NAIZ
Baiona

EEPren sostenguz, Baionako Biltxoko elkartean aurkeztu dute Euskaraldia

Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria den Antton Kurutxarrik parte hartu du Ipar Euskal Herriko euskalgintzak Baionako Biltxoko elkartean Euskaraldiaren edizio berria aurkezteko egin duen ekitaldian.

EEPren burua, Antton Kurutxarri, ezkerretik hasita lehena, Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldian izan da, Baionan.
EEPren burua, Antton Kurutxarri, ezkerretik hasita lehena, Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldian izan da, Baionan. (Guillaume FAUVEAU)

Ipar Euskal Herrian euskararen alde lan egiten duten elkarte ezberdinetako ordezkariak batu dira astelehen honetan Lapurdiko hiruburuan antolaturiko aurkezpen ekitaldira.

Euskal Elkargoko hizkuntza politikaren arduraduna eta Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) lehendakaria den Antton Kurutxarrik parte hartu du Biltxoko elkarten antolaturiko Euskaraldiaren edizio berria aurkezteko ekitaldian.

2022ko azaroaren 18an hasita eta abenduaren 2 arte luzatuko da Euskaraldiaren hirugarren edizioa.

2018an abiatu zen hizkuntza ohiturak aldatzeko xedez sustaturiko gizarte ekimena.

«Ilusioz, arduraz, gogoz eta emozioz ekingo diogu ariketari», nabarmendu zuten antolatzaileek Euskaraldiaren edizio berria aurkeztu zutenean, Donostian.

Izena emateko epea, irekita

Ohi bezala, belarriprestak eta ahobiziak izanen dira ariketaren protagonista nagusiak. Izan ere, Euskaraldiaren asmoa gizartearen edoizein arlotan euskaraz hitz egitea inoiz baino errazago bilakatu dadila baita.

Auzoz auzo, herriz herri eta arigunez arigune, «hitzez ekiteko garaia heldu dela» berretsi dute Euskaraldiaren bultzatzaileek Baionan egin duten aurkezpenean.

Joan zen irailaren 28an zabaldu zen izena emateko epea Euskaraldian parte hartu ahal izateko eta hasi arte egongo da zabalik.