NAIZ

Euskaraldi digitala ere abian da

Euskaraldiak sarean ere isla izan dezan «Euskaraldi digitala» abian da. Sare sozialetako edukia euskaraz sortzea eta gailuen bidezko komunikazioa ere euskaraz izatea dira helburu nagusiak. Ahobizi eta belarriprest roletatik harago, ariguneak ere sortuko dituzte.

Euskaraldiaren aurkezpena atzo, Iruñean.
Euskaraldiaren aurkezpena atzo, Iruñean. (Iñigo Uriz | FOKU)

Euskaraldiak hizkuntza ohiturak astintzeko helburua du, eta egungo testuinguruari erreparatuta Euskaraldiko antolatzaileen ustez «ingurune digitalak gero eta pisu nabarmenagoa du», horregatik ahobizi edo belarriprest digitala aktibatzeko proposamena egin dute. Baita arigune digitalak sortzeko proposamena ere.

Ariketa bera ingurune digitalean egitera animatu ditu herritarrak Euskaraldiak. Whatsapp, Telegram eta antzekoetan euskaraz egin eta taldeko beste kideak euskaraz egitera bultzatu ditu; sare sozialetan edukiak euskaraz argitaratu eta erantzunak euskaraz eman, horiek bi irizpide nagusiak.

Horretarako, garrantzitsutzat jo dute gailuak ere euskaraz konfiguratzea; eta horretarako www.lehenhitza.eus webgunea erabilgarria dela azpimarratu dute. Kutxazain, TAO makina eta bestelako gailu eta webguneetan euskara hautatzeko gonbitea egin dute.

Ingurune digitalerako eskura dauden tresna batzuk gogorarazi dituzte: mugikor eta nabigatzaileak euskaratzeko, aipatutako lehenhitza.eus; itziltzaile automatikoak: itzultzaile neuronala edota Elia Elhuyarren itzultzailea esate baterako.

Aritzeaz gain sare sozialetan hautatutako rola partekatzeko deialdia ere egin dute.

Arigune digitala

Euskaraldi «arruntean» bezala, euskaraldi digitalean ere ariguneak sortzearen apustua egin dute. Horretarako esan dute euskaraldia ariketa sozialean hartutako rola kideekin eta gainontzeko herritarrekin betetzeko gailuen bidezko komunikazioari dagokionean ere.

Telefono harreran ahobizi edo belarriprest diren kideak horrela identifikatu eta rol horien baitako ariketa egitera bultzatu ditu herritarrak. Sare sozialei dagokionez, euskaraz aritzeko eta galderei euskaraz erantzuteko deia egin dute. Eta mezu elektronikoetarako ere zehaztu dituzte irizpideak: ulertzen dutenekin euskara hutsez egin, zalantza dagoen kasuetan testuaren bukaeran itzultzaile automatikoaren lotura eskaini eta sinaduran txapa digitala txertatu 15 egunez.