Iraitz Mateo

Irene Pujadasen ‘Puskak’ ipuin liburua euskaratu du Igela argitaletxeak

‘Puskak’ Irene Pujadasen ipuin liburua itzuli du Amaia Apalauzak Igela argitaletxearekin. 21 kontakizunek osatzen dute liburua; eguneroko bizitza zeharkatzen duten gaiak lantzen ditu batik bat idazle kataluniarrak, umore puntu batekin.

Amaia Apaulaza itzultzailea, ‘Puskak’ liburua aurkezten.
Amaia Apaulaza itzultzailea, ‘Puskak’ liburua aurkezten. (Jon Urbe | FOKU)

21 ipuin edota 21 puska jasotzen ditu Irene Pujadas idazle katalanak idatzitako eta Amaia Apalauzak itzulitako ‘Puskak’ liburuak. Astearte goizean aurkeztu dute Donostian itzultzaileak berak eta Lander Majuelo editoreak. Pujadasen lehen lana da eta Documenta (2020) eta Ciutat de Barcelona (2021) sariak eskuratu ditu. Ipuin liburua da Igelaren azken argitalpena, Apalauza itzultzailearen arabera ipuin laburrak dira, arin irakurtzekoak: «Mokadutxoak dira, baina zapore iraunkorra uzten dute istorioek. Arin irakurtzen dira, baina ez dago arikeriaz idatzita».

Egunerokotasunari lotutako istorioak dira, badirudi guztia normaltasun baten barruan dagoela, baina normaltasun hori pitzatuko duen gertakariren bat geratzen da ipuin bakoitzean. Azaldu dute gertakari horiek ez direla gertakari «handia»: «Ez dira kontu dramatikoak, ezta dogmatikoak ere, eta batzuetan fantasiara hurbiltzen dira».

Pujadasek idazkera «ausarta» du Apalauzaren ustez, prosa zehatza duela adierazi du eta hitz bakoitza ongi aukeratuta dagoela ziurtatu. Hizkuntza maila altua da editoreak eta itzultzaileak azpimarratu duten ezaugarria. Izan ere, beraien ustez «jauzi linguistiko» bat emateko gaitasuna du gazte kataluniarrak, hizkuntzaren menperakuntza altua sumatzen baita liburu osoan zehar. Erregistroz aldatzeko gaitasuna ere oso adierazgarria da ‘Puskak’ liburuan; ipuin bat akta batean dago jasota, beste bat blog batean, egunkariko elkarrizketa baten bidez kontatzen du beste istorio bat, eta beste batekin aholku gida bat osatzen du, esate baterako.

Idazlearen «jolaserako» gogoa nabaria da itzultzailearen arabera. Gainera, estilo aldetik «apurtzailea» den zerbait ere sumatu dio Apalauzak, tonu «ganberro» eta «berri» bat usaindu daitekeela adierazi du; eta aitortu du hori izan dela itzultzeko zailena, tonu hori aurkitzea.

Umore beltzaren erabilera oso presente dago ipuin bakoitzean, eta baita ikutu barregarri bat ere: «Umore beltz azido xamarra sumatu daiteke batzuetan, eta beste kontakizun batzuetan tripak nahastera ere iristen diren istorioak daude».

Egunerokotasunaren testigu

Gaiei dagokionez, «bizitza zeharkatzen duten gaiak» aipatzen direla adierazi dute Igelako kideek. Horietako batzuk dira amatasuna, turismo inbasiboa, gazteen noraeza, harreman toxikoak... Baita heriotza ere, «zuzenean nahiz zeharka presente dago», itzultzailearen arabera. Heriotza ikuspegi «prismatiko» batetik landuta dago Apalauzaren iritziz: «Hilerrian biltzen diren gazteak daude, bizirik egonda ere hilik dauden pertsonak, harreman hilen puskak... Pujadasek ez du heriotza zerbait tragiko gisa kontatzen, askotariko ikuspegietatik lantzen du».

Ikuspegi absurdoa sartzen du sarri, propio, baina egungo gazteek beren burua islatuta sumatuko dutela uste du Majuelok. Batez ere narratzeko duen moduarengatik, tonua da identifikagarria editorearen ustez: «Egungo gazteek mundua ulertzeko duten modua sumatu daiteke Pujadasen kontakizunetan, erresignaziotik, baina umoretik».

Mintaka saileko 17. liburua da azken hau. Duela urtebete inguru sailari erronka berria jarri zioten: gaur egungo mundua kontatzen duten liburuak itzultzea. Majuelok adierazi du Igelak klasiko asko itzultzen dituela, eta beraien itzulpenetako idazle asko hilik daudela edo oso ezagunak direla jada; «oso pozgarria» iruditzen zaio Irene Pujadas bezalako idazle gazte eta on bat euskarara ekartzea, bizitzen ari garen momentuari idazten diona.