Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
Elkarrizketa
Nerea Arrese, Amaia Balda eta Olatz Dorronsoro
Emunkideak

Emun, 25 urte eraldatzen: «Merezi du zalantza egitea»

Aldatzea ezinbestekoa da; eraldatzea, hautazkoa. 1997an sortu zen Emun lana euskalduntzeko, eraldaketarako, eta horretan segitzen du, euskaran bezala berrikuntza sozialean. Ostegunean topaketa egingo dute, bizitzen ari diren barne mugimendua azaldu eta sortzaile, bezero eta lagunak eskertzeko.

Nerea Arrese, Amaia Balda eta Olatz Dorronsoro Emunen etxean, Arrasaten.
Nerea Arrese, Amaia Balda eta Olatz Dorronsoro Emunen etxean, Arrasaten. (Raul BOGAJO | FOKU)

Lan mundua euskalduntzen eta berrikuntza sozialean aritzen diren emunkideak bezeroen etxeetara joan ohi dira zerbitzua ematera. Oraingoan, Arrasateko beren etxeko ateak ireki dizkiote NAIZi, eskuzabal, oraindik esperimentatzen ari diren barne eraldaketa esplikatzeko. Ez da erraza. Bezeroei eurei ere gutxi kontatu diete. Etxe barruan beldurrak eta dudak dituzte. Hain zuzen, zalantzari leiho bat zabaltzea da ostegun honetan, Emunen egoitzatik hurbil dagoen Iturripe kiroldegian egingo duten topaketaren asmoa.

Partaide bakoitza barne bidaia batera gonbidatuko dute, bere buruari kontatutako egien artean zer jar dezakeen zalantzan pentsa dezan. Galdera berriak bilatuko ditu Ainhoa Lasa bidelagunarekin, eta lau hizlari izango ditu inspiragarri: Julen Mendoza –Errenteriako alkate ohia, lidergo mota berriak eraikitzeko eraldaketetan laguntzen aritzen dena–, Arantza Santesteban –historialaria, zinegilea eta ikerlaria, ‘918 GAU’ film sarituaren egilea–, Satur Ormazabal –Panelfisa automobilgintza enpresako zuzendaria ia 30 urtez, interes pertsonalek bultzatuta ikuspegi sistemikoa bertara eraman duena– eta Amaia Asua –HAZIko langilea, bere lanari esker euskara ikasteko aukera izan duena eta orain euskaraz egiten duena bere lanaren eta bizitzaren zati gero eta handiagoa–.

Jarraian, 25. urteurreneko ekitaldia egingo dute, Emunen sortzaile, bezero eta bidelagunei esker ona adierazteko.

87 emunkide dira, horietatik 82 bazkideak, 57 emakumeak eta 30 gizonak. 2021ean, 244 bezero edo proiektu lagundu zituzten. Bezero fidelak dituzte, adibidez, Fagor, Danobat eta Ulma.

Sorrera

Amaia Balda sorreratik da Emuneko aholkularia. «1997an jaio ginen. Arrasateko AED elkartean Euskalan taldea zegoen eta han biltzen ziren kooperatibetako euskara batzordeetako kideak. Ikerlanen eta Elayn euskara planak garatzen ari ziren eta Euskalanekoek ere irrika hori zuten. Hala sortu zuen Irakasle Eskolak, gaurko Huezik, Emun».

«Oraindik ere euskara planek hartzen dute gure jardunaren zatirik handiena, baina arlo sozialeko beste gai batzuk kudeatzera pasatu gara. Euskara zerbitzuez gain, genero berdintasuna, gobernantza edo parte-hartzea, aniztasuna eta gizarte erantzukizuna lantzen ditugu».


«Kontziliazio neurrietan aitzindariak gara, enpresa, familia eta pertsona, hiruren arteko oreka xede». 

 

Berrikuntzan eta garapenean egin duten ahalegina azpimarratu du Baldak. «Kontziliazioan ere aitzindariak gara, enpresa, familia eta pertsona, hiruren arteko oreka xede».

Goiz ekin zioten Emunen bertan generoa lantzeari. «Erakundea sortu bezain laster, merkatu ekonomikoan gailentzen ziren politikei aurre egiteko mekanismoak jarri genituen, emakumeen presentzia areagotzeko eta bermatzeko».

Antolaketa berria

Funtzionamendu berrian, bezeroa jarri dute erdian, eta haren beharrei erantzuteko ari dira erakundea bera antolatzen.

Nerea Arrese pertsonen eta antolamenduaren arloan ari da lanean. Azaldu duenez, «2020an garai hartako zuzendari nagusiak gogoeta bat partekatu zuen taldearekin: prest gaude bezeroentzako erantzun osoagoak bilatzeko? Urte dezentez gure burua prestatzen ibili eta gero, zer urrats egin dezakegu norbere gaitasunetan? Erakunde gisa ere erronka daukagu iraunkorrak izateko».

Olatz Dorronsoro iraunkortasun nahi hori koordinatzen dabil. Nabarmendu duenez, hasieratik izan dira denak prozesuaren parte eta asko eskertu dute hori. Talde eragile bat eratu zuten, eta Nor Gararen kanpo aholkularitza ere jaso dute.

«Hiru fasetan irudikatu genuen prozesua. Esploratuz hasiko ginen, gure baitan arakatuz zerekin konektatzen genuen. Gero esperimentatu egingo genuen, bizi, eta hortik ikasitakoarekin hasiko ginen guretzat baliagarri zen hori edo nahi genuen hori martxan jartzen».

«Adibidez, autogestioa probatu nahi genuen. Ardura ulertzeko moduan eta lanpostuen arteko errotazioan ere pausoak eman nahi genituen. Hori egiteko norbere iritzia erabili genuen, eta gero taldean interpretatu genuen elkarrekin. Hortik erakundearen lehentasunak zehaztu, eta probatzen hasi ginen poliki-poliki».

Bezero Taldeak oinarri

Horretan ari zirela ordura arteko zuzendaritzak kargua uztea erabaki zuen, beste forma bati bide emateko. Orduan sortu zen koordinazio taldea. Hiru elkarrizketatuak daude talde honetan eta argitu dutenez, «ez da zuzendaritzaren ordezkoa. Zuzendaritzak funtzio gehiago zituen. Gure ardura antolaketa berri hau martxan jartzea eta hartu ditugun erronkak sustatzea da nagusiki».

Bezero Taldeak dituzte oinarri. Hala deitu diete antzeko ezaugarriak dituzten bezeroen multzoei erantzungo dieten taldeei. «Horietan hartuko dituzten funtzioak dira lehen tarteko arduradunek zituzten batzuk eta zuzendaritzak zituen beste batzuk». Lehen emunkide bakoitzak proiektu bat zuen. Orain, proiektuak bezero tipologiaren arabera multzokatu dituzte, multzotik elikatzeko eta ikuspegi osoagoa lortzeko.

«Talde multidisziplinarretan lan egitera iritsi nahi dugu ezagutzak eta esperientziak partekatzeko».

Nerea Arrese. (Raul BOGAJO/FOKU)

 

Nerea Arrese: «Gure eguneroko lanaren ardatza harremanak dira: elkar entzun eta ulertzetik abiatzen gara. Lortu nahi duguna da bezeroa ahalik eta ondoen ezagutzea»

Egunero egiten duten lanaren ardatza harremanak dira: «Elkar entzun eta ulertzetik abiatzen gara. Lortu nahi duguna da bezeroa ahalik eta ondoen ezagutzea, horrela hobeto laguntzeko», esplikatu du Nerea Arresek.

Trebakuntza lagun

Pertsonen eta antolamenduaren arloan dabilen emunkideak adierazi duenez, lehen ariketa zeri eutsi, zer gutxitu edo atzean utzi, eta zertan sakondu erabakitzea izan zen. «Pertsonenganako konpromisoa, berritzeko gogoa, zaintzeko jarrera, garatzeko aukera, horiek mantendu nahi izan ditugu». «Bidelagunaren figura ere bai», gaineratu du Olatz Dorronsorok.

Trebakuntzarekin laguntzen ari dira prozesu osoa. «Arduradun izan zirenak prestatu ziren aurrena, beste pertsona batzuk ahalduntzen laguntzeko. Lidergo ereduez hausnartuta, entzuketa aktiboan eta elkarrizketa eraldatzailean sakonduta, ikuspegi sistemikoaren oinarrietara hurbilduta, emozioak eta gatazken kudeaketa landuta, gatazkekiko ikuspegi ezkorra eduki beharrean egoerak hobetzeko aukeratzat hartzeko».

Bidelagunengandik talde osora hedatzen joan zen gero formazioa.

Olatz Dorronsoro. (Raul BOGAJO/FOKU)

 

Olatz Dorronsoro: «Batzuentzat oso motel doa prozesua, besteentzat oso azkar. Nik gorabeherak izan ditut: ez badauzkat lehen neuzkan ardurak, non kokatzen naiz?»


Beldurrak eta kezkak

«Batzuentzat oso motel doa prozesua; beste batzuentzat, ordea, oso azkar», agertu du iraunkortasuna sustatzen dabilen emunkideak. «Nik gorabeherak izan ditut: ez badauzkat lehen neuzkan ardurak, non kokatzen naiz? Batzuk oso konektatuta daude prozesuarekin, besteek urrutiagotik begiratzen diote: ‘Niregana noiz iritsiko da?’ galdetuz. Zalantza ugari sortzen da, orain artekoa babesteko beharra».

«Esploratzen ari gara, bezeroa, taldea eta norbera», erantsi du Amaia Baldak. «Ez dut gezurrik esango, behin baino gehiagotan aipatu dugu: benetan nahi dugu hau? Baina aurrera goaz. Abenduan galdetu genuen ea probatzen jarraituko genuen, eta aurtengo abenduan berriro galdetuko dugu. Etengabe galdetzea, hori ere badago gure DNAn».

«Merezi du zalantza egitea», aldarrikatu du Nerea Arresek.

Genero planak

Egiten dituzten lanen artean, genero planak inplementatzen ari diren bakarrenetakoak direla azpimarratu dute. «Euskara planekin egindako bideak asko lagundu digu, planak ez baitira apal batean gelditzeko, baizik eta ekintzak garatzeko».

Amaia Balda. (Raul BOGAJO/FOKU)

 

Amaia Balda: «Euskara plan gutxi eskatzen dituzte enpresek. Administrazioak bestelako eskakizunak egin beharko lituzke hezkuntzan egin den ahaleginak lan munduan jarrai dezan»

Euskara planen eskaera handiagoa izatea nahiko lukete. «Erakunde publikoetatik jasotzen dugu, kirolean ere bultzada handia dator, baina enpresetan ez da beste arloetan bezala legez eskatzen, eta nabaritu egiten da hori. Bereziki Goierrin, Deba arroan eta Lea Artibain egiten dira planak. Arratian ere bai. Gunerik euskaldunenetan dago ardura gehien, baina eremu oso bat falta da. Administrazioak badu erantzukizuna: bestelako eskakizunak egin beharko lituzke hezkuntzan egin den ahaleginak lan munduan jarrai dezan, bestela moztuta gelditzen da bidea», ohartarazi du Amaia Baldak.