Andoni Urbistondo

Abeltzainek diote saiek abere biziei eraso egiten dietela; biologoek, ez dela posible

Putreek milaka urte daramatzate naturan funtsezkoa den jarduna betetzen; mendian hiltzen diren animaliak jaten dituzte. Azkenaldian abeltzainen kexuak ozendu egin dira, bizirik dauden abereei eraso egiten dietela-eta. Biologoek, berriz, sarraskijaleak direla diote, ez harrapariak.

Putre bat artalde baten inguruan, Iturenen.
Putre bat artalde baten inguruan, Iturenen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Putreak hegazti sarraskijaleak dira, eta funtsezkoak ekosisteman. Mendian hiltzen diren abereak ziztu batean jaten dituzte. Azkenaldian putreek abere eta kumeei eraso egiten dietela zabaldu da, batez ere erditze garaian, eta abeltzainak kexu dira.

Jesus Mari Lekuona biologoak garbi dio putreak sarraskijaleak direla, ez harrapariak, eta ez dietela bizirik eta osasuntsu dauden abereei erasotzen; ebidentziarik ez dagoela. Txanponaren bestaldean daude Gonzalo Palacios eta David Azcoiti, Zaraitzu bailarako Itzalle eta Otsagabia herrietako abeltzainak. «Erditzeetan kumeak desagertu egiten dira, baina salaketa prozesua trabaz betea dago, eta buruko min handia da guretzat», ohartarazi dute abeltzainek.

Jesus Mari Lekuona biologoa. Iñigo URIZ | FOKU

Azcoitik 600 ardiko azienda du Otsagabian, rasa arrazakoak. Behi eroen gaitzaren ostean putreentzako bazkatokiak debekatu zirela dio, «eta abeltzainok, hori erabaki eta gutxira, mendietan zeuden arkumeak falta zitzaizkigula jabetzen hasi ginen. Hezurrak eta larrua bakarrik topatzen genituelako, hain zuzen ere». Ordura arte ez omen zuten inoiz sumatu putreek bizirik zegoen ezer jaten zutenik, «baina hasieran arkume bat izan zen, gero bi, ondoren hiru…». Putreek abereek erditzean uzten duten karena dute oso gustuko, proteina asko dituelako. Azcoitik dio sarri ikusi izan dituztela putreak karenaren bila, «baina ez arkumeen bila. Orain agerikoa da erditze uneetan arkumeak ere jaten dituztela».

Jesus Mari Lekuona Biologia Zientzietan doktore da, eta 25 urte daramatza aholkulari jardunean Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailean. Hegaztiekin egiten du lana batez ere, harraparien jarraipena egiten. Putreen erasoen gaia tarteka errepikatzen dela dio, ez dela oraingo kontua. «Polemika iturri izan ohi da beti, eta lehenago ere epelak entzundakoak gara zientzia arloko langileak, irizpide zientifikoen baitan putreek bizirik eta osasuntsu dauden abereei erasorik ez dietela egiten defendatzen dugulako». Josean Donazar eta Antoni Margalida izen handiko ikertzaileen txostena du ardatz Lekuonak: «Putreek milaka urte daramatzate naturan funtsezkoa den jarduna betetzen; gure zelai eta mendietan hildako abereen gorpuzkiak jaten, gutako inori gustatzen ez zaizkion usteldutako arrastoak ikus ez ditzagun».

Putreen ezaugarriak xehatu ditu, zehatz, zientzialarien funtsa azaltzeko: «Putreen mokoa ez dago hiltzeko prestatua, arranoarena dagoen moduan. Azkazalak ere handiak dira, baina kamutsak, eta ez daukate punta zorrotzik. Eta garrantzitsuena: putreak ez dira egun batetik bestera aldatu, aspalditik dira sarraskijaleak». Xehetasun garrantzitsua aipatu du ondoren: «Hilda, gaixo edo ahulduta dauden abereak izan dira betidanik haien bazka, eta orain hori aldatu dela esatea astakeria da eboluzioaren historian. Aldatuko da, agian, noizbait, baina milaka urteko prozesuan, ez bi hamarkadetan».

Hilda, gaixo edo ahulduta. Zein begiekin begiratu, modu batera edo bestera ulertzen da. Erditzen diren ugaztunen artean oso ohikoak izaten dira ahuldadeak, gaixotasunak. «Putreek erditze ondorengo ahuldade edo gaixotasun uneak baliatzen dituzte jateko», biologoak dioenez. «Orain eta beti. Ardi, zaldi eta behiekin, baina baita basurde, orein, zebra eta natura basatiko beste abereekin ere». Biologiaren ikuspuntutik izaki batek bizidun izateko osasuntsu egon behar du erabat, eta galdera luzatzen du Lekuonak: «Jaiotzeko unean hala egoten al da kumea? Erditze uneetan aberea egoera zailean egoten da».

Kontrakoa pentsatzen dute abeltzainek. Palacios Itzalle herriko semea mintzo da: «Erditzen ari den aberea ez dago gaixo. Ahulduta, bai, noski, emakumeak erditzen direnean bezala. Gaixorik dagoen kumeren bat badago abeltzainok sendatzen dugu». Eta Azcoitik segida: «Orain ardiak erditze garaian zaintzarik gabe utziz gero, akabo. Arratsalde berean, ordu batean erditu berri ziren lau ardi galdutakoa naiz, putreek eraso eginda. Gu izan gara putreek bizirik zeuden abereei eraso egiten zietela sinesten edo pentsatzen ez genuen lehenak. Ardiak erditze toki batera eramaten genituen goizean, han utzi, bazkalostean itzuli, eta han zeuden ardiak arkumeekin. Putreek karena jaten zuten eta kitto. Gertatu izan da hildako arkumeren bat egotea, eta putreek ez jatea. Hori orain aldatu egin da».

Naturan abere batzuk eta besteak nola bizi diren ezberdindu nahi izan du Lekuona biologoak: «Gizakiok behiak, zaldiak eta ardiak otzandu ditugu, edozein zelaitan erditzen dira, arriskurik ez balego bezala. Otzandu gabeko abereek, aldiz, beti babesa edo txoko ezkuturen bat bilatzen dute erditzeko. Ez duzu ikusiko orein edo basurderen bat belaze zabalen batean erditzen inoiz». Hori esanda, putre batek hegan doanean behean daukan aberea ardia, bisontea edo oreina den ez duela ezberdintzen ziurtatu du Lekuonak, baita bazka sumatzeko usaimenik ez duela ere.

David Azcoiti eta Gonzalo Palacios, Itzalle eta Otsagabiko abeltzainak. Iñigo URIZ | FOKU

Erasoak eta salaketak

Natura edo erasoak? Horixe galdera, gakoa. Erantzun, argudio zerrenda, jarraian: «Ez dago abere bizidunei egindako erasoen ebidentziarik», dio Lekuonak. 1998az geroztik ez omen da halakorik frogatu ahal izan. Abeltzainek, noski, kontrako iritzia dute. Gonzalo Palacios putreen eraso bat ikusitakoa da Itzalleko mendietan. Honatx kontaketa: «Aita mendian zegoen azienda zaintzen. Zaldiak eta moxalak genituen, eta behiak. Zaldiak ikusi ostean behiengana joan zen, eta sumatu zuen putreak zeruan bueltaka zebiltzala. Berehala bueltatu zen zaldiengana, bazekielako putreek moxalaren aurka egingo zutela. Iritsi zenerako zaldiak moxala babesten ikusi zituen, baina putreek moxala ziztatua zuten ordurako. Aitak moxala ukuilura jaitsi zuen, baina hil egin zen, ziztaden ondorioz».

Hildako abereari edo kumeari post mortem edo ante mortem eraso dioten aztertzen dute albaitariek, kalte ordaina eman edo ez erabakitzeko. Alegia, putreen ustezko erasoa aberea hil ostean edo aurretik gertatu den. Biologoaren ahotan, eta datu ofizialen arabera, aurkezten diren salaketen %90 baztertzen dira, «putreen eraso horiek post mortem edo abereak hil ondoren egindakoak izan direlako. Nik albaitariek diotenari ematen diot balioa, noski». Zalantza salaketen %10era mugatzen omen da. Abeltzaina balitz ebidentziak edo frogak lortzen saiatuko litzatekeela dio Lekuonak, eta bi abeltzainei luzatu diegu biologoaren proposamena.

Erakundeen joera abeltzainak gezurretan ari direla pentsatzea dela dio Palaciosek: «Engainatu egin nahi ditugula uste dute. Ingurumen Sailekoekin batzartu nintzen egun batean esan nien, udaberrian, erditze garaian hurbildu zitezela aziendetara, zer gertatzen zen ikustera. Ez ziren hurbildu. Zergatia galdetu nien, eta datu ofizialetan babestu ziren».

60 bat euro jasotzen dituzte arkumeko, salaketa onartzen bada: «Huskeria da, trukean bizpahiru lan egun galdu behar badira. Arkume horrek askoz gehiago balio du»

Erasoaren truke kalte ordaina lortzeko prozesuan salaketa jartzea da lehen pausoa, baina abeltzainarentzat ez omen da erraza lan horri ekitea: «Paperak bete behar dira, albaitariak edo basozainak etortzen direnean haiekin egon behar duzu, eta azienda beste norbaiten kargu utzi». Gonzalo Palaciosenak dira azalpenak.

Azcoitik xehetasun gehiago eman du, salaketen inguruan: «Erasoren bat gertatzen denean 112 zenbakira deitu eta abisua ematen dut. Dagokion Ingurumen Saileko ordezkaria etortzen da, eta gertatutakoa azaltzen diot: ardi edo arkumeren bat jan didatela. Haiek argiketa bat egiten dute, arrastoak bildu, baina errairik ez badago, putreak aberea hil aurretik jan ote duen ezin dela jakin diote. Putreek, noski, ez dute ezer uzten, hezurrak eta larrua baino ez. Errairik gabe salaketa ontzat ematea ezinezkoa da; galduta sentitzen gara».

Biologoak aipatutako ebidentzia edo frogak biltzeko aukeraz galdetuta, eraso bat grabatzea posible ote den galdetu diegu bi abeltzainei. Azcoiti: «Nola, bada? Non jarriko ditugu kamerak? Gonzalok baditu, ukuilu barruan baina putreak, noski, ez dira ukuilu barrura sartzen. Mendian? Non? Lur sailak oso handiak dira, eta aziendak edozein lekutan erditu daitezke. Putreak ez dira tontoak, eta ez dira jaisten bazka bila gizakiok artaldea zaintzen bagaude. Zer egin, beraz?».

Palaciosek kontatu du ikusi zuela nola putreek moxal bati eraso zioten, urte batzuk atzera. Salaketa jarri zuten orduan, eta prozesua gogorarazi du, kalte ordaina jasotzeko zailtasunaz jabetzeko: «Etorri zen albaitaria, Zaragozakoa, eta nekrosia egin zion. Birika bat ur balde batean sartu zuen, putreen erasoa gertatu zenean moxala bizirik ote zegoen jakiteko. Azterketaren emaitza jaso genuen, denbora pasatuta, eta moxalak birus bat zuela esan ziguten. Putreek erasoa egin edo ez berdin-berdin hilko zela, birus horren ondorioz. Moxala erasoa egin ziotenean bizirik zegoela baieztatu zuten, dena den, eta horregatik albaitariaren gastuak, nekrosia eta beste ez zigutela kobratuko esan ziguten, Kalte ordainaren arrastorik ez, ordea, birus horregatik. Zer egin, tamainako aitzakien aurrean? Etsi egiten duzu azkenerako, salaketei uko egin». Palaciosek ez du federik estatistika ofizialetan; ez du sinesten putreen erasoen %90 post mortem gertatu direla.

Azcoitik 25-30 bat salaketa jarri ditu azken 10 urteetan: «Erdietan edo emango zidaten arrazoia». Arrazoia eman bai, baina kalte ordainik jaso gabe geratu zen kasua ere azaltzen du: «Lau ardi akabatu zizkidatela esan dut. Onartu zidaten, ante mortem izan zirela erasoak, baina kalte ordainak ordaintzeko dirurik ez zegoela argudiatu, eta sosik ez nuen jaso. Tonto aurpegia geratzen zaizu». 60 bat euro jasotzen ditu arkumeko, salaketa onartzen bada: «Huskeria da, trukean bizpahiru lan egun galdu behar badira. Arkume horrek askoz gehiago balio du. Gero egunkaria erosi eta putreen erasoak murriztu egin direla irakurtzen dugu. Ez dira erasoak murriztu, salaketak baizik, abeltzainentzat buruko min handia bilakatu direlako».

Eta posible al litzateke Nafarroako Gobernuak salaketa gehienak ordaintzeko erabakia hartzea? Zer dirutza izango litzateke, gutxi-asko? Palacios: «Kopuru zehatza ez dakit, baina 50.000 euro baino gutxiago urteko. Zergatik ez, hori onartu, eta abeltzaintza estentsiboaren iraupena bermatu? Egoera berean jarraitzen badugu 30-40 urteetan abeltzaintza estentsiboa bukatu egingo da gure eskualdean, eta orduan arazoak biderkatu eginen dira. Abeltzaintzak iraungo du, baina abeltzainek ez. Azienda mendian utzi eta herrira edo hirira martxa egiten duten pertsonak izanen dira, ez abeltzainak. Egun ematen dituzten dirulaguntzak garbitzen dituzun hektarea kopuruaren baitan ematen dituzte, ez jaiotzen den arkume kopuruaren arabera». David Azcoitik datu kezkagarria eman du: «Otsagabian esnetarako bi ardi azienda berri hasi dira lanean 20 urtean, eta biak iaz. Pentsa!».

Putre talde bat hildako animalia baten inguruan. LEKUONA

Putre populazioa, hazten

Hamarkada bi dira putreentzako jantoki egokituak kendu zirela, behi eroen gaitzaren ondorioz, baina Nafarroako Pirinioetako abeltzainek bertan hildako animaliak mendian uzteko baimena dute egun, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailari koordenatu zehatzak jakinaraziz gero. Putreek bazka lortzen dute, nolabait, toki batean edo bestean izan, populazioa gorantz baitoa etengabe. Ingurumen Sailak putreen jarraipena egiten du, eta Lekuona biologoak dioenez, «datuek erakusten digute kilometro asko mugitzeko gaitasuna dutela bazka bilatzeko. Extremadurako bazkalekuetara mugitzen direla badakigu, gero Nafarroara itzultzeko. Eta Extremadurara bezala beste eremu urrunetara ere joaten dira, baita Frantziako Pirinioetara ere».

Palaciosek, bere aldetik, onartzen du UAGN sindikatuko ordezkari gisa proposatu izan diola Nafarroako Gobernuari putreen populazioa kontrolatzeko ekimenen bat aztertzeko, «baina ezinezkoa dela erantzun digute, putreek babes neurri erabatekoa daukatelako Europako arautegian».

Egoera katramilatsu samarra da: putre kopurua gorantz doa, abeltzainen demandak bezala, eta zientziak eta erakundeek abeltzainen salaketak zalantzan jartzen dituzte.