NAIZ

Euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza sustatzeko Zinuema esperientzia pilotua abiatu du UEMAk

Zinema aretoetan dagoen euskarazko eskaintza urriari erantzuteko, Zinuema egitasmoa sortu du UEMAk, Tinko Filmeak-ekin elkarlanean. Euskarazko hamabi ikus-entzunezkoren egitaraua da ekimenaren oinarria, eta eskaintza egonkor baterako esperientzia pilotua izango da. Ostegun honetan aurkeztu dute.

Tinko Filmeak-eko Iñigo Arandia, Silvia Marañon Etxarri Aranatzeko alkatea, Eneritz Albizu Azpeitiko zinegotzia, Iraitz Lazkano UEMAko lehendakaria, Irati Arratibel Ataungo zinegotzia, Kulturaz-eko Eusebio Beloki eta Illart Gumuzio Igorreko alkatea.
Tinko Filmeak-eko Iñigo Arandia, Silvia Marañon Etxarri Aranatzeko alkatea, Eneritz Albizu Azpeitiko zinegotzia, Iraitz Lazkano UEMAko lehendakaria, Irati Arratibel Ataungo zinegotzia, Kulturaz-eko Eusebio Beloki eta Illart Gumuzio Igorreko alkatea. (Jon URBE | FOKU)

Euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza bultzatzeko jaio da UEMAren Zinuema egitasmoa. Mankomunitateko kide diren lau herritan hasiko da, Igorren, Etxarri Aranatzen, Azpeitian eta Ataunen. Askotariko film eta dokumentalak emango dituzte, eta proba pilotua ondo joaten bada, eskaintza zabaltzea da asmoa.

Egitasmoaren aurkezpenean izan dira ostegun honetan, Donostian, Iraitz Lazkano UEMAko lehendakaria, Tinko Filmeak-eko Iñigo Arandia eta egitasmoan parte hartuko duten udalen ordezkariak.

Lazkanok azaldu du euskarazko kultur eskaintza indartzeko nahia dagoela egitasmoaren atzean: «Administrazioen ardura da euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatzea eta programazioetan lan horiek txertatzearen aldeko apustua egitea. Horregatik abiatu dugu ekimen hau; guri toki administrazio gisa dagokiguna kontuan hartuta, gure esku dagoena egiteko; borondatea izanez gero bidea egin daitekeela erakusteko, baina baita gai honetan guk baino eskumen zabalagoa dutenei gure bidelagun izan daitezen eskatzeko ere».

Gazteek erdarazko edukiak ikusten dituzte pantailetan

UEMAko lehendakariak oroitu duenez, ikerketek argi erakutsi dute euskarazko kultur kontsumoa erdarazkoen oso azpitik dagoela. Euskal Herri osoan gertatzen da hori, eta udalerri euskaldunetan ere bai. Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruz UEMAk argitaratutako ikerketak ere azalarazi du pantailetan erdarazko edukiak ikusten dituztela batez ere nerabeek, eta horrek eragin nabaria du hizkuntza ohituretan.

Kontsumoan eragiteko, ezinbestekoa da eskaintza egotea. «UEMAren helburu nagusietako bat da udalerri euskaldunetan euskaraz bizitzeko aukerak bermatzea, eta Zinuema ekimena helburu horretarantz beste urrats bat egiteko sortu da».

Herrietako kultur programazioaz gogoeta

Illart Gumizio Igorreko alkateak gogoeta egin du udalerrietan egiten den kultur programazioari buruz: «Beti sustatu gura izan dugu herritarrek euskarazko kulturaz gozatzeko aukera izatea, eta horretarako urte osoan egiten dugu ahalegina ekintzak eta emanaldiak antolatzeko. Ikus-entzunezkoen arloan, ez da oso handia euskaraz sortutako eta bikoiztutako lanen kopurua, eta horregatik, garrantzitsua da ahalegin kontziente bat egitea euskaraz egin diren lanak eta itzulitakoak batu eta gure herrietara ekartzeko».

«Uste dut gure esku ere badagoela herritarrak euskarazko edukiak kontsumitzera ohitzea, eta kasu honetan euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza bermatzen badugu, herritarrentzat ez da hain ezohikoa izango euskarazko filmak eta dokumentalak ikustea».

Euskarazko eskaintza urria

Tinko Filmeen helburu nagusia euskarazko zinema komertzialaren eskaintza gabeziari erantzutea da. Iñigo Arandia bertako kideak gogoratu du duela ia 30 urte hasi zirela lanketa hori egiten. «Gaur egungo egoera ez da askoz hobea». Pantailak Euskaraz herri mugimenduaren datuak dira horren erakusle: «Bertako ekoizleek sortzen dituzten euskarazko filmak bizpahiru izan daitezke urterik hoberenean, eta Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen Zineuskadi erakundeak 10-12 film bikoizten ditu urtean, haurrei zuzendutakoak denak edo ia denak».

Zinemako kontsumo ohiturak erabat irauli dituzten streaming plataformei buruzko datuak ere eman ditu Arandiak: Filminek, esaterako, euskaraz 65 eduki zituen 2021eko irailean, eta urtebete geroago 83 dauzka; Netflixek hiru zeuzkan iaz, eta 44 dauzka aurten; Disney+ kateak ez dauka eduki bat bera ere euskaraz.

Arandiaren arabera, azken urtean euskarazko eskaintza igo egin da ikus-entzunezko lege berriaren eta Pantailak Euskarazen gisako mugimenduen presioari esker, baina plataformetan eskainitakoa ez da euskarazko aisialdi normalizatu batek behar lukeen adinakoa.

Zinuemako eskaintza

Tinkoko kideak nabarmendu du programa pilotua lagungarri izango dela bihar-etzi eskaintza egonkorrago bat diseinatu ahal izateko. «Probatu nahi dugu egingarria izango ote litzatekeen etorkizun batean egitaraua eskala handiagora eramatea, herri eta batez ere aste gehiagoko eskaintza batera».

Erantsi du hainbat formatutako lanekin prestatu dutela Zinuemaren egitaraua. Izan ere, momentuz ezin da urte osoko programazio bat egin euskarazko filmekin soilik.

Programaziorako batutako lanen artean daude ‘Zure platerean hasten da mundua’ Landarlan Ingurumen elkartearen dokumentala; ‘Izurde mutikoa’ animaziozko filma; ‘Nire Zirkua’ gaztetxoei zuzendutako fikzioa; ‘Black is beltza II: Ainhoa’ Fermin Muguruzaren azken filma, eta ‘Gabi’ bere burua genero biko sisteman kokatzen ez duen gazte baten gogoetak kontatzen dituen dokumentala.

www.zinuema.eus-en dago informazio guztia.