NAIZ

Bankuen eta erakunde publikoen aurrean mobilizatuko dira pentsiodunak astelehenean

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak elkarretaratzeak eta manifestazioak deitu ditu hurrengo astelehenean bankuen eta erakunde publikoen aurrean.

Pentsiodunen elkarretaratze baten artxiboko irudia.
Pentsiodunen elkarretaratze baten artxiboko irudia. (Oskar MATXIN | FOKU)

Astelehenean, hilaren 26an, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lau hiriburuetan eta 70 herrietan, elkarretaratzeak eta manifestazioak egingo dituzte pentsiodunak eguerdiko 12.00etan, banketxeen eta erakunde publiko batzuen aurrean. Salaketak eta eskariak modu zaratatsuan zabaltzeaz gain, bankuko zuzendariei eta erakundeetako ordezkariei txosten zabal bat emango dizkiete.

Txosten horretan, 856.000 herritar (Hego Euskal Herriko biztanleen %30) ordezkatzen dituzten 121 udalek Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren izenean aurkezturiko mozioei emandako babes instituzionala agertzen da.

Era berean, sukurtsalen eta kutxazain automatikoen itxieren balantze zehatza ematen da txostenean. «Suntsitutako hamarnaka mila lanpostuen (kaleratzeen, aurre-erretiroen eta abarren bidez) balantze zehatza, eta horrek, ezinbestean, herritar guztientzako banku- arretako zerbitzuen hondatzea ekarri du, pentsiodunengan eta adinekoengan are kalte handiagoa izan duelarik. Hori guztia, bankuko zuzendarien eta akziodunen soldata edo diru-sarrera ekonomikoetara bideratutako banku-irabazi eskandalagarriak are gehiago, handitzeko interes eta helburu bakarra izanda», adierazi du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak.

Txosten horri erantsita, bankuko zuzendariei eta erakundeetako ordezkariei zuzendutako dokumentu erraz bat ere emango zaie, aurrez aurreko kontaktuak edo elkarrizketak eskatuz, «bankuen aldetik jasaten ari garen sakoneko eta izaera sozialeko arazo larriei aurre egiteko eta arazo horiek konpontzen saiatzeko».

Manifestazio guztiak eguerdiko 12.00etan hasiko dira. Gasteizen, Plaza Berritik irtengo da, hainbat banketxeren aurrean geldituko da eta txostena Udaletxean eta Batzar Nagusietan entregatuko dute.

Bilbon, Udaletik abiatuko da, EUDELen aurrean geldituko da lehenengo, eta gero Kale Nagusia zeharkatuko du, bankuak «bisitatuz» eta Plaza Biribilean amaituz.

Donostian, Alderdi Ederretik irtengo da, Kutxabanken aurrean geldituko da eta ondoren Foru Aldundira joango da.

Iruñean, Udaletik abiatuko da eta manifestazioa egingo dute NUKFraino (Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa).