
Gipuzkoa eta Bizkaiaren arteko mugikortasunak garraio publikoaren sarearen baitan urrats berri bat eman du, izan ere astearte honetatik aurrera Mugi txartela erabili ahal izango da Bilboko Metroan, linea guztietan, Barik txartelak eskaintzen dituen tarifa berberak baliatuz.
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzatik (GGLA) Rafaela Romerok partekatu dituen datuen arabera, egunero Lurraldebusekin bi mila pertsonek egiten dute bidaia Gipuzkoatik Bilbora, eta onura nabarmenak izango dituzte aurrerantzean. Helburua, esan duenez, EAEko hiru lurraldeetan txartel bakarrarekin bidaiatu ahal izatea izango da.
«Hainbat arrazoirengatik» egunero Bizkaiko hiriburura bidaiatzen duten gipuzkoarrek «aspalditik egindako eskaerari erantzuna ematen zaio honela», adierazi du, bere aldetik, Gipuzkoako Aldundiak.
Gaur egun, adibidez, Donostiatik Bilbora Mugi txartelarekin Lurraldebusen bidaiatzen dutenek 3.35 euro ordaintzen dituzte, indarrean dauden %50eko deskontuekin, eta behin Bilbon daudenean, metroan sartu ahal izango dira aipatu txartelarekin, eta 0.48 euro, 0.57 euro edo 0.62 euro ordainduko dituzte, ibilbidea egiteko jauzi bat, bi edo hiru egin behar badituzte.
Bilboko Metroko zuzendaria den Eneko Arruebarrenaren hitzetan, «Bilboko Metroan orain arte erabiltzen ziren Bat eta Barik txartelei Mugi gehituta, hiru lurraldeetako interoperabilitatean» aurrerapausoa handia da.
Norabide horretan, datozen hilabeteetan GGLA-k Bizkaian Mugi-ren ezarpena osatzeko bide-orria egina du eta, hala, hurrengo urratsa Bilbobus eta Bizkaibus zerbitzuen integrazioa izango da.
Mugi sistema Gipuzkoako lurraldean erabat finkatuta dagoen eredua da. Datu bat: lurraldeko garraiobide publiko guztietarako (Lurraldebus, Euskotren, Renfe Aldiriak, Dbus eta 9 herritako autobusak) txartel bakarra duen herrialde bakarra da. Momentuz, 346.474 bidaia egin dira 2022an, alegia, 2019an baino ia bi aldiz gehiago.

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da

Esteban se arrepiente de haber ridiculizado el caso de Getxo pero el PNV sigue minimizándolo

‘Non ote zaude?’ Argazkiko neskatoaren bila, memoria kolektiboaren bidez

Elkar argitaletxeak Hertzainaken errepertorioa baimenik gabe ustiatu zuela ebatzi du epaitegiak
