Iraitz Mateo

Mikel Laboa harrapaezina papereratzeko ahalegina

‘Ni ez naiz Mikel Laboa’ komiki liburua aurkeztu dute astearte honetan Antiguako Platero tabernan. Laboaren aurpegi ezberdinak eta aldi berean, «agertu gabeak» eraman dituzte paperera Joseba Larratxek, Unai Iturriagak eta Harkaitz Canok.

Harkaitz Cano eta Unai Iturriaga ‘Ni ez naiz Mikel Laboa’ aurkezten
Harkaitz Cano eta Unai Iturriaga ‘Ni ez naiz Mikel Laboa’ aurkezten (Andoni Canellada | FOKU)

«Artea kalean dago, komunitatean, tabernan, gaur bezela; eta horregatik nahi izan dugu hona ekarri», esanez hasi du Antxiñe Mendizabal Elkarreko editoreak Antiguako Platero tabernan ‘Ni ez naiz Mikel Laboa’ liburuaren aurkezpena astearteko arratsalde honetan, gertukoenen artean. Hiru buruk eta sei eskuk sortu dute: Joseba Larratxek, Unai Iturriagak eta Harkaitz Canok.

Komikira eraman dute Laboa, egileen ustez «harrapaezina» den arren, haren lorratzei jarraika zerbait biltzen saiatu dira. Canok azaldu du zergatik den berarentzat hain iheskorra Donostiako musikaria: «Hartu dezagun bere kantu ezagun bat, ‘Txoriak Txori ’esaterako, eta berdin kantatu daiteke ezkontza batean, hileta batean, parrandan zaudela, sehaska kanta gisa... Hori oso gauza bitxia da». Eta gaineratu du entzunaldi bakoitzean zerbait berria erakusten duela, beraz etengabe doala agertzen eta desagertzen.

Mikel Laboaren figura iheskorra izateaz gain, norberarentzat ezberdina da. «Laboa entzun eta guztiok dugu geografia bat, aldarte bat, pasarte bat, kantu bat... buruan. Aurpegi asko ditu Laboak, eta bakoitzak aurpegi batzuk gehiago preziatzen ditugu», adierazi du Canok. Iturriaga ere ados da bakoitzak bere Laboa duenaren ideiarekin, baina zehaztapen bat egin du: «Bakoitzak berea duen arren, islatzen saiatu garena guztiona da, eta aldi berean, orain arte ez zegoena da».

Artistaren ibilbidea eta ingurua

Garai ezberdinak kontatzen ditu liburuak, hiruzpalau Laboa daude grafikoki islatuta. Western baten moduan hasten da komikia, Canok azaldu du «umoretsua eta jostaria» dela westerna, eta horrek «arriskua» dakarrela. Laboak berak bere ibilbidean izandako ezaugarriak direla uste du idazleak.

Artistaren ibilbidea ageri da, eta bide batean ezinbestekoak dira bidelagunak, horregatik Laboaren ingurua ere papereratu nahi izan dute lan honetan. «Agertzen da bera, eta agertzen dira bere senitartekoak eta lagunak. Baina askotan agertzen ez den bere inguru artistiskoa ere ekarri dugu orriotara, Ez Dok Amairu, Zumeta, Bartzelonako bere lagunak... Artista bera bezain garrantzitsua da bere ingurua».

Eta bere inguruaz hitz egin ostean, publikotik Antiguako bizilagun irlandar batek hartu du hitza, Barnyk, eta Laboa nola ezagutu zuen kontatu du: «Frontoi ondoko tabernara joan nintzen larunbatez, gizon bat zegoen bertan eta abesti bat ahapetik kantatzen zebilen, nik kantua ezagutu eta abesten jarraitu nuen eta tragoa atera nion. Arratsaldea pasa genuen kantu eta trago artean, eta joaterakoan galdetu nion izena, ‘Mikel’ erantzun zidan eta agurtu egin ginen. Nire lagun bat sartu zen tabernara eta esan zidan: ‘Zein lagun ospetsuak dituzun! Mikel Laboa zen!’ Eta orduz geroztik nire bihotzean beti izan du leku bat, oso gertukoa iruditu zitzaidan».

Komiki bat sei eskutara

Iturriagak komikia ez den beste bertsiorik ezin daitekeela egin aitortu du: «Komiki bezala sortu da eta komiki bezala agortzen da». Erdi brometan erdi serio adierazi dute hori beraien ustea dela, eta norbaitek telesailik edo animaziorik egin nahiko balu pozik harrituko liratezkeela.

Sorkuntza prozesua «ez-ohikoa» izan dela azaldu dute. Batzuetan lana banatzea erraza izaten dela aitortu du Iturriagak, baina kasu honetan oso lan partekatua izan dela. «Bidean eraikitzen joan den proiektua izan da: idatzi, marraztu, marraztutakoaren gainean idatzi, berriro marraztu...lan egiteko modu ezberdin bat ikasi dugu».

Lau-bost urtetan egindako lana izan dela kontatu dute, Iturriagak Mikel Laboa katedraren eskaria jaso zuenean Canorengana jo zuen laguntza eske, eta gidoiarekin hasi bezala Larratxerengana jo eta Lekeition elkartu ziren inspirazio bila.

Irudiak Larratxek egin ditu, eta Iturriagak aitortu du: «Ezinezkoak eskatu genizkion, badaezpada A eta B aukerak bidaltzen genizkion, eta harrigarria zen bere lana: A prima egiten zuen guk eskatutako ezinezkoetatik».

Euskarazko alea egongo da asteazkenetik aurrera liburu dendetan, baina aurreratu dute gaztelerazko eta katalanezko itzulpenak udaberriaren bueltan argitaratuko dituztela. Frantsesez ere argitaratuko den galdetuta, Iturriagak zorrotz erantzun du: «Oxala mundu guztian barrena zabalduko bagenu Laboaren figura, eta ahalik eta hizkuntza gehienetara, baina nori interesatzen zaio?».