Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Elkarrekin praktikatuz, pausoz pauso euskaldunontzako herri erosoa xede

Hizkuntza portaerak euskarara gehiago erakartzea da Euskaraldiaren xedea. Abiapuntuak ezberdinak dira: batzuek euskaraz egiten dute biziaren zati handi bat; bertzeak, euskara ulertu arren, honetatik urrun daude. Baina beti dago pausoak emateko aukera. Hori da asmoa, babes eta konplizitate giroan.

Ostegunean, Euskaraldia hasteko bezperan, mintzodromoa egin zuten Donostian ahobizi eta belarriprest txapak banatzearekin batera.
Ostegunean, Euskaraldia hasteko bezperan, mintzodromoa egin zuten Donostian ahobizi eta belarriprest txapak banatzearekin batera. (Jon URBE | FOKU)

Pedagogia sozial ikaragarria egiteko aukera ematen du ostiral honetan abiatu eta abenduaren 2ra arte eginen den Euskaraldiak. Sustatzaileek arau sozial bihurtu nahi dituzte hainbat portaera, defektuz egin ditzagun: lehenengo hitza beti euskaraz, aurrean duguna ezezaguna bada ere. Ulertzen badigu, euskaraz jarraituko dugu, nahiz eta bertzeak gaztelaniaz edo frantsesez erantzun. Eta euskaldunak euskaldunari euskaraz.

Ariketa sozial masiboa da Euskaraldia, eta garrantzia ematen diote antolatzaileek masibotasun horri, babes eta konplizitate horri. Horrela izan dadin denboran mugatua izan behar du ezinbertzean, 15 egunetan. Baina horrek ez du erran nahi proposamena 15 egunerako denik; urte osorako da. Aurtengo edizioak badu berezitasun bat, amaitu eta biharamuna, abenduaren 3a, Euskararen Eguna izanen da, eta xedea da hurrengo egun guztiak ere hala izatea.

Bertze elementu inportante bat da praktika hau euskararen eremu guztietan batera eginen dela, Nafarroako, Ipar Euskal Herriko eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eragile sozial eta instituzionalen elkarlan handi batean, elkarren aitortza eginez: hanka sozialak ezingo luke bakarrik, instituzionalak ere ez.

Ariguneak

Ahobizi, belarriprest eta ariguneak izanen dira egunotan protagonista. Ahobiziak dira ulertzen duten guztiei euskaraz eginen dietenak, eta belarriprestak, solaskideei beraiekin euskaraz egiteko erranen dietenak, nahiz eta beharbada bertze hizkuntza batean erantzun. Ezpainen eta belarrien marrazkiak dituzten txapak lehendabiziko edizioan jarri genituen kolkoan, 2018an. Ariguneak bigarren edizioan sortu ziren, pandemia betean, eta agian ez dira hain ezagunak. Horregatik zentratuko gara horietan erreportaje honetan, Manuel Moreno Euskaraldiko lantaldeko kideari eta hainbat arigunetako lagunei eskutik hartuta.

Euskaraz lasai aritzeko guneak dira ariguneak. Bi baldintza bete behar dituzte: kide guztiek euskara ulertzea, eta denek edo denek ariketan parte hartu nahi izatea ahobizi edo belarriprest bezala. «Espazio horietako kideek estres linguistikorik gabe egin dezakete euskaraz. Talde erabaki horrek sekulako babesa ematen dio norbanako bakoitzaren portaerari, ahalegin kolektibo baten sentsazioa sortzen du, baita lorpen eta onura kolektiboarena ere», azaldu du Morenok.

«Norbait ahobizi edo belarriprest txaparekin ikustean konplizitatea sortzen da: badakit zertan ari zaren, badakit badakizula zertan ari naizen, eta oso polita, motibagarria, indartsua da hori. Hori bera arigunera eramanda talde kohesioa indartzen da».

 

Entitate bakoitza motibo batengatik ari da parte hartzen. Bat izan daiteke bezeroei kalitatezko zerbitzua ematea. Bertze bat inguruarekin bat egitea...

 

Ariguneek Euskaraldiaren partaide izateko aukera ematen diete entitateei. Funtzio garrantzitsua betetzen dute haien baitako ariguneak identifikatzen. 2020ko edizioan, 6.000tik gora entitate, 8.300 egoitza, eta 25.000 arigune inguru izan ziren. Hirugarren honetan, aurrekoan parte hartu zuten horiek parte hartzea berretsi ahal izan dute,  eta entitate berriei zabaldu diete atea.

«Zorionez, milaka eta milaka dira, sektore guztietakoak: industria, kirola, merkataritza eta ostalaritza, herri mugimenduak, finantza, kultura... Tamaina eta lurralde guztietakoak dira, gainera», nabarmendu du antolatzaileak, aniztasunarekin pozik.

Behin ariguneak identifikatuta, prestakuntza eskaini diete, ariketa ahalik eta erosoen egin dezaten. Hala eraginkorra izanen da. Badakite denbora beharko dela, baina langar moduko bat da, euskara gehiago egiteko.

Navarrabiomed

Iruñeko Navarrabiomed ikerketa zentroa da Euskaraldian ariketa eginen duen milaka entitateetako bat. Zehazki, bertako komunikazio saila izendatu dute arigune eta bertako kidea da Sonia Aizpuru. Kontatu digunez, osasun arloko zentro honetan 165 langile dira eta ez dakite zein den euskalduna eta zein ez. Euskaraldiari esker, identifikatu eta mintzatzeko aukera dute.

Entitate baten xedea torlojuak egitea da, bertzearena pertsonak orraztea, tomateak batzea edo golak sartzea. Euskaraldiaren asmoa da hizkuntza beti hor dagoela ohartaraztea eta hizkuntzekin zer egiten duten hausnarraraztea.

 

Duela bi urte ere parte hartu zuten eta esperientzia ona izan zen. Aurtengoan Navarrabiomeden hamargarren urteurrenarekin batera egokitu da euskara gehiago egiteko praktika, eta beren ikerketa azaltzeko erakusketa interaktiboa prestatu dute euskaraz. Ikasleentzako bisita bat ere antolatzen ari dira, hura ere euskaraz. «Sare sozialetan eta webgunean bi hizkuntzetan dugu guztia, saiatzen gara».

Ikerketa zentroa izaki, edonongo jendea hartzen dute eta langileen artean gehiengoa ez da euskalduna. Elkarrizketa egin baino lehenxeago jaso ditu Aizpuruk txapak eta gure aurrean zenbatu ditu: «16 ahobizi eta 10 belarriprest, ez dago gaizki, ezta?».

Bulegotik bulegora ibili da: «Apuntatu zarete?». Eta izena emana ez zutenak bultzatu ditu, pedagogia eginez: «Txapa eramaten baduzu konpromisoa hartu behar duzu lehen hitza euskaraz egitekoa».

Oraingoan fokua ez dute hainbertze jarri barrenera begira, urteurrenean harrapatu dituelako ariketak, baina asmoa dute hurrengorako plan bat egiteko. «Jendea animatuta dago, eta eskertuta. Giroa dago jada», adierazi du komunikazioko kideak.

Setalde Group

Setalde Group energia enpresa ere animatu da ariketara. Beatriz Castro Cuberok azaldu digu nola. «Joan den edizioan parte hartu genuen eta jendeak saiakera egin zuen. 80 langile gara. Barnean gaztelaniaz aritzen gara eta bezeroekin ele bitan. Lanpetuta gabiltza baina ahaleginduko gara oraingoan ere. Niretzat erronka da, oso gutxi ulertzen dut euskara, baina badira ulertzen duten langileak. Itzulpenek laguntzen digute».

Lasarte-Oria, Donostia, Eskoriatza, Azkoitia eta Urnietan dituzte lantegiak eta guztietan osatu dituzte ariguneak.

Debasket saskibaloi kluba

Debako Debasket saskibaloi klubeko testigantza eman digu Roke Arantzamendik. Herrian saskibaloia kirol berria da, duela sei urte sortu zuten kluba. Zuzendaritza eta jokalari gehienak euskaldunak dira, baina badira entrenatzaile batzuk euskaraz jakin badakitenak baina dexente kostatzen zaienak. Askotan gaztelania erabiltzen dute.

«Funtzinamenduari dagokionez errazagoa da zuzendaritzan kudeaketarako euskara erabiltzea. Gurasoekin, gero eta gizarte anitzagoa dugun neurrian, bi hizkuntzatarako joera dugu. Saiatzen gara euskaraz lehen hitza egiten, ardatz bezala, baina mezuak bi hizkuntzetan jarri behar izaten ditugu».

Entrenamenduetan, entrenatzailearen arabera izaten da. Bik joera gehiago daukate gaztelaniaz egiteko, beren hizkuntza ohitura horretan oinarritzen delako, eta bertzeak euskaraz mintzo dira.

«Oraingoa da Euskaraldian arigune gisa parte hartuko dugun lehenengo aldia. Gure burua bultzatu nahi dugu urratsak ematera. Kluba berria izanik, nahiko lan badugu, dena boluntarioa da gainera, baina gure buruari lan bat gehitzea erabaki dugu».

Agertu duenez, gehiengoarentzat ez du suposatzen esfortzu handirik, orokorrean nahiko erabilerako hizkuntza dutelako euskara, irudi hori dute behintzat. «Gero segur aski konturatu baino gehiago erabiltzen dugu gaztelania, gaztelaniarako eta ingeleserako joera handia dago hitz teknikoetan eta egindako esaldietan».

Saskibaloia berak espero baino erdaldunagoa dela erran du, «nahiz eta konfederazioak urrats handiak eman dituen».

Klubean 80 bat lagun daude jokalari, entrenatzaile eta antolatzaile artean. Errazenetik hasi eta poliki-poliki joan nahi dute. «Bi bultzatzaile nagusiok euskararako joera dugu, eta etorkizunera begira bigarren urrats hori egin nahiko genuke entrenatzaile batzuekin, belarripresten rolarekin, ulertu ulertzen dutelako».

8 urtetik 35 urte bitarteko jokalariak dituzte. Deba, Mutriku eta Mendaron haurrekin lan egiten dute eta aisialdia euskararekin lotzearen garrantzia azpimarratu du Arantzamendik, «euskara eskolako hizkuntza bilakatzen ari dela dirudi-eta».

Ermuko Anboto burdindegia

Ermuko Anboto burdindegiko langilea da David Gomez, Nerea Iriondorekin batera. Bi autonomo laguntzaile ere badituzte. «Nire aita Burgosekoa da, ama Ermuan jaio zen eta euskaltegira apuntatu zen amama izan zenean. Beti egin dugu euskararen alde. San Martin azoka izan berri da eta han ibili gara, edozer egiteko prest».

Euskaraldiak alde egoteaz gain praktikatzea eskatzen du eta bigarren urtez animatu dira Anboto burdindegikoak. Ermuko Euskaraldiko taldean ere parte hartu du Gomezek. Elkarrizketaren ondotik bideo bat grabatzekoak ziren herrian Euskaraldirako eta partaide izan behar zuen.

Joan den edizioan arigune izan zirenetik dendan bezeroek euskara gehiago egiten diotela nabaritu du. Lehen, ez zekiela pentsatuz gaztelaniaz egiten zioten askok. Nerea lankidearekin, aldiz, euskaraz aritzen ziren beti. Etxean eta lagunekin zailagoa zaio Gomezi ohitura aldatzea baina dendan lortzen ari da.