Andoni Arabaolaza

Gorka Karapeto 9a+ mailara igo da ‘Zeleputza’ bidearekin

Eskalatzaile azpeitiarrak Ilarduian dagoen bide horren hirugarren igoera sinatu berri du. Erresistentzian oinarritzen den ‘Celedon Txiki’ eta ‘Harroputza’-ren lotura hori iaz eskura izan zuen.

«Zahartzen ari gara, baina gerra ematen jarraitzen dugu». Adierazpen hori Gorka Karapetok NAIZi egin dio ‘Zeleputza’ bidea kateatu eta gero. Zalantzarik gabe bat egiten dugu hitz horiekin; izan ere, 41 urteko eskalatzailea marra horrekin kirol eskaladako bere ibilbidean maila gorenera heldu da. Hots, 9a+ zailtasunera.

Azpeitiarrak ez du aurkezpenik behar. Azken bi hamarraldiotan, euskal eskalatzaile emankorrenetarikoa dugu. Bederatzigarren esferan sartu direnen artean, Karapetoren sinadura beti lehen lerroan izan da. Ezin da ukatu uzta oparoa erdietsi duela. Denera, 9a mailako zazpi bide egin ditu. Lehena 2008. urtean ‘Sistematik ihes’ izan zen. Ondoren, ‘Esclatamasters’, ‘Begi puntuan’, ‘Celedon’, ‘Estado critico’ eta ‘Supernowa’ batu ziren. Eta zirkulu hori duela hiru urte itxi zuen ‘Harroputza’-rekin.

Hain zuzen ere, Ilarduian dagoen azken bide horrek badu ondorio zuzena eskalatzaile gipuzkoarrak egin berri duen bere azken jarduerarekin. Eta hori diogu ‘Harroputza’ eta ‘Celedon Txiki’ (8c+) bideen loturarekin ‘Zeleputza’ sortu zen. Iker Pouk ekipatu zuen, baina lehen igoera iazko abuztuan Jonatan Flor-ek lortu zuen. Uda horretan bertan, Alex Garriga izan zen lehen errepikapenarekin egin zena. Garai haietan Karapeto oso gertu ibili zen, baina hilaren 13ra arte itxaron behar izan du bigarren errepikapena egiteko.

Aipatu dugu ‘Zeleputza’ iaz oso gertu izan zuela, baina hainbat gorabehera tarteko Ilarduiako marra horretan egiten ari zen prozesua bertan behera utzi behar izan zuen: «Nire asmoa uda honetan proiektu hori biribiltzea zen. Bederen, saiatu. Baina maiatzean Cuencan eskalatzen ari nintzela hatz batean min hartu nuen. Argi neukan erabat osatu arte ez nuela ‘Zeleputza’-n ekinaldirik egingo. Eta hori egin dut. Gainera, Ilarduian udazken honetan eguraldiarekin eta baldintzekin zortea izan dugu. Urriaren amaieran bide horren aurrean nengoen, eta pare bat astean kateatzeko aukera izan dut».

‘Zeleputza’ bezalako bideak oso gustuko ditu Karapetok. Erresistentzian oinarritzen da, eta batez ere marraren bigarren zatian, 20 mugimendutan, helduleku txikietan ondo baino hobeto estutu behar da: «Onartu behar dut berriro itzuli naizenean ez dudala arazorik izan pausu guztiak gogoratu ahal izateko. Ekinaldiak hasi eta hirugarren egunean den-dena ematen saiatu nintzen. Sasoiari dagokionez, iaz baino hobeto nengoen. Azken pausu gogorrenean hainbat eroriko izan eta gero, konturatu nintzen nekatuta nengoela ‘Zeleputza’-n egiten ari nintzen ekinaldiekin. Astebeteko atsedena hartu nuen, eta horrek asko lagundu nau bide horretan behin betiko arrakasta izateko. Marra horretan egin dudan prozesua oso aberasgarria izan da. Oso zuzena eta agerikoa da, eta, ezaugarri nagusia erresistentzia denez, den-dena ematera eta nekea ondo kudeatzea eskatzen dizu. Erritmo egokia eraman behar duzu; izan ere, itotzen zaituen bide bat da».

Eskarmentuaren giltza

Karapeto ezagutzen duen edonork badaki gaitasun itzelak dituela jarduera gogorrak aurrera atera ahal izateko. Motibazioa, grina, sasoia, estiloa… Osagai horiek guztiak lapiko batean beratzen jarri dituenean, eskuarki, emaitza bikainak izaten ditu. Kirol eskaladan ibilbide oparoa egiten ari da. 8c mailako lehen bidea, adibidez, 19 urterekin egin zuen. 9a+ zailtasuna, berriz, 41 urterekin heldu zaio: «22 urte behar izan ditut maila horretara heltzeko. Denbora asko ote den? Gerorako zer do zer utzi behar nuen, ezta? (kar-kar). Beti gustatu egin zait nire ibilbidean urrats berriak egitea. Zailtasun horretako bideak saiatzeko oso motibatua egon behar da. “Zeleputza”-ren berri nuenez eta etxe ondoan dagoenez, proiektu bezala hartzea otu zitzaidan».

9a+ mailan sartzeko, euskal eskalatzaileak urte horietan guztietan oinarri sendoak finkatu ditu: denera, 9a zailtasuneko zazpi bide kateatu ditu. Eskarmentua, beraz, giltza izan da arrakasta berri hori lortzeko: «Iritzi horrekin ez dut zalantzarik. Orain arte ikasitako guztia praktikan jarri dut. Jakina, sasoiko egotea ezinbestekoa da; motibatua ere. Eta azkenaldiotan indartsu eta oso aktibo nago. Ez naiz garai bateko eskalatzaile urduri hori; egun, askoz ere lasaiago jarduten dut. Finean, eginiko ibilbideak eite hori indartu nau. Denbora igaro da, adinean aurrera noa eta argi dut erronka berriak beste ikuspuntu batetik heltzen ditudala. Presarik gabe, prozesuan ikasten eta egiten ari naizenarekin gozatzen».

Bederatzigarren esferari Karapetok plus gehitu dio, eta, aipatu dugunez, ez zaio gehiegi kosta «mundu» berri horretan sartzea. Gainera, aukeratutako bidea bere ezaugarrietarako aproposa zen: «Ez dut denbora asko eman ‘Zeleputza’-n, besteak beste, osatzen duten bi bide horiek egina nituelako. Eta egin behar nuen esfortzurako horrek asko lagundu du. Iaz oso gertu izan nuen, baina, agian, ez nintzen buru belarri jardun. Ondoren, lesioa iritsi zen. Osatu, sasoia berreskuratu eta berriro motibatu nintzen. Asko erakartzen nau bide horrek. Erresistentzia nagusi denez, metroak irabazten joan behar duzu. Gainera, alderdi lasaia eta ederra da».

Ez da ohikoa 41 urterekin 9a+ mailara iristea. Normalean, sasoiari eustea zaila izaten da oso eta muturreko zailtasunak makina bat eskalatzaile atzera egitea behartzen ditu. Horregatik protagonista honek sinatu berri duen jarduerari garrantzi berezia eman dio: «Egin dudanak erakusten nau ez nagoela gaizki. Dena ematen jarraitzen dut. Adinean aurrera egin dut, baina oraindik sasoiko nago izaera honetako xedeak probatzeko. Demostratu dut gai naizela gogor estutzeko eta helburu egingarriei ekiteko. Egiten ari naizen ibilbideak balio izan dit bide horretan arrakasta izateko. Garai batean ez nituen eskarmentuak eman dizkidan tresna horiek».

Eskalatzaile azpeitiarrak ibilbidea aipatu duenez, galdetu diogu zeinek ematen dioen poz gehien: 19 urterekin eginiko 8c mailak ala 41 urterekin sinatutako 9a+ zailtasuneko ‘Zeleputza’-k. Honako erantzuna eman digu: «8c hori ez dut inoiz ahaztuko. Kristoren ilusioa egin zidan. Hasiberria nintzen maila gogorrean, eta bat-batean mundua jango nuela iruditu zitzaidan. Oso gaztea nintzen, eta erokeria zirudien. 9a+ mailarekin sentitu dudana, berriz, ezberdina izan da. Jakina, pozarren nago. Eta aipatu dudanez, gustura nago ibilbidearen ondorioa izan delako. Lehenago edo beranduago banekien egingo nuela».

Hau guztia esan eta gero, azken galdera bat egin diogu lerrootako protagonistari. Zeure burua 9b mailako bide bat egiteko ikusten al duzu? Irribarre «maltzur» batekin erantzun digu ez duela oso argi: «Nortasun horretako helburu bati ekiteko hainbat eite hartu behar ditut kontuan. Aukeratutako bideak nire estilokoa izan behar du, bidaiek eskatzen duten energia ez xahutzeko etxetik gertu egon behar du… Saiatuko ote naizen? Auskalo! Gorputzak zein buruak zer esaten didaten entzun behar dut. Baina, bai, erronka hori ez dut baztertzen».