NAIZ

Langile publikoei dagozkien erabakiak Euskal Herrian har daitezen grebak bultzatuko ditu ELAk

ELAk aurreratu du datozen egunetan greba deialdiak iragarriko dituela sektore publikoan, Euskal Herriko alderdiei eskakizun bikoitza egiteko: bertan negoziatzeko bermeak lor ditzatela eta sektore publikoan KPIa bermatzea.

Igor Eizagirre, Miren Zubizarreta eta Esther Saavedra, ELAk astelehen honetan emandako prentsaurrekoan.
Igor Eizagirre, Miren Zubizarreta eta Esther Saavedra, ELAk astelehen honetan emandako prentsaurrekoan. (ELA)

Euskal Herriko alderdi politikoek lan-baldintzei buruzko erabakiak «Madrilen esku» utzi dituztela iritzita, eta sektore publikoan KPIa bermatu dadin, greba deialdiak zabalduko ditu ELAk udazkenean. Hala iragarri dute prentsaurrekoan Igor Eizagirre Gizalan federazioaren idazkari nagusiak, Miren Zubizarreta Hezkuntzaren arduradunak eta Esther Saavedra Osakidetzako arduradunak.

«Bertako alderdiek lan-baldintzei buruzko erabakiak Madrilen esku utzi dituzte. Zoritxarrez, Euskal Herriko alderdiek (EAJ eta EH Bildu barne) eta instituzioek hori ahalbidetu dute. Hori guztia Eusko Jaurlaritzak 2021ean 541 milioi euroko superabita izan duenean», ohartarazi du sindikatuak.

Euskal herritarren lan-baldintzak berton erabakitzea posible dela dio, baina alderdien borondate falta igarri du ELAk. Hori iraultzea eskatzen du eta 2023ko Estatuko aurrekontuen negoziaketak «bertan» egin daitezela aldarrikatu, baldintza bezala ezarrita 2022an galdutako erosahalmena berreskuratzea, %4,5a, eta urte bereko KPIa bermatzea. Azken hamarkadan galdutako erosahalmena berreskuratzeko negoziaketa irekitzeko konpromisoa ere galdegin die erakundeetako arduradunei.

Euskal Herriko alderdi eta erakundeei eskatu die «jarrera inkoherenteak» bertan behera utz ditzatela, ez delako bateragarria, bere ustez, «zerbitzu publikoak indartzearen aldeko apustua egiten dutela esatea, eta, aldi berean, zerbitzu publiko horien langileen %20ren erosahalmenaren galera –2023rako aurreikusten den galera metatua– babestea».

Enpleguari dagokionez, behin-behinekotasuna %6ra murrizteko prozesuak bultzatu behar direla uste du sindikatuak. Horrekin batera, erreposizio tasak kendu behar direla dio: «Ezin da onartu Madrilek Euskal Herriko sektore publikoko enplegu beharrak erabakitzea, eta ezohizko kontsolidazio prozesuak esparruz esparru negoziatzeko eta adosteko aukera berrestea».

Neurri hauen alde euskal agintariei presio egiteko mobilizatzeko hautua egin du ELAk eta aurreratu datozen egunetan sektore publikoan greba deialdiak iragarriko dituela. Beste sindikatu batzuekin harremanetan daudela esan dute arduradunek.