NAIZ

Pauline Adok zilarrezko domina irabazi du Huntington Beacheko Munduko surf txapelketan

Angeluko surflaria azken unera arte borrokatu da ISAk antolatutako World Gamesetan podiumera igotzeko, Biarritzen 2017ko edizioan egin zuen bezala. Ordukoan urrea eraman zuen, eta honetan oso gertu egon da, finalaren zati handi bat lehen postuan joanez.

Pauline Ado, Huntington Beacheko Munduko surf txapelketako finalean lanean.
Pauline Ado, Huntington Beacheko Munduko surf txapelketako finalean lanean. (BASQUE TEAM)

Pauline Adok beste domina bat ekarriko du etxera. Oraingoan zilarrezkoa, Huntington Beacheko Munduko surf txapelketan lorturikoa hain zuzen ere. eta hori egunak hasiera zaila izan duela Angeluko surflariarentzat, ezin izan baitu lehiaketa nagusiko seigarren txanda gainditu.

Emakumeen lehiaketa nagusiari ekiteko orduan, antolakuntzak izandako arazo tekniko batzuen ondorioz, txanda ordubete atzeratu behar izan da, gutxi gorabehera. Uretara sartzean, olatuak desagertu dira, eta Adok, bere hitzetan, bere bizitzako txandarik txarrenetako bat egin du, olatu bakar bat ere zamalkatu gabe geratuz, Kirra Pinkerton estatubatuarraren eta Daniela Rosas perutarraren atzetik. Teresa Bonvalot portugaldarrak ez du parte hartu lesio batengatik.

ISAko Munduko Txapelketetako errepeska formatuari esker, Pauline Adok gogotik saiatu behar izan du, baina beste aukera bat izan du finalera sartzeko. Txanda oso konplikatua izan du, Sally Fitzgibbons eta Sophie McCulloch australiarrekin neurtu baititu indarrak. Biek olatu asko hartu dituzte euren txandan eta aurretik jarri dira, batez ere Fitzgibbons, baina Pauline Adok 30 minutuko txandako denbora beteta zegoenean 6.57 batekin puntuatutako olatua lortzeko itxaroten jakin du, bigarren postuan bukatu eta final handian sartzeko.

Emozioz beteriko txanda horren ondoren, Fitzgibbonsek eta Adok zain zituzten Daniela Rosas perutarra eta Pinkerton estatubatuarra, zuzenean finalera igaro baitira txapelketa nagusiko seigarren txanda irabazita. Urrea eskuratzeko azken oztopoan, Ado gora etorri da.

Oso azkar hartu ditu bi olatu on (6.00 eta 7.00) eta finalaren zati handi batean liderra izan da. Bere aurkariak kontrolatzen saiatu da, baina Pinkertonek hartu duen 6.30eko olatuak urrea eman dio azken unean, 13.63ko puntuazioarekin. Pauline Ado zilarrarekin geratu da (13.00) eta Fitzgibbons australiarrak brontzea lortu du (11.60). Angelukoak esan duen moduan, emaitza honek indarra ematen dio aurrera egiteko eta Parisen, Tokion bezala, olinpikoa izateko helburuarekin jarraitzeko.