Manex Altuna

Avironek Top 14ko liderra den Stade Toulosain taldea mendean hartu du Baionan

26 eta 22 irabazi zuten lapurtarrek, lehen zati bikain baten ostean. Biarritzek 12 eta 9 galdu zuen Rouen taldearen zelaian eta Eibarrek ere beste porrot bat jaso zuen El Salvador taldeari egindako bisitan (24-12).

Gaetan Germainek Aviron taldeko puntu gehienak lortu zituen.
Gaetan Germainek Aviron taldeko puntu gehienak lortu zituen. (Romain PERROCHEAU | AFP)

Garaipen gogoangarria erdietsi zuen Aviron taldeak bart gauean Jean Daguer zelaian. 26 eta 22 irabazi zuten Stade Toulosain indartsuaren kontra. Okzitaniko taldea Top 14ko liderra da eta denboraldiko bigarren porrota jaso zuten txapelketan.

Baionarrek lehen zati ikusgarria jokatu zuten. 23 eta 3 joan ziren aldageletara. Germain atzelariak eta Bosch aurrelari argentinarrak bi entsegu lortu zituzten partidako lehen hogei minutuetan. Gogotsu zelairatu ziren eta hiru zigor kolpe ere eskuratu zituen Germain atzelariak. Stade Toulosainek berriz, hiru puntu baino ez zituen lortu.

Bigarren zatia guztiz ezberdina izan zen. Top 14ko liderra itzartu egin zen eta aldea murrizten joan zen. Avironek zigor kolpe bat bakarrik eskuratu zuen eta Okzitaniako taldeak bukerararte borrokatu zuen. Hiru entsegu lortu zituzten, azkenengoa luzapenean, eta bonus puntu bat eskuratu zuten. Baionako zaleek ondo ospatu zuten denboraldiko bosgarren garaipena etxean. Giro bikaina izan zen harmailetan partida osoan zehar eta festarekin bukatu zen. Sailkapenaren goikaldean kokatu dira lapurtarrak 21 punturekin.

Pro D2 txapelketan, puntu bakar batekin konformatu behar izan zen Biarritz. 12 eta 9 galdu zuten Rouen taldeari egindako bisitan. Igoera fasea jokatzeko postuetatik gertu jarraitzen dute zuri-gorriek, baina sailkapenean berdintasun handia da.

Emakumezkoen Ohorezko Mailan Eibarrek beste porrot bat jaso zuen El Salvador taldearen zelaian. Partida guztiak irabazi dituen aurkaria izan zuten aurrean eta 24 eta 12 galdu zuten gipuzkoarrek.