NAIZ

‘Saseta, Monzon eta gudarien ekiñak’ emanaldia, orain NAIZen ikusgai

Olaso Dorrea Fundazioak eta Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan Elkartearen arteko elkarlanak erditu du ‘Saseta, Monzon eta gudarien ekiñak’ izeneko emanaldi artistikoa. Hondarribian eta Bergaran taularatua izan ostean, NAIZen ikusgai dago.

Kandido Saseta eta Telesforo Monzonen herrietan jada ikusi ahal izan duten lana da honako hau, bien urtemuga ezberdinen harira sortua, kulturgile anitzen ekarpenarekin. Orain NAIZek ere eskaintzen du.

Monzonen ‘Gudarien egiñak’ poemategia, Kandido Sasetaren heriotzean idatzitakoak eta ikuskizunerako espresuki sortutako testuak ditu oinarri ikuskizunak; poesia, musika, dantza, historia eta literatura elkartzen ditu.

Kemen Dantza Taldeak, Koldo eta Xabi Sorzabalbere txalapartariek, Hondarribiko abesbatzak eta Estitxu Pinatxo kantariak, ‘Telesforo Monzonen alargun zoroarena’ poemaren bertsio musikatua eskainiz, hartu dute parte, beste batzuekin batera.

Irailaren 17an taularatu zen estreinakoz Hondarribian (bertan grabatu zen hemen eskaintzen den emanaldia) eta hamar egun geroago Bergaran.

85 urte bete dira aurten otsailaren 23an Kandido Saseta Arecesen (Asturias) hil zutenetik, Agirre lehendakariak hara bidalitako bi brigadetako bat gidatzen ari zela, 60 ordu borrokan eman ondotik. «Gure Saseta hil da», agertu zuen orduan ‘Eguna’ egunkariaren azalak, aurkezpenean gogoratu zutenez.

Eta 75 urte pasa dira Mexikotik Ipar Euskal Herrira egin berri zuen Telesforo Monzonek ‘Saseta'ren ekiñaldiak’ olerkian argitara eman zituela «gudarien buru» zenaren jardunak, ‘Gudarien egiñak’ bildumaren baitan.

Honek guztiak bultzatu ditu Olaso Dorrea Fundazioa eta Kepa Ordoki elkartea «memoriaren aldeko ekitaldi» hau prestatzera.