NAIZ

Izarren gauarekin zestak Bilbon ere plaza bat izan dezan bilatuko dute

Olharan-Lopez eta Erkiaga-Etcheto, udan gehien nabarmendu diren pilotariek, Jai Alai World Tour 2022 zirkuituko finala jokatuko dute ostiralean Deportivon.

Bilboko Deportivon aurkeztu dute ostiraleko jaialdia.
Bilboko Deportivon aurkeztu dute ostiraleko jaialdia. (MPB)

Jai Alai World Tourrak inoiz izan duen zirkuiturik indartsuena izan da aurtengoa, 4 Grand Slamekin, eta erantzun paregabea izan du jarraitzaileen aldetik Donostia, Markina, Gernika eta Hondarribian jokatutako txapelketetan eta Bilbo ere zirkuitu horren parte izan dadin ahalegina egingo dute enpresek ostiralean Deportivon jokatuko den Izarren Gauarekin.

Jai Alai World Tour 2022 zirkuituko finala jokatuko da Bizkaiko hiriburuan ostiralean eta bertan udan emaitzarik onenak bildu dituzten pilotariak arituko dira elkarren aurka; Olharan-Lopez Erkiaga-Etchetoren aurka. Jaialdiari hasiera emateko, Euskadiko Elite txapelketako finalaren errebantxa jokatuko dute emakume puntistarik onenek; Merino-Aldazabal / Arakistain-Lizardi.

Jaialdia arratsaldeko 19.30tan hasiko da eta gauean ETB-1n ikusi ahal izango da diferituan. 

Olharan-Basque, sendo Gernikan

Winter Seriesaren hirugarren jardunaldiari dagokionean, Olharan-Basquek oso kontuan hartzeko bikotea direla erakutsi zieten Gernikan bildu ziren 1.300 zaleei. Paueko aurrelariak eta Bidarteko atzelariak bi setetan gainditu zituzten Urrutia eta Aimar (15-6, 15-5) eta lau puntuez gain, 19 tantotako aldea ere hartu zuten.

Urrutia eta Aimar Pro-Am txapelketa irabaztetik heldu ziren Winter Seriesera eta ez dute lan erraza izango, baina astelehenean erakutsitakoa baino gehiago dira. Bietako inor ez zen eman dezaketen mailara heldu eta oso zail jarri zaie finalerdietara sartzea.

Bestalde, Jon Tambourindeguyk min hartu du bere eskuin belaunean eta ezin izango du laugarren jardunaldian jokatu Minvielleren aurrelari gisa. Johan-Del Rioren aurka Urko Lekerikabeaskoa gernikarrak hartuko du Bidartekoaren lekua.