NAIZ

«Udalak nirekin euskaraz» kanpaina abiatu du Iruñeko euskalgintzak eskubide urraketak salatzeko

«Udalak nirekin euskaraz» kanpaina abiatu du Iruñeko euskalgintzak, egun ematen diren eskubide urraketak salatzeko. Euskaraldiaren baitan egiten den ekimen honekin Iruñean euskara bigarren mailako hizkuntzatzat hartzen jarraitzen dela azalarazi nahi dute.

Iruñeko euskalgintzak «Udalak nirekin euskaraz» kanpaina aurkezteko egin duen agerraldia.
Iruñeko euskalgintzak «Udalak nirekin euskaraz» kanpaina aurkezteko egin duen agerraldia. (KONTSEILUA)

«Udalak nirekin euskaraz» kanpaina abiatu du Iruñeko euskalgintzak, egun ezartzen diren mugak eta eskubide urraketak salatzeko helburuarekin.

«Hiriko euskararen ordenantzan bertan, euskara ez da gaztelaniaren pare ezartzen, Udalaren egunerokotasunean euskara bigarren planora zokoratzen dute, ez dira zerbitzuak euskaraz berdintasunean bermatzen, euskarazko berri gutxiago zabaltzen dira, aisia eta kultur eskaintzetan euskarazko aukerarik ia ez dugu, udalaren argitalpen eta euskarrietan ia ez da euskarazko alerik argitaratzen, Udalaren ekitaldi eta jarduera publikoetan euskarari ia ez zaio presentziarik eskaintzen...», salatu dute Euskaraldiaren barnean Iruñean egin duten agerraldian. AEK, AET, ELA. Haur Eskoletako Gurasoak, IKA, LAB, Sortzen, Steilas eta Zaldiko Maldiko taldeetako ordezkariak izan dira.

«Herritarrekiko gutxiespena»

«Horiek guztiak adibideak baino ez dira, eta atzean ez dago euskararekiko jarrera kontua soilik, euskaraz bizi nahi duten herritarrekiko gutxiespena baizik. Hiriaren berezko hizkuntza da euskara, eta, beraz, Udalak euskararen presentzia berdintasunean bermatzeak, gutxitutako hizkuntza sustatzearekin batera, herritarrek euskara eroso erabili ahal izatea ziurtatuko luke», gaineratu dute.

Gauzak horrela, urtetan Iruñeko Udalarengandik jasotako hizkuntza eskubideen urraketak bildu nahi dituzte. Adibide bezala, Udaleko telefono batera deitzea eta euskaraz artatua izateko beranduago deitzeko erantzuna jaso. Edo Udalaren ekitaldi batera joan eta dena gaztelaniaz izatea. Edo Udalaren euskarazko iragarki baten ondoan gaztelerazko mordoa ikustea. Edo Udalaren jakinarazpenak gaztelania hutsean jasotzea. Edo abar luze bat.

Horretarako kontakturako bide desberdinak martxan jarri dituzte urtarrilaren 31 arte herritarren salaketak jasotzeko. Emailez telefonoa@behatokia helbidean, WhatsApp-ez 623363811 zenbakian, telefonoz 948146172 zenbakian edo Twitterren #UdalakNirekinEuskaraz traola erabiliz.

«Administrazio publiko zein erakundeetatik ezin da euskararen alde eta euskara errespetatzen dela esan, gero, egunerokotasunean, euskaraz bizi ahal izateko neurrien kontra egin edo hizkuntza eskubideak bermatzeko neurririk hartzen ez bada», gaineratu dute.

Jasotzen dituzten urraketa guztiak Behatokira heleraziko dituzte, txosten berezitu batean Iruñelo Udalean gertatzen dena islatzeko.