Andoni Arabaolaza

Euskal mendizaletasunaren museoak aterpe hartuko du Tolosan

Asteazken honetan egingiko ekitaldian aurreratu dute Arkaute etxean altxatu nahi den museoak bi urte barru ateak zabalduko dituela. Ekimen horrek mendizale historikoen, euskal mendizale federazioetako presidenteen eta mendiko kultura sustatzen duten hainbat eragileren babesa jaso du.

Maiz esaten da mendizaleek nomada itxura dutela. Agian horregatik, euskal mendizaletasunaren museoa alde batetik bestera ibili da kokaleku finko bat lortu gabe. Baina, azkenean, egoera hori irauli egin da. Eta EMMOA Fundazioak bultzatutako ekimen horrek, azkenean, behin betirako atepea hartuko du. Tolosako Arkaute etxean izango du egoitza.

Eraikina, berez, zaharberritu behar dute, eta ostegun honetan eginiko prentsaurrekoan museoa aurrera eramateko izenpetu den hitzarmenean aurreratu dute asmoa dutela 2024. urterako amaitzea edo prest egotea. Data hori, gainera, oso sinbolikoa da; izan ere, urte horretan Alpinismoko euskal-nafar Federazioaren sorrerak ehun urte betetzen ditu.

Hortaz, museo “berri” horretan ikusgai jarriko dira interes historikoko pieza eta dokumentu asko. Eta horren atzetik ibili direnak EMMOA bera eta Hego Euskal Herriko bi mendizale federazioak izan dira. Hauek Tolosarekiko interesa adierazi zioten Udalari. Eta udal ordezkari guztiei aitortu behar zaie izan duten jarrera, besteak beste, den-denek bat egin dutelako egitasmo horrekin.

EMMOAk dagoeneko museo-proiektua garatu du, eta Euskal Mendizale Federazioak obra-proiektua egiteko konpromisoa hartu du bere gain. Horrela, Tolosako Udalak eraikina egokitzeko obrak egiteko baliabideak jarriko ditu.

Babes beroa

Aipatu dugun bezala, sinatu den egitasmo honek babes handia izan du bere inguruan. Eta gaurko aurkezpenean babes horrek indar handia hartu du. Eta hori diogu museoari “berotasuna” emateko izen handiko eragileak hurbildu direlako: mendizale historikoak, euskal mendizale federazioetako eledunak, mendiko kultura bultzatzen duen Mendi Film Jaialdiaren presidente Jabi Baraiazarra…

Tolosako alkate Olatz Peon izan da aurkezpen horretan hitza hartu duen lehena, eta adierazi du gaurko eguna data inportantea dela Tolosarentzat zein euskal mendizaletasunarentzat: «Eraikina eraberritu behar dugu, baina ilusio handiarekin gaude lanekin hasteko. Gainera, uste dugu Tolosa kokapen egokia dela museoarentzat. Bide batez, EMMOAren lana aitortu nahiko nuke. Gure babes publiko osoa du, eta eragile hauekin elkarlanean aritzeak ilusioa egiten digu».

Fundazioaren aldetik, Txomin Uriarte presidenteak txalotu du Tolosako Udalaren eta Hego Euskal Herriko bi federazioen lana: «Ulertu dute museo honek garrantzi handia duela. Zalantzarik gabe, mendigunea eta erreferentea izango da».

Azkenik, aurkezpen honetan Euskal Mendizale Federazioaren eta Mendi eta Eskalada Kirolen Nafar Federazioaren presidenteak elkarrekin agertzea keinu ederra izan da. Federaziook bi urte daramatzate harremanak estutzen eta hainbat lan elkarrekin aurrera ateratzen. Zigor Egiak eta Martin Montañesek helburu oso handia dute esku artean: arestian aipatu dugun lehen euskal mendi federazioaren 100. urteurrena elkarrekin antolatzea eta ospatzea.

Egiak azpimarratu du euskal mendizaletasunarentzat gaurkoa eguna historikoa dela: «Garaia zen museoa kokapen finko bat izan zedin. Zor hori hor zegoen, eta, orain bai, errealitatea bihurtu da. Ederra izango litzateke ehungarren urteurrena hemen ospatzea».

Montañesek antzeko adierazpenak egin ditu, eta gehitu ere euskal mendizaletasunaren ondarean lanean jarraituko dutela: «Angel Oloronen, Juan Mari Feliuren… ondareak jaso behar ditugu. Bide batez, bi euskal federazioon elkarlana azpimarratu nahi nuke».