildo horretan, urriaren 6an, Gasteizen –Bilbon plaza, 12.00tan– izango den mobilizaziora joateko deia egin dute. Eta adierazi dute LABek jarraituko duela bestelako eragile sindikal eta sozialekin ere norabide honetan adostasunak bilatzen.