NAIZ

EAJk Loiolako lur-sailaren salerosketa «Donostiarekiko duen konpromisoaren adierazletzat» jo du

Loiolako Kuarteleko lur-sailak erosi ditu Donostiako Udalak espainiar Gobernuarekin egindako negoziaketa batzuk direla eta. Goia alkateak adierazi du 1.700 etxebizitza eraiki ahal izango direla lur horietan «hiriaren hedapenerako».

Eneko Goia eta Aitor Esteban Loiolako Kuartelaren parean, agerraldian.
Eneko Goia eta Aitor Esteban Loiolako Kuartelaren parean, agerraldian. (EAJ)

Igande goizean egin dute agerraldia Eneko Goia Donostiako alkateak eta Aitor Estebanek, espainiar diputatuen Kongresuan EAJren bozeramaileak, Loiolako lur-sailen salerosketaren balorazioa egieko. Alkateak esan du «aurrerapen eta mugarri historikoa» izango dela Donostiarentzat. Eta 1.500-1.700 etxebizitza eraikitzeko asmoa dutela.

73,3 milioi euroren truke eskuratu du, azkenean, Donostiak aipatutako lur-saila. Goiaren arabera «salerosketari esker egun erabilera militar pribatua duen lur-saila hiriarentzat erabilera publikoa izateko berreskuratu ahal izango da». Eta aurrez iragarri zuten bezala etxebizitzak egiteko baliatuko dutela lur-saila berretsi du.

Orain dela bi urte hasi ziren espainiar Gobernuarekin negoziaketetan, eta Estebanek azpimarratu du negoziaketa gogorrak izan direla: «Negoziazioak beti izaten dira gogorrak, baina hauek bereziki zailak izan dira». Hala ere, alderdiaren lan egiteko modua goraipatu du eta Goia alkatearekin «uneoro kontaktua mantenduz» lan egin dutela azaldu.

1.500 eta 1.700 etxebizitza bitartean eraiki ahal izango dira Goiaren esanetan, eta horrek «hiriko etxebizitza parkea kontsolidatzen» lagunduko duela adierazi du. Gaineratu du Urumea ibaia ingurune horretan integratuko dutela, «bere ekologia eta paisaia balioa zainduz». Hiriaren egituraketez ere mintzatu da Goia alkatea. Eta azpimarratu du Loiolako kuartelaren ingurua zela «hiriaren hedapenerako» falta zen zatia. Eta proiektu honekin «Erdialdea eta Intxaurrondo lotzeko aukera» izango dela.

Aurrekontuen negoziazioa ez da amaitu

Egun espainiar Gobernua tramitatzen ari den aurrekontuen negoziaketan Donostiak ere islada izango duela esan du Estebanek: «Donostian beste hainbat inbertsio egitea lortuko dugu». Orain arte egindako proiektuak goraipatu ditu diputatuak, Loiolako kuartela eta Añarbeko Behe-Kanala berritzeko proiektua egiteko lortutako 36 milioi euroko «bultzada». Estebanek azaldu duenez, aurrekontu-sail berri horiek Goiak aipatutako proiektuez gain, 10 milioi euro ere aurreikusten dituzte Loiolako Hondakin uren Araztegiarentzat.