NAIZ

Arrizabalaga-Gaminde eta Arrillaga-Aldai, lau eta erdiko Master Laboral Kutxako finalerdiak

Olatz Arrizabalaga Enara Gaminderen aurka eta Miriam Arrillaga Amaia Aldairen aurka, goi mailakoak izango dira abenduaren 4an Matienan jokatuko diren Master Laboral Kutxako finalerdiak.

Asteburu honetako final-laurdenetako partida bat.
Asteburu honetako final-laurdenetako partida bat. (MASTER LABORAL KUTXA)

Asteburu honetan Zaratamo eta Berrizen jokatu dira Master Laboral Kutxako final-laurdenetako kanporaketak. Txapelketak ez du barkatzen eta jardunaldiek aurrera egin ahala faboritoek euren dohain guztiak kantxara atera dituzte eta aurtengo txapela inoiz baino garestiagoa egongo dela berretsi dute egungo espezialistarik onenak bildu dituen jardunaldian.

Hala, final-laurdenetan garaile atera dira Olatz Arrizabalaga, Enara Gaminde, Miriam Arrillaga eta Amaia Aldai. Hala, Arrizabalaga-Gamindek eta Arrillaga-Aldaik jokatuko dituzte finalerdiak abenduaren 4an Matienan.

Final-laurdenetako markagailuak nahiko nabarmenak izan diren arren, ez dute erabat erakusten kantxan gertaturikoa eta Berrizeko frontoia goraino bete duten pilotazaleen txaloek ere hala erakusten dute, pilotarien gozamenerako.

Lehen egunetik txapela janzteko hautagai nagusiak zirenek argi erakutsi dute pronostiko horien zergatia. Esaterako Amaia Aldai, egungo txapeldunak, garaipena errepikatzeko sasoian dagoela erakutsi du Laia Salsamendi gazteari 22-4 irabazita.

Lesio larri bat gainditu osetan, aurrelari nafarrak oso itxura ona eman zuen lehen kanporaketan, baina Berrizen ezer gutxi egin ahal izan du oraindik koxka bat gorago dagoen aurkari baten aurka. Matienan, ordea, lehen mailako aurkari bat izango du parean, Biarritzen zilarrezko domina jantzi zuen Miriam Arrillaga. Gipuzkoarrak 22-5 gainditu du Mendizabal.

Eta zer esan Arrizabalaga eta Gaminderen arteko finalerdiaz. Ohituta gaude dagoeneko bi bizkaitarrak txapelketa gehienetako final eta finalerdi guztietan ikusten eta lau eta erdiko Master Laboral Kutxa hau ez da salbuespen bat izango. Gernikarrak nagusitasunez irabazi zion Zaratamon Leire Garai gasteiztarrari (22-8) eta atzelaria izanagatik, Laukizko pilotariak kaiolako hau oso ondo prestatu duela erakutsi du Maddalen Etxegarai seian utziz.