Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea / Redactor especializado en internacional

Kurduen argia

Urtzi Urrutikoetxea GARAko kolaboratzaileak «Kurdistan, argi bat Ekialde Hurbilean» lana kaleratu du, kurduen borroka eta argia, eguzkiaren sua, gurean ezagutzera eman duten hainbat kazetariren lanari jarraipena emanez.

Inoizko jendetsuenak izan ziren Newroz ospakizunak 2013an eta 2014an Diyarbakirren, Ipar Kurdistanen.
Inoizko jendetsuenak izan ziren Newroz ospakizunak 2013an eta 2014an Diyarbakirren, Ipar Kurdistanen. (AFP PHOTO)

Herri kurdua existitzen dela gogora ekarri digute Ekialde Hurbilak azken hamarkadatan bizi izan dituen garai ilunek, Golkoko II. Gerratik hasi –lehena, Iranek eta Irakek 80ko hamarkadan batak bestearen kontra egin zutena, ahaztuen delako– eta Udaberri Arabiarreraino –ondorioetako bat izan zen Estatu Islamikoaren kalifatoren aurkako gerra tartean–.

Iranek egun bizi duen matxinada feministak, non kurduek zeresan handia duten, herri honen drama eta aldarrikapenak komunikabideetan azaleratzea ahalbidetu du azken asteotan.

Baina kurduena ez da gaurko kontua, milaka urteetan ahaztua izan den herriarena baizik.

Herri kurduaren historia luzea laburbilduz hasten da, hain zuzen, Elkarrek “Berria”-ren eta Jakinen laguntzarekin argitaratu duen eta Urtzi Urrutikoetxea kazetari eta, besteak beste, GARAren kolaboratzaileak idatzi duen “Kurdistan, argi bat Ekialde Hurbilean” lana.

«Argia» zentzu mitikoan ere hartuta, kurduen ibilbidea ezagutarazteko ezinbestekoa delako Newroz jai jatorriz zoroastrikoarekin hastea. Suaren jaia, kondairetan Kawa errementariak Dehak tirano asiriarra garaitzeko baliatu zuena.

Urrutikoetxeak idazten duenez, eguzkia sinbolizatzen dute herri eta hiri kurduetan urtero martxoko udaberriko ekinokzioan pizten dituzten suteek; urte (new) berria (roz). 2013koa jendearen parte-hartze aldetik izugarria eta historikoa izan zen Diyarbakirren.

Newroz ez dute soilik kurduek ospatzen, irandar izeneko herri guztiek baizik: persiarrek, balutxek, tajikek...

Kurduen historia lehen zibilizazioekin, Mesopotamian hedatu ziren asiriarrekin, babiloniarrekin, hasten da.

Nola ez, inperio persiarraren itzalean egon zen hasieratik mediarren, gero kurdu bilakatuko zirenen, historia oparoa. Oparoa, Urrutikoetxearen hitzetan, «ezinbestekoak» direlako «kurduak Mesopotamia eta Ekialde Hurbila ulertzeko».

Egia da, halere, ia beti inguruko inperioen interesak gainean zituztela osatu izan dutela kurduek beren ibilbidea.

Kurdua zen Saladin Bigarren Gurutzadaren aurkako agintari militar musulmana, «Islam sunitaren bateratzailea», baina ez zien ekarpenik egin bere herrikideei. Handik 500 urtera Txaldirango Gudan Otomandar Inperioaren alde egin zuten kurduek, Persiako safaviden kalterako, Ismail I.a safaviden dinastiaren sortzaileak jatorri kurdua izan arren.

Halere, eta hori ni neuk diot, kontuan izan behar da garai haietan abertzaletasuna, nazionalismoa, beste era batean bizi zutela. Alde batetik, otomandarraren moduko inperioak ez zirelako geroago sortuko ziren estatu-nazioak bezain zentralistak eta kultura gutxituen baztertzaileak, eta bestetik komunitatean pertenentzia tribala delako, ez nazional-erromantikoa.

Liburuaren lehen atalean, hurbilketa historikoari buruzkoan, ez ditu Urrutikoetxeak gai korapilatsuak alde batera uzten, Otomandar Inperioaren erorialdiaren testuinguruan armeniarren aurka izandako genozidioa, esate baterako. «Ez dago zalantzarik zenbait agak (jauntxo kurduak) eta tribuk zuzenean hartu zutela parte genozidioan (…) baina ez ziren gutxi izan armeniarrak ezkutatu zituztenak ere….».

Sevreseko Itunean –kurduei eremu propioa onartzen zien– eta, batez ere, urte baten bueltan, 1922an, akordio hura ezerezean utzi zuen Lausanakoan jar daiteke egun kurduek pairatzen duten sakabanaketaren ardatza.

Izan dira ordutik gaur arte altxamenduak, 1937an Dersim hirian Atatürkek odoletan hustu zuena tartean. Izan dira kurduen subiranotasuna aldarrikatzeko saiakerak, hala nola 1945ean II. Mundu Gerraren ostean eta sobietarren laguntzarekin Mahabad hirian (egun Iranen) errepublika kurdu askea aldarrikatu zutenean. Izan dira tragediak, Saddam Husseinek Irakeko Kurdistango Halabja (kurduen «Gernika») herriaren aurka egin zuen erasoaldi kimikoa bezalakoa. Izan zen garai hartan Abdullah Öcalanen gidaritzapean PKK gerrillaren sorrera…

Hori guztia lau estatutan sakabanatuta dagoen zoritxarreko herrian.

Hala, bada, liburuaren bigarren atalak lau zati ditu: Bakur (Ipar Kurdistan, egungo Turkian), Baxur (Hego Kurdistan, Irak), Rojhelat (Ekialdea, Iran) eta Rojava (Mendebaldea, Siria). Eskualde bakoitzaren ibilbidea eta bertako kurduek pairatu izan duten eta pairatzen ari diren egoera islatzen du egileak.

Mahsa Amini kurduaren hilketa salatzeko protestak Sirian (Delil SOULEIMAN / AFP PHOTO)

Hirugarren atalak gaur egungo Kurdistani erreparatzen dio: Estatu Islamikoak yazidi kurduen aurka Sinjarren egin zuen genozidioa, jihadisten kalifatoaren aurka Siriako kurduek (YPG gerrilla) Kobane berreskuratzeko hasi zuten gerra eta milaka hildako kostatako garaipena, Oçalanen konfederalismo demokratikoari buruzko proiektu eraldatzailea, emakume kurduak bere eskubideak eta zeresana aldarrikatzeko borroka, kurdueraz ikasi ahal izateko debekua…

Baina horien berri izan dugu, tamalez (gehienak gertakari larriak direlako) baina beste zentzu batean zorionez (kurduak bazirela eta badirela konturatu garelako), gure komunikabideetan, bereziki GARA eta NAIZen.

Badira hogei urte luze, baina ez dut sekula ahaztuko GARA berriki ireki eta nazioarteko sekzioan lanean kubritu nuen lehen hitzaldia, Saddam Husseinen Iraken aurkako blokeoa salatzeko.

Bagdadetik bueltan zetozen hizlariak eta Irakeko ospitaletan haurrek pairatzen zuten egoera ozenki eta arrazoi guztiarekin salatu zuten, AEBen zigor ekonomikoek jende xumearengan zuten eragin kriminala salatuz.

Hitzaldiak aurrera egin ahala bazirudien, entzuten zenaren haritik, irakiar guztiak Husseinen alde zeudela.

Amaieran, galderen txandan, «eta kurduak zer?» galdetzea otu zitzaidan, ea ordezkari kurduekin egon ote ziren jakin-minez.

Galdera ez zuten batere gustukoa izan hizlariek (bekatua esaten da, ez bekataria, esamolde espainolak dioen bezala) eta gaia ez zela hura argudiatu zuen batek.

Ekitaldia amaitu eta hizlarien mahaira hurbildu nintzen neure burua aurkezteko. Harrera hotza jaso nuen.

Orduan ez nekien gauza handirik herri kurduari buruz. Baina urteen poderioz, eta gure egunkarian, hainbat kazetarik eta ekintzailek, asko GARAko kolaboratzaileak, egin duten lan oparoari esker askoz gehiago dakigu.

Zerrenda luzea da, liburuaren egiletik hasita: Manuel Martorell nafarra, David Meseguer katalana, Aitor Araialdea (goitizena da), Zahida Menbrano, Karlos Zurutuza… Guztiek, eta urte luze hauetan ziur ahaztu ditudan beste batzuek, izugarrizko lana egin dute kurduen auzia gurera ekartzeko.

Urtzi Urrutikoetxeak berak liburuaren azken kapituluan onartzen duenez –“Euskaldunak eta kurduak”–, ez da lan samurra izan, urte luzeetan, «Kurdistanen eta kurduekin lanean ibili izan garenok basamortuan bakarrik aritzearen sentipena izan dugu sarritan Euskal Herrian».

Palestinarrek edo sahararrek gure artean merezimendu osoz jaso ohi duten elkartasunarekin alderatuta urriagoa izan da, agian Bilbo aldean kenduta, kurduen borrokak Euskal Herriko kaleetan izan duen oihartzuna.

Badirudi, ordea, ahazmen hori aldatuz doala azken urteetan. Urtzi Urrutikoetxeari ondorengo elkarrizketan eskaintzen duen ideia lapurtuko diot. Batzuek, ustezko antiinperialismoaren izenean, inperioalismoak berak egiten duena errepikatzen zuten. AEBentzat Turkian PKK «terrorista zen», Saddam Husseinen aurkako kurdua, ordea, «biktima», eta egun Siriako YPGkoak, kideak. Gauza bera baina alderantziz egin ohi zuten haiek.

Planteamendu ilunak, interes geopolitikoen araberakoak, eta gure artean indarra galtzen ari direnak.

Kurduen argia beharrezkoa dugulako, edonon.