Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Juan San Martin euskaltzalearen unibertso zabala jarri du sarean Jakinek

Juan San Martin (Eibar, 1922-Hondarribia, 2005) definitzea zaila da oso: poeta, ikertzailea, espeleologoa, arkeologoa, etnografoa... Etiketa bakarren bat jartzekotan, euskaltzalea izan behar luke. San Martinen jaiotzaren mendeurrenean, gizon polifazetiko honen obraren digitalizatu du Jakinek.

Bingen Zupiria, Kulturako sailburua; Jon Iraola, Eibarko alkatea; Harkaitz Millan, Kulturako diputatua, eta Lorea Agirre, Jakin fundazioko zuzendaria.
Bingen Zupiria, Kulturako sailburua; Jon Iraola, Eibarko alkatea; Harkaitz Millan, Kulturako diputatua, eta Lorea Agirre, Jakin fundazioko zuzendaria. (Jon URBE | FOKU)

Eibarko Portalea kultur etxeko Juan San Martin liburutegian astelehen goizean aurkeztu da eibartar polifazetiko honen obra osoaren digitalizazioa: 1.935 idazlan, horietatik 1.833 berak idatziak. Azken hauen artean 33 liburu daude, 1.645 artikulu eta 57 itzulpen.

«Ikaragarria da neurriz. Euskal kulturako beste egile batzuekin konparatu daiteke, asko idatzi duten Txillardegirekin edo Azurmendirekin, esaterako, eta horien pare dago. Baina ez bakarrik Euskal Herriaren markoan, baizik eta edozein sistema kulturalean ere ikaragarria da produzitu zuena», aitortu du Lorea Agirrek, Jakin fundazioko lehendakariak. Gehienak –2023an bukatuko baita San Martinek utzi zuen lan mardularen digitalizazio osoa– eskuragarri daude esteka honetan, doan eta klik batean.

Gerrako ume bat

Eibarko Portalean bertan abenduaren 18ra arte zabalik egongo den argazkiz eta argitalpenez osatutako erakusketa xumean, ikertzaile honen argazki bat nabarmentzen da: Eibarko Mekola kalean zuen etxeko liburutegian ateratakoa da. Juanito, ezagutzen zutenentzat beti Juanito izan zelako, argazki kamerari begira dago, adi. Jakin-mina etengabe piztuta du begiradan.

Liburuz eta trastez lepo zegoen gela hark, Euskal Herri osoko geografian jasotako materiala, grabazioak eta kontuak biltzen zituen. Beste irudi batzuetan Joxemiel Barandiaran gazte baten ondoan ikus daiteke, edo Euskaltzaindiaren beste kideekin batera Arantzazun, euskara batuaren lehen urratsak jarri zituen bilkura esanguratsu hartan.

Aurkezpenean, funtsen digitalizazioa ahalbidetu duten erakundeetako ordezkariez gain, San Martinen familia eta frankismoaren osteko garai beltzetan Eibarren euskaltzaletasuna berpiztu zuten kide batzuk bildu dira, esaterako, Serafin Basauri, San Martin omendua bezala, belaunaldi kementsu baten lekuko eta eragilea.

Autodidakta baten ikasketak

San Martin autodidakta izan zen batez ere. Bere jakin-mina pizten zituen gaiak hain zabalak zirenez, unibertso propio bat sortu zuela esan daiteke. Eta, era berean, euskal kulturaren unibertsoaren mugak zabaldu zituen gerrako ume hark.

1936an gerra piztu zenean, aita, jatorri eta joera liberal ezkertiarrekoa, Valentziara joan zitzaien Errepublikarentzako armak egitera. Bizitza osoan eibartar sozialismo euskaltzale horretan kokatuko zuen bere burua Juanitok.

Ama eta lau anai-arrebek alde egin zuten Eibartik, eta abentura ugari bizi izan zituzten. Itzuli zirenean, etxea txikituta zegoen.

Juanito tornulari lanetan hasi zen egunez, eta gauez eskolara. Soldadutzara ere joan behar izan zuen, lehenik Madrilera eta Burgosera gero. Euskaldunen aurkako mespretxuen aurrean, euskara ondo ikasteko gogoa sortu zitzaion. Irakurle sutsua zen ordurako, eta mendizale amorratua.

Lehenengo idazkiek mendia zuten hizpide. «1953an argitaratu zuen lehen lana, gaztelaniaz, ‘Pyrenaica’ mendi aldizkarian. Mendizaletasunaren grinatik abiatuta, kultur eremu zabalera urratsa egin zuen. Azken lana 2004an argitaratu zuen, euskarari buruzko liburu kolektibo bateko atal bat idatzi zuenean. Ia mende erdiz argitaratzen egon zen. Idazten gehiago, argitaratu gabeko hainbat gauza utzi zuela badakigu», argitu du Lorea Agirrek.

«Eibartarra izateak, bere pertsonalitatean bezala, bere pentsamenduan eta bere ekintzan eragina izan zuen. Gerrako umea izan zen, gerra galdutako familia bateko semea», gehitu du Agirrek. Lehen liburua 1959an argitaratu zuen, eta Juan Antonio Mogeli buruzkoa da, haren bizitzari eta lanei buruzkoa.

Mendizaletasunak beste zenbait arloetarako bideak zabaldu zizkion 1940-1950eko hamarkadetan San Martini, garai hartako gazte askori bezala. Mendi elkarte haiek askoz gehiago zirelako. Zaletasun hark –espeleologia bere pasioa baitzen–, Aranzadi elkartera eraman zuen. Joxemiel Barandiaranekin eta Julio Caro Barojarekin zenbait ikerketa egin zituen, antropologiari lotuta; eta honek etnografia lantzera eraman zuen.

 

«Bere ibilbidea emankorra, zabala eta sigi-sagatsua izan zen, eta ez da harritzekoa bakarren batek ‘euskalgintzaren land roverra’ deitu izatea»

 

Baserrietan eta mendietan jasotako hitz, kanta, ohitura eta abarrek literaturara bideratu zuten ondoren: milaka artikulu idatzi zituen, liburuak –poemak batez ere, Otsalar goitizenez–, editorea izan zen, itzultzailea, Euskaltzaindiko lehendakariordea... Eta politikaren bideetan, Arartekoa edo Euskal Herriaren Defendatzaile izendatu zuten (1989-1995), eta aurrerago European Ombudsman-eko lehendakaria izan zen.

Euskal pentsamendua web orrialde batean

San Martinen lana oso handia da, eta gutxik ezagutzen dute erabat. Orain, dena batean, corpus gisa eratua, eta duen elkarreraginari esker, San Martinen lanak dimentsio berri bat hartzen du, eta ikertzaileei azterlan berriak sortzen dizkie. Digitalizazioari esker, San Martinen literatura-sorkuntzaz gain, ekoizpen intelektual eta kulturala gure esku geratuko da erabat, inolako sekreturik gabe.

San Martinen obra digitalizatzeko proiektua 2016an aurkeztu zitzaion Gipuzkoako diputazioari. Baina asmoa aurretik zetorren, Juan Mari Torrealdaik bultzatuta. Orain Jakin Fundazioa arduratu da prozesu horri ekiteaz.

Euskal pentsamendua atalean dago, beste hainbat egileekin batera: Martin Ugalde, Joan Mari Torrealdai, Joxe Azurmendi... eta Emakume Abertzale Batza.

Obra osoa PDF formatuan digitalizatu da. Hori digitalizatzeko, prozesua hainbat urratsetan eraiki da: Argitaratutako lan guztiak katalogatu dira, iturriak aztertuz. Obra osoa bildu da, idatzia eta argitaratua: liburuak, liburu-zatiak, aldizkari eta egunkarietako artikuluak, itzulpenak, gutunak. Eta eskaneatu eta garbitu egin da.