Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Joseba Ezkurdia eta Peio Etxeberria: lagun min, baina larunbatean Labriten aurkari zuzen

Kantxa barruan eta kanpoan oso lagun onak dira Aspeko bi pilotari nafarrak, baina Iruñeko Labriten adiskidetasuna alde batera utzi eta, Lau eta Erdiko finalerako txartela jokoan egonda, garaipenarengatik borrokatuko dute.

Peio Etxeberria eta Joseba Ezkurdia, konplizitatez beteriko irribarreekin, elkar begira.
Peio Etxeberria eta Joseba Ezkurdia, konplizitatez beteriko irribarreekin, elkar begira. (Iñigo URIZ | FOKU)

Askorengan ikusmin handia sortu zuen Joseba Ezkurdia eta Peio Etxeberriaren arteko material aukeraketak. Asteazken honetan Iruñeko Labrit pilotalekuan hitzordua egin dute biek larunbatean, eszenatoki berean, Lau eta Erdian jokatu beharreko finalerdirako.

Garaipena eskuratzen duenak sari potoloa izango du: azaroaren 20an, Bilbon, kaiolako finala jokatzeko aukera izatea. Aurkaria igandean jokatuko den beste finalerditik aterako da: Jokin Altuna edo Aitor Elordi. Biek ostegun honetan aukeratuko dituzte pilotak.

Iragan larunbatean, Unai Laso kanporatu zuenean (11-22), Ezkurdiak aipatu zuen pilotan eta bizitzan egin duen lagunik handienetako bat duela Peio Etxeberria. Gaur, argazkilarien aurrean, bien arteko konplizitatea oso nabarmena izan da. Hala ere, «tentsioa» material aukeraketan entzun den hitz bat izan da.

Zenotzeko aurrelariak –hilaren 23an lortu zuen finalerdietarako txartela, Altunari irabazita– honakoa adierazi du: «Bere kontra jokatu behar nuela jakin zenetik, gure arteko harremana berdina izan da, baina elkarren kontra aritu behar garenaren tentsio hori nabari da jada...». Hala ere, beste aldea ere azpimarratu nahi izan du. Hau da, «oso polita da: elkarrekin entrenatzen dugu; astelehenean nik egin nituen frontoi lanak hemen, gaur berak egingo ditu... Oso polita da larunbateko partidari begira gimnasioan gure artean egiten ditugun bromak. Uste dut tentsio handiarekin eta gogoekin biziko dugula».

Kuriositatez, Peio Etxeberriari aurkariaren pilotak gehiago gustatu zaizkio bereak baino. «Lau pilotak politak dira, baina egia esaten badizuet, bereak nireak baino gehiago gustatu zaizkit. Ez dut beraiei buruz ezer esateko», adierazi du Zenotzekoak.

Eta Ezkurdiak zer dio bere lagun minaren aurka jokatzeari buruz? Arbizuko aurrelariak oso argi du Labritekoa «partida zaila» izango dela. «Frontoian askotan entrenatu dugu elkarrekin eta fisiko aldetik ere. Oso ondo ezagutzen dugu elkar, jokatzeko partida zaila izango da, baina gauza horiek guztietatik ihes egin behar dugu. Nire jokoan zentratu behar naiz eta ahalik eta hoberen egin, honen atzean dagoen guztia ahaztu behar dut eta partida egunean ahalik eta hoberen egiten saiatu behar naiz, jokoan dagoen saria oso handia baita».

Ezkurdiak edo Peio Etxeberriak, edo nahiago bada, Peio Etxeberriak edo Ezkurdiak finalerako txartela eskuratuko du. Batek bakarrik jokatu ahal izango du partida handia eta besteak bidetik atera beharko du. Baina, irabazten duenak irabazita ere, argi dagoena da bien arteko adiskidetasuna ez dela inongo bidetik galduko eta, behin kantxatik aterata, berriro elkartuko dela bidegurutzean.

Finalerako sarrerak salgai

Bestalde, dagoeneko salgai daude Bizkaia Frontoian azaroaren 20an jokatuko den Lau eta Erdiko finalerako sarrerak. Hauek entradasfronton atarian eskuratu daitezke, eta 2019ko, pandemia aurreko, antzeko prezioak izango dituzte: kantxan 120 euro, palkoan 130 euro, kantxako azken blokean 100 euro, alboko 2. solairuan 65 euro, alboko 3. solairuan 40 euro, kantxako errebotean 50 euro, 2. errebotean 50 euro eta 3. errebotean 40 euro.