NAIZ

Bi egunez, beharretan direnei helarazteko elikagaiak bilduko dituzte, hiriguneetatik hasita

Baiona eta Ipar Euskal Herriko Elikagai Bankuaren eskutik, azaroak 25 ostiralarekin urteko bilketa orokorra hasi da, «ezohiko abiatzearekin». Euskal Herriko beste herrialdeetan bezala, beharretan direnei helarazteko elikagaiak bilduko dituzte. Angeluko BAB2 saltokian eman dute hitzordua.

Elikagaien Bankuaren laguntzaileak elkarteak Baionan duen biltegian buru-belarri lanean. © Guillaume Fauveau
Elikagaien Bankuaren laguntzaileak elkarteak Baionan duen biltegian buru-belarri lanean. © Guillaume Fauveau

Gaur eta bihar eginen du bere urteko bilketarik handiena Eligagaien Bankuak Euskal Herrian.

Baiona eta Ipar Euskal Herriko Elikagai Bankuak 10.00etan eman du hitzordua Carrefour saltokiaren BAB2ko lehen sartzean, Angelun.

Bilketa orokorraren 38. edizioa da. Horren kari 80 toki baino gehiago bilakatuko dituzte biltoki, tartean supermerkatuak, eskolak edota Herriko Etxeak, Elikagaien Bankuko laguntzaileek.

Bi egun iraunen du bilketak eta bertaratu ezean, Internet bidez elikagaiak eskaintzeko aukera ere bada monpaniersolidaire.org gunean.

Bere ahaleginak babesteko Aviron Bayonnais eta Biarritz Olympique kirol taldeetako jokalariak alboan izanen ditu sokorri elkarteak.

Baionako Elikagai Bankuak erronka handiak baditu. Alde batetik, krisiaren eraginez gero eta jende gehiagok behar du elkartearen laguntza oinarrizko beharrak betetzeko.

Bakarrik bizi den jendea, bikotearen laguntza izan gabe haurrak hazi behar dituzten emazteak.. Orain arte ohikoak ziren profiletara beste bat batu zaie. Elkarteak azaldu duenez, gero eta gehiago langile pobreei behar dieteko esku kolpea eman.

Hilaren 7an berriz ere bere ateak zabaldu zituen Gaueko Mahaia izeneko zerbitzuak diagnostiko berbera egiten du. Bi soldata izanik ere hilabete bukaera zailak dituzten familiak bertaratzen dira laguntza bila.

Anartean, jasotzaileen batez besteko adinak behera egin du eta ez da batere arraroa ikasle gazteek ere zerbitzu horietara jotzea.

Alokairuen garestitzeak, gizarte laguntzen apaltzeak eta oro har bizitza garestitzeak horren alde jotzen duela uste dute elkarteetako ordezkariek.

Batez beste %9an emendatu da eskaera

Erosteko ahalmenaren eta energiaren krisiaren garaiotan, elikagaien eskaerak batez beste %9ko hazkundea izan duela adierazi du Elikagai Bankuak. 

Baina beharrak gora egitearekin batera, sostengua ere igo da. Jatekoa biltzeaz arduratzen den bankuak orain Ipar Euskal Herriko 34 elkartek osaturiko sarearen babesa du.

Beste erronkak ere baditu elkarteak, gehienbat bere jarduerari lotuak.

Kezka eragiten du elikagaien kontserbazioa bermatzeko hozgailuen energia kontsumoaren garestitzeak. Energia fakturek nabarmen gora egin dutelako.

Era berean, ahal den eta elikagai kopuru gutxiago galtzeko etengabe lanean da elkartea.

Ildo horretatik, Baionako Elikagai Bankua 2020ko maiatzean engaiatu zen janari hondakinak birziklatzeko.