Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Desadostasunetik laugarren aldiz Nafarroan aurrekontuak lortu dituztela nabarmendu du EH Bilduk

Desadostasunez abiatuta, Nafarroako aurrekontuak laugarren aldiz jarraian adostu ahal izatearen garrantzia nabarmendu du EH Bilduk. Erabaki politikoa dela azpimarratu du Bakartxo Ruizek, beste behin eskuinaren eragina ezerezean uztea lortu dutela gaineratuz.

Adolfo Araiz, Bakartxo Ruiz eta Laura Aznal, gaur Iruñean egin duten agerraldian.
Adolfo Araiz, Bakartxo Ruiz eta Laura Aznal, gaur Iruñean egin duten agerraldian. (@MartxeloDiaz)

Desadostasunez haratago, Nafarroako Gobernuarekin aurrekontuan onartzeko lortu duen akordioaren balio politikoa nabarmendu du EH Bilduk gaur Iruñean egin duen agerraldian. Hori dela eta, bere poza azaldu du Bakartxo Ruizek Adolfo Araiz eta Laura Aznalekin egin duen prentsaurrekoan.

Gauzak horrela, legegintzaldi honetan onartuko den laugarren aurrekontua izango dela nabarmendu du Ruizek. Atzerago begira, azken zortzi urteotan jarraian aurrekontuan ere onartu direla gaineratu. «Beraz, hau ez da kasualitatea. Ez da anekdotikoa edo puntuala, eskuinak etengabe azpimarratzen duen bezala. Logika politiko bati eta erabaki politiko bati erantzuten dion zerbait da», aldarrikatu du.

Aurrekontu hauek ez direla EH Bildurenak gaineratu du Ruizek. «Halere, gure ekarpenaren bidez hainbat gaitan hobekuntzak izan dira», esan du. Honez gain, beste behin EH Bilduk negoziatzeko eta akordioak lortzeko gaitasuna erakutsi eta eskuina alboratzeko ahalmena frogatu duela gaineratu du.

Honekin batera, negoziatzen hasi zirenean EH Bildurentzat bi elementu garrantzitsu zeudela gogoratu du Ruizek. Alde batetik, iaz lorturiko toki entitateen finantziazioari buruzko konpromisoa gauzatu da eta KPI+2 igo zaie, 40 milioi euro inguru. Bestetik, 0-3 urteko zikloko langileekin lorturiko akordioa diruz hornitu da hamar bat miloi eurorekin.

Fiskalitateari buruz zailtasun haundiak izan direla onartu du Araizek, baina aurrerapausu txikiak izan direla ere nabarmendu. Izan ere, EH Bildurentzat ezinbestekoa zen orain arte lorturikoa ez galtzea. «Hori horrela izan da eta aurrerapausu txikiak ere izan dira. Txikiak badira ere norabide onena eman dira.Desadostasunetik abiatu gara eta bi aldeak ez gara gai izan sakoneko erreforma bati ekiteko», azaldu du.

Sozietateen Zergari buruzko ikerketarekin amaitzea (dagoeneko egina izan behar zen), etxebizitzak alokatzen dituzten enpresen onurak murriztea eta galerak izan dituzten enpresen likidazioak murriztea adostu dute. Honekin batera, Sozietateen Zergaren tributazio minimoari buruz hitz egitean hasteko konpromisoa ere dute. «Elefante erraldoi bat mugitzen hastea da azken konpromiso hau», azaldu du.

Errenta Aitorpenari buruz, 14.500 euroko langara iristen ez direnak ordaindu behar ez izatea, 18.000 eurotara arteko 540 tasa eta hortik aurrera progresibo izatea lortu da.

Aznalek berriz Hezkuntzan, Osasungintzan eta Zerbitzu Sozialetan partidak haztea lortu dutela nabarmendu dute. Helduen euskalduntzerako 500.000 euro lortu dituztela era gogora ekarri du.

Honekin batera, Nafarroako Gobernuak konpromiso zehatz batzuk lortu dituela azpimarratu du. Hauean artean, D eredua Etxabakoitzen, Lezkairun eta Larragan zabaltzearenaren garrantzia aipatu du.