Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Emunek kideak eskertu eta dei egin du: «Euskarak lan mundua behar du, eta lan munduak euskara»

25. urteurreneko ekitaldia eta topaketa egin ditu Emun kooperatibak Arrasaten. «Gizarte euskaldun, justu eta iraunkorra eraikitzeko lanean dihardugu, horretarako bidelagun eta eragile gisa ikusten dugu gure burua, eta hori elkarlanean eta lankidetzan egin nahi dugu», azpimarratu dute.

Garazi Etxaburu dantzariaren piezek eraman dituzte ekitaldian bildutakoak Emun sortu aurreko garaitik gaur eguneko Emun ezagutzera.
Garazi Etxaburu dantzariaren piezek eraman dituzte ekitaldian bildutakoak Emun sortu aurreko garaitik gaur eguneko Emun ezagutzera. (Jon URBE | FOKU)

Euskaran eta berrikuntza sozialean ari den Emun kooperatibak 25. urteurreneko ekitaldia eta topaketa egin ditu ostegun honetan Arrasaten, bere egoitza nagusitik hurbil-hurbil, Iturripe kiroldegian. Ekitaldiaren helburua emunkideak eta bidelagun guztiak eskertu eta zoriontzea izan da. Topaketarena, aldiz, zalantzari leiho bat ireki eta horren balio eraldatzailea erakustea.

Ekitalditik hasiko gara. Amaia Balda Emuneko koordinatzaile orokorrak eta Kristina Pavo lehendakariak hartu dute hitza, eta sortzaile, bezero, emunkide eta lagun guztiak «oso gertu» sentitzen dituztela eta hori gustatu egiten zaiela adierazi dute.

«Gustatzen zaigu Emun katebegi gisa ulertzen dugulako. Gizarte honetan euskaraz eta era justu eta iraunkorrean bizi nahi duen multzo zabaleko katebegi bat gehiago gara. Euskalgintzan sortu ginen eta bertan bizi gara. Herri gogo horri zor gatzaizkio eta hori bizirik mantentzea dagokigu».

Horregatik uste dute 25 urte geroago, enpresetan euskaraz lan egin duten horien ahalegina aitortuta, azpimarra jartzea dagokiela: «Euskarak lan mundua behar du, eta alderantziz, lan munduak euskara».

«Badaude 25 urteotan izugarrizko ahalegina egiten ari direnak euskaraz lan egiteko, baina onartu behar dugu gutxi batzuek asko egitearekin nekez euskaldunduko dugula lan mundua, zerbait egingo duten asko behar ditugu, eta horretarako estrategia bateratuak behar ditugu».

Arlo sozioekonomikoak euskararen biziberritzean daukan erantzukizunari heldu behar diola aldarrikatu dute Baldak eta Pavok. «Gizarte eragileek babestu eta hauspotu egin behar dute sustapen hori, eta erakunde publikoek, araua eta baliabideak barnebilduko dituen marko egokia eskaini behar diete enpresei».

Emunek lankidetzan jarduteko konpromiso erabatekoa du, eta errealitate hori eraikitzeko prestutasuna.

«Gizarteak dituen beharrei erantzun ahal izateko, denon artean testuinguru egokiak sortu eta artikulatu behar ditugu: lankidetzarako espazio emankorrak behar ditugu. Emun sortzeko, eta lan mundua euskalduntzeko, elkartu ziren bide urratzaileak, Euskalanekoak, elkartu zen unibertsitatea, HPS eta gobernua eta baliabideak, eta hainbat enpresatan eragile jardun duten eta erabakiak hartu dituzten norbanakoak. Denen batuketa horrek dauka balioa, eta hori bera behar da, lan mundua euskalduntzen jarraitzeko bezala, bestelako gai sozialetan aurrera jarraitzeko ere».

Testigantzak

Garazi Etxaburu dantzariaren piezek eraman dituzte Iturripen bildutako lagunak Emun sortu aurreko garaitik gaur eguneko Emun ezagutzera. Eta bide horretan atera berri duten liburuxka ilustratuko irudiek ere lagundu dute, Irati Eguren, Paula Estevez eta Ainara Azpiazu Adurizek egindakoek.

Testigantzek eman diote ahotsa eta gorputza garai bakoitzari: Gemma Zubizarreta, Esteban Muruamendiaraz eta Xabier Zubizarretak 60. hamarkadatik aurrera Arrasaten eta Debagoienan sortutako gau eskolak eta kooperatibetan euskaraz lan egiteko saiakerak izan dituzte ahotan. «Parte hartzeko egundoko ilusioa zegoen –oroitu dute–. Bakoitzak nola bizi zuen euskara, horri buruz hausnartzen genuen, eta enpresetara joan eta jendea entzuten genuen. ‘Orain euskara ikastera?’ esaten ziguten. Eta guk: ‘Ikasi ez, dakizun hori erabili’». Enpresa horien jarrera eskertu dute.

Imanol Barrenetxea-Arando, Julen Arexolaleiba eta Amaia Baldak Emunen sorrera kontatu dute. Eta gaur egun Emunen lan egiten duten Jesus Mari Garai, Saioa Amuriza, Onintza Irigoien, Olatz Olaso, Mikeldi Zeberio eta Maite Inda ere mintzatu dira. Bertan lan egitea nolakoa den kontatu dute, nola aldatu den euskara teknikariaren ofizioa azken 25 urtean, nolakoa izan den euskara planetan lan egitetik genero berdintasun planetan lan egiterako saltoa.

Emunen bezero eta bidelagunetako batzuren ahotsak ere entzun dira: Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea, Paul Bilbao Kontseiluako koordinatzailea, Leire Mugerza Mondragon Taldeko Lehendakaria, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Eneritz Muguruza AEDko kidea eta Karmele Perez DanobatGroupeko kidea.

Azken honek, adibidez, Emunek «ez oso modu zaratatsuan, era sinple eta eraginkor batean» lagundu diela agertu du, eta hala jarraitzea nahiko luketela adierazi du. Euskara planarekin ari dira batez ere, berdintasuna ere hasi dira lantzen. «Gai desberdinak sortuko dira eta oso modu naturalean egingo dugu elkarlana».

Zalantzaren balio eraldatzailea

Topaketan, Niko Cuenca ekonomialariak eta Naiara Goia berrikuntzan adituak analisi bana ekarri dute, enpresetako aniztasunari eta elkarlanaren gobernantzari buruz.

Jarraian, beren larruan bizitako eraldaketa esperientziak partekatu dituzte Amaia Asuak, Satur Ormazabalek, Julen Mendozak eta Arantza Santestebanek. Arlo ezberdinetakoak izan arren, laurek azpimarratu dute zalantzaren balio eraldatzailea.