NAIZ

Bilboko Udalak ‘Non eta Bilbon’ aurkeztu du, hiriaren historia kontatzen duen liburua

Bilboko Udalak Labayru Fundazioarekin elkarlanean ‘Non eta Bilbon’ aurkeztu du. Liburu honetan Bilboko historiari buruzko 40 artikulu biltzen dira, toponimo batzuen eta besteen gainekoak, 17 idazleren eskutik.

'Non eta Bilbon' liburua aurkeztu dute.
'Non eta Bilbon' liburua aurkeztu dute. (BILBOKO UDALA)

Bilboko Udalak eta Labayru Fundazioak ‘Non eta Bilbon’ liburua aurkeztu dute, bi erakundeek euskara eta euskal kultura sustatzeko eta zabaltzeko sinatuta daukaten hitzarmenaren barruan.

Udaletxeko Arabiar Aretoan aurkeztu da liburua astearte honetan , eta han izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta liburuaren egile eta Labayru Fundazioko kide Igone Etxebarria. Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotzia ere izan da.

‘Non eta Bilbon’ liburuan Bilboko historiaren gaineko 40 artikulu biltzen dira, hirian han eta hemen banatuta dauden beste horrenbeste toponimo baliatuz, denak ezagunak, eta batzuk oso ezagunak. Artikuluak 17 idazleren eskutik datozkigu: Pedro Zuberogoitia, Felix Mugurutza, Mikel Gorrotxategi, Ziortza Artabe, Aitor Zuberogoitia, Segundo Oar-Arteta, Josu Larrañaga, Iñaki Gaminde, Akaitze Kamiruaga, Patxi Gale, Onintza Enbeitia, Iñaki Garcia Uribe, Juanjo Hidalgo, Jesus Antonio Etxezarraga eta Igone Etxeberria.

Alkateak zera naabarmendu du: «Honen moduko argitalpenekin, aukera ematen zaigu gure Bilbo honen historiako xehetasun berri asko ezagutzeko edo gogoratzeko, eta, gainera, gure gertuko ingurura hurbiltzen gara, bizitzaren beraren bidez, gure uriak mendeetan zehar gorde dituen ohituren bidez». Bestalde, Aburtok gogorarazi du «euskarazko argitalpen berri honekin, Udalak eutsi egiten diola euskal kulturarekin duen konpromisoari eta indartu egiten du; oraingo honetan, literaturaren bidez».

Irudiak Bilboren argazkiak erabiliz egin dira, eta Mikel Erkiagak egokitu ditu; diseinua eta maketazioa, berriz, BilbaoArteko artista gazteen gain izan da, hala nola Maite Choya eta Daniel Alegrete.

Liburuan, gainera, literaturaren eta letren arloko pertsonaien berri ematen da, hala nola Agirre, Seber Altube, Toribio Alzaga, Gabriel Aresti, Angela Figuera, Blas de Otero edo Resurreccion Maria de Azkue, besteak beste; toponimoez den bezainbestean, Abando, Arangoiti, Errekalde, Miribilla, Otxarkoaga edo Txurdinagaz dihardute, besteak beste.

Liburu hau ‘Bilbon Hara-Hona’ liburuaren jarraipena da, zeina 2020an argitaratu eta editatu baitzuen Udalak Labayru Fundazioarekin elkarlanean. Era horretan, bada, osatu egiten da orduan hasitako toponimia lana Bilboko beste leku eta historia batzuekin.

‘Non eta Bilbon’ Durangokoliburu eta disko azokan egongo da salgai, eta baita liburu-dendetan eta Labayruren webgunean ere. Gainera, liburua ikastetxeetan ere banatuko da, eta hiriko liburutegietan ere egongo da eskuragai.