Arnaitz Gorriti

AS Monako Mike James baino askoz gehiago izan behar da Saski Baskoniarentzat

Bigarren denboraldia ari da betetzen bakarrik Montecarloko taldea, baina Joan Peñarroyaren aburuz, «Lauko Finala jokatzeko pentsaturiko» taldea da. Pasa den sasoian, hain zuzen Monacoren aurka galdu zituen Baskoniak play-offetara sailkatzeko aukerak.

Donta Hall, iaz Saski Baskoniak Monakon aurkitu zuen borreroetako bat.
Donta Hall, iaz Saski Baskoniak Monakon aurkitu zuen borreroetako bat. (@EUROLEAGUE)

«AS Monako ez da Euroligako talde historikoetako bat, baina bai Lauko Finala jokatzeko pentsaturikoa. Ez diot zortzi onenetan sartzeko, Lauko Finalera sailkatu eta berau irabazteko pentsaturikoa baino», adierazi du Joan Peñarroya, Saski Baskoniako entrenatzaileak, Monte-carlora joan eta bertoko taldearen aurka ostiral arratsaldean, 19.00etan hasita, jokatu bezperan.

Baskonia zalearentzat Mike James da talde honen erreferente ia bakarra. Azken baten, 2015ean, Ibon Navarro zela gasteiztarren entrenatzaile, Baskoniara iritsi zenean, Mike James ez zen inor Europako saskibaloian, baina zazpi urte luze hauetan Euroligako erreferente nagusienetako bat bilakatu da. Panathinaikos, Milano, Moskuko CSKA eta orain Monako zapaldu ditu antolatzaile estatubatuarrak, eta entrenatzaileekin –dela Messina, dela Itoudis, dela Zvezdan Mitrovic...– makina bat tirabira izan baditu ere, kantxa barruan inor gutxik jartzen du bere lidergoa zalantzan.

Euroligako zazpi jardunaldi pasa diren honetan, batez beste 20 puntu, 3,4 errebote, 3,4 asistentzia eta osturiko 1,9 baloi pilatzen ditu Mike Jamesek. Ondorioz, auskalo Joan Peñarroyak esan bezala AS Monako Final Fourra irabazteko kapaza den ala ez, baina bere erreferente nagusiena zein den bistan dago.

Baina ez da bakarra. «Ezin dugu markaketa estu berezi bat planifikatu Mike Jamesen aurka; gureak egin du halakorik eginez gero», ohartarazi du Peñarroyak. «Demagun markaketa berezi bat egiten diogula Mike Jamesi eta geratzea lortzen dugula. Ederto. Elie Okobok ezin diezaguke min eman? Jordan Loydek ez al liguke minik emango? Ezin dugu Monakori buruz hitz egitean Mike Jamesi buruz bakarrik hitz egin. Bai, jokalari aparta da, baina taldea Lauko Finala irabazteko eraiki dute eta ezin gara jokalari bakarrean zentratu», errepikatu du.

Mike James aztertuta, iaz Asvel Villeurbannen ari zen Elie Okobo, edo Valentzian zein Izar Gorrian eskarmentua duen Jordan Loyd izan ditu, beraz, Saski Baskoniako entrenatzaileak buruan. Normala, neurri baten, joan zen astean Panathinaikosen aurka gasteiztarren defentsak bigarren zatian erakutsi zituen zuloak aintzat hartuta. PAOk ez bezala, AS Monakok dinamita sobera dauka, eta Sasa Obradovic entrenatzailearen «akuilua» atzean deskuidatzen badira.

«Ez da ahaztu behar ostiraleko partidara azken bi neurketak galtzetik datozela», amaitu du entrenatzaile katalanak ohartarazpen txanda. «Etxetik kanpo irabaztea beti da zaila, are gehiago hain fisikoa den Euroliga batean. Egia da Euroligaren arabera oraindik Gasteizen baino ez dugula irabazi –asteon Euroligako webguneak berak hala egin du publiko Baskoniaren analisia egiteko–, nahiz eta Valentzian aurreneko jardunaldiko partida eraman genuen. Kontua ez da hori, baizik eta jaurtiketak hain erraz asmatzen ez ditugunean, defentsako lanean buruz buruko ardura hori handiagoa behar dela izan, ezin diegula aurkariei halako erraztasunez aritzen laga», gaineratu du Peñarroyak.

Barruko jokoaren zuloa

Egia da Saski Baskoniak batez beste ia 90 puntu eta 20 asistentzia lortzen dituela, erasoko datuetan Euroligako muturrean finkatuz bere burua. «Ez gara hasiberriak. Euroligan zeozer egiteko atzean sendo aritu behar dugu», adierazi zuen, bestalde, Tadas Sedekerskisek asteazken arratsaldean.

Monakoren aurka ez dute ez Steven Enochek ezta Daulton Hommesek ere jokatuko, nahiz eta Saski Baskoniako entrenatzailearen ustez, «datorren asterako» prest izango ote diren itxaropenik badagoen. Hau da, datorren astean Baskoniak hiru partida jokatu beharko ditu: Zalgirisen aurka etxean eta Bartzelonaren kontra Palau Blaugranan Euroligari dagokionez, eta Girona jasoko du Zurbaon ACB Ligako jardunaldia errematatzeko. Ordurako jokalari guztiak jokatzeko moduan izateko itxaropena badu Joan Peñarroyak, baina horrek esan nahi du ostiraleko partidan ez direla izango; hau da, joan zen astean oso bistakoa egin zen zulo horrek berak hortxe iraungo duela Baskoniaren uztaipean.

«John Brown, Motiejunas eta Adrien Moermanekin barruko joko oso ona osatu du Monakok», egin dute bat bere adierazpenetan berdin Peñarroyak nola Sedekerskisek. «Tarteka hirukoak sartuta partidaren bat irabaztea posible da, baita etxetik kanpo ere, baina Gasteiztik urruti jokatzen dugunean, askoz sendoago aritu behar dugu. Panathinaikosek puntu erraz larregi sartu zizkigun eta hori ez da modua», egiten zuen autokritika Lituaniako hegal-pibotak.

Autokritika hori historian atzera begira ere egin litekel, ordea. Pasa den otsailean Errusiak Ukraina inbaditu eta gero, Europan noraezean zebilen Saski Baskoniak Euroligako Top 8an sartzeko aukera bat aurkitu zuen, baina azkenean Top 8 horren atarian geratu zen, martxoaren 25ean Monte-carloko Salle Gaston Medecin pabiloian 78-68 galdu eta gero.

Orduan ere Mike James gora eta Mike James behera aritu zen mundu guztia partida bezperan, baina neurketa ez zuen berak erabaki; 9 puntu –11 jaurtiketatik 3 sartu zituen, eta bi jaurtiketa libre– ziztrin, 4 errebote eta beste 4 asistentzia pilatu zituen. Baina Baskonia dantzan aritu zen eta 57-36 galtzen izan zen.

Hala ere, ia azken kartutxoa erretzeko, Neven Spahijak Granger, Alec Peters, Marinkovic eta Sedekerskis kantxaratu zituen eta 69-62raino hurbildu ziren gasteiztarrak. Hasiera baten defentsako errebotea itxi ezinik sekulakoak eta bi sufritu arren, azkenerako gasteiztarrek beraiek lortu zuten Monakoren uztaipeko erreboteen jabe egitea.

Baina ezin denean ezin da, eta 7-0eko partzial batekin bermatu zuen garaipena Printzerriko taldeak, egun beste talde batzuetran ari diren Leo Westermann eta Will Thomas beteranoen eskutik.

Egun hartan nekea funtsezkoa izan zen partidaren nondik norakoa ulertzeko. Hasteko, martxoko hamaikagarren dema jokatzen zuten gasteiztarrek, eta horrez gain, inork ere aitzat hartzen ez zituen bi jokalarik, Donta Hall eta Alpha Diallok emandako ekarpena. Bada, bai Hall eta bai Diallo, biak ala biak ostiraleko neurketan izango dira AS Monakoren kamisetarekin, horrek esan nahi duen guztiarekin: errebotean sendotasuna, errotazio sakona Sasa Obradovicentzat eta baldin eta Mike Jamesek egun txarra baleuka, hamaika alternatiba Saski Baskoniari lanak zailtzeko.

«Europan goraino iristeko defentsa sendotu behar da», dio Sedekerskisek, eta Enoch zein Hommes gabe, errebotean sekulako buruhaustea konpondu beharko du Joan Peñarroyak. Hori guztia konpontzen badu bakarrik arduratu beharko du talde gasteiztarrak Mike Jamesekin. Eta orduan ere ez da bakarrik egongo Saski Baskoniako jokalari ohia, «Lauko Finalera» iristeko pentsatuta omen dago-eta Monako.