Jon Garmendia

Neskenegunean neskak nagusi

Nerea Ibarzabalek eskuratu du lehen postua Gotainen. Oihana Iguaranek ere erakustaldia eman du eta antzera Ane Labakak, saio bete eta distiratsua osatuz.

Gotaine-Irabarneko herriko gela goraino bete da.
Gotaine-Irabarneko herriko gela goraino bete da. (Bob EDME)

«Herri bat berriz konektatzeko puntutik puntura» kantatu du Nerea Ibarzabalek azken bertsoan larunbat honetan. «Mendian gora haritza» doinuarekin, eta aitzin kantatu zituen esaldiak errepikatu nahi bazituen ere ahantzi zitzaizkiola freskuraz agertu zuen, irribarretsu, hala du bere bertsokera, momentukoa, erraz ailegatzen dena.

Halere, puntu erdi baino ez da izan bi lehenen artean, biek pareko saioa egin dute bertso mailan, ale eder eta distiratsuekin josia; Oihana Iguaranek hasieratik erakutsi du bertsotan ongi eta indartsu egitera jin dela, Ane Labaka ere zuzen eta zehatz aritu da, arrazoiak borobilduz, eta horrek eman dio hirugarren tokia.

Xiberoan larunbatari neskegüna deitzen zaio, eta Arbaila eskualdeko Gotainen magia hori agertu dute hiru neskek, hiru gizonezkoen aitzinetik sailkatuta, merezimenduz.

Julio Soto izan da laugarren lanak txukun eginda, agian haustea falta izan zaio baina dotore agertu du errimak josteko duen trebezia, punttuen erantzuneko hiruak horren adibide.

Eneko Lazkozek ez du agertu ohiko gorputzaldia, prezisio handiz egiten duen lana da txapelketakoa, baina beherik jo ez badu ere gorago jotzeko gai dela antzeman zaio. Patxi Iriartek bere umore eta argitasuna ezarri dio bestalde, eta eskertzen den ahalegina da hori. Saio ona eta beroa izan da gaurkoa, giroaren modukoa.

Zortziko handian Oihana eta Nerea ikusgarri, senideak ziren, amak hezi eta haziak, beren aita orain arte ez zen present izan heien bizitzan, adinean gora eginda hurbildu zitzaien, Oihanak ez du fitsik jakin nahi baina Nereak bai. Oihana hasi da: «Bera hutsune ta beltzune da bion haurtzaro alaian/ bi alabatxo jolasti zeuzkan eta etzun egon nahi han/ deika aritu naiz amets gaiztotan azalpen bat jaso nahian/ orain ez diot deirik egingo behar ez dudan garaian». Nereak elkarrizketari eutsi dio gogotsu: «Baina pertsona bakoitzak dauzka arrazoiak, iragana/ oin umil umil gerturatu da aita gurea gugana/ zaharra dago ta helduko da laster hiltzearen zama/ hor betirako damutuko zait hitzik ez egin izana».

«Zahartu eta gugana dator barkamen zein zaintza xede/ bere hutsuneak zauri modura ja ez du aski botere/ hil balitz ere zer axola du hori ez al da bizi lege?/ hogei urtean ez dugu jakin bizirik zegoen ere».
«Ez genekien non zebilen ta gugan mamu bat genuen/ ta bapatean haragizko da parean hor bost zentzumen/ nik gure aurrean eduki nahi dut eta ahalik gertuen/ berandu baina ulertu dezan berak zenbat galdu duen». «Zuk esan duzu gu galdu gaitu ta barkamena da luxu/ nik nahiago dut amari eman lehen hark eman beste muxu/ baina premia sumatzen dizut ta lasaitzen baizaitu zu/ zu laguntzera joan ninteke ta ondoan izango nauzu.» «Ba beharbada eskertuko dut zure presentzi hurbila/ agure hori datorrenean burumakur ta umila/ hainbeste urte pasa ta gero nahi lukeen barkamen bila/ besarkada bat emango diot eta lasai hil dadila».

Punttuen erantzunetan Julio Soto. Lagunekin batera partida berean… «jolasten hasten gara roboten legean/ moda horixe dago gaur gure mendean/ elkarrekin bai baina bakoitza berean». Tamainan aritzea ez da gauza txarra… «baina pantailak luza ohi du atzaparra/ ahaztu arte zein den bihar duzun biharra/ uste dut badugula hausnartu beharra». Mundu birtualean bizi dira asko… «mundu birtual hori al den egiazko/ aspaldian jartzen dut nahiko zalantzazko/ mundu diferente bat nahi nuke biharko».

Ganbarakoan Nerea Ibarzabal nabarmendu da, nerabe baten paperetik biziki lan sinesgarria osatuta. Medikutik atera berri, sakelakoa hartu duzu eskuetan, zion gaiak. Horra bere bertsoak: «Hamasei urte baino ez dauzkat ene ze nerabezaro/ ta gau batean zu ezagutu ta maitemindu zeharo/ esku ta beso, hanka ta bular elkartutako bi aho/ gau batzuk baino etziren izan etzenuen nahi gehiago/ gero hilekorik etzen etorri ta orduantxe akabo/ gela hotz baten eduki naute zeozeren zain luzaro/ nahastu biok nahastu ginen baina orain bakarrik nago». «Itxarongelan izan gaituzte aulkietan zenbait jende/ bakoitza bere tripari beha hamaika beldurren mende/ firmatu ditut horko paperak horko baldintza ta lege/ barruan dudan bizi apur hau ezabatzea zen xede/ orain mobila hartu dut eta markatzeko enaiz trebe/ ze gauza eskatu diezazuket ze hitz eta ze mesede?/ zu ez bazara kapaza izan hona laguntzeko ere». «Parean daukat zenbakia ta ni zalantzaren menpeko/ deitu dezaket gaur abortatu ein dudala esateko/ baina agian ez gara izango sekula parez pareko/ beraz mobila berriro gorde ta urruntzea hobeto/ nerabea naiz baina urte asko dauzkat oraindik tarteko/ eta neurriak hartuko ditut berriz sexuan urtzeko/ ta batez ere zure moduko inor ez ezagutzeko».

 

Sailkapena

Nerea Ibarzabal 738
Oihana Iguaran 737,5
Ane Labaka 694,5
Julio Soto 691
Eneko Lazkoz 649,5
Patxi Iriart 604,5