Iraitz Mateo

‘Pozaren erdia’ poesia liburua kaleratu du Harkaitz Canok, sonetoen neurrian

Sonetoz osatutako poesia liburua ondu du Harkaitz Cano idazleak. 64 piezak osatzen dute ‘Pozaren erdia’. Egiturak behartutako jolas «adiktiboa» frogatu zuen Canok, eta ibilaldi bat proposatzen du obra osoan zehar.

Harkaitz Cano ‘Pozaren erdia’ bere azken poesia liburua aurkezten.
Harkaitz Cano ‘Pozaren erdia’ bere azken poesia liburua aurkezten. (Maialen Andres | FOKU)

Harkaitz Cano idazlearen azken poesia liburua aurkeztu dute astearte goizez Donostian, «jostaria» bezain «adiktiboa» izan daitekeen berezitasun batekin: 64 sonetok osatzen dute lana. «14x14» izan daiteke Canoren sonetogintzaren izena, 14 lerro baititu soneto bakoitzak, eta lerro bakoitzak 14 silaba. Leire Lopez Susako editorearekin batera aurkeztu du liburua, eta «irakurketa jolastia» dela azpimarratu du editoreak. Gonbidatu berezi batek eman dio amaiera goizeko ekitaldiari, Maite Larburu musikariak, eta amaieran ‘Gosari berantiarra’ poesia musikatu du biolinaren eta ahotsaren laguntzaz. «Irakurleentzat oparia» izan da, idazlearen hitzetan.

«Pandemian batzuk sudokuak egiten hasi ziren, ni sonetoak egiten», azaldu du ohi duen umore finez Canok. Orduan hasi bazen ere, aitortu du aspalditik zuela buruan horrelako zerbait. Tiago Rodriguez gidoilari eta antzerkigileak 2015ean egindako antzerki batetik «liluratuta» atera zen, hori eta Shakespeareren soneto bat buruz ikasita: antzerkigileak publikotik zazpi bolondres hartu eta bakoitzari pare bat lerro memoriaz ikasteko eskatzen zion eta, hainbat teknika erabiliz, publiko guztia emankizunetik sonetoa ikasita atera zen, «orduan sortu zitzaidan neurriaren eta errimaren zaletasun berantiarra».

Izenburuari erreferentzia eginez, «pozaren bilaketaren zirriborro bat» dela liburua azaldu du. Eta pertsiarrek erabiltzen duten esamolde bat ekarri gogora: «Pozaren erdia pozaz hitz egitea bera da, eta berdin gertatzen da literaturarekin». Bilaketa horretan nolabaiteko «ibilbide» bat badagoela kontatu du, haurtzaroa, gaztaroa, idaztea... Baina gaiei dagokienean, lehenagotik idatzi izan duenaz idatzi duela aitortu du: «Jada idatzi dituzun gaiak berridazteko aukera da formaz aldatzea. Sonetoak paretaren aurka jartzen zaitu, neurri eta errima batean sartu behar duzulako, eta ez dakizu nola aterako zaren hortik. Lehen idatzitako gaiez idatzi dut, baina beste modu batera egin behar izan dut, formak behartuta».

Berak lanaren erdia egin duela eta egiturak beste erdia egin duela azaldu du. Izan ere, poesia sostengatzen duen egitura jakin bat izatea laguntza bat da Canoren ustez. Solemne idatzi nahi izan du, baina ez «solemneegi», poesia ere horixe baita beretzat, «ahalguztiduna eta aldi berean ezdeusa», hizkuntzak guztiarekin ahal duelako ahalguztiduna, eta inor gutxik irakurtzen duelako ezdeusa. Lopez editorearen ustez solemnitatearen eta ironiaren etengabeko jolasean dabil idazlea. Aitortu du «irri txikia ezpainetan» irakurri dituela sonetoak, bakoitza hasi aurretik ea idazleak zein burutaziorekin harrituko zuen pentsatuz. Eta gaiei dagokienez, hainbat jasotzen direla azaldu du: idazketaren ingurukoak, haurtzaro eta gaztaroko kontuak, objektu edo kontzeptuetatik abiatutakoak, desira eta plazera edota pozaren erdia erakutsi zein iradokitzen duten gaiak...

Canoren sonetoa: 14x14

Lopezek adierazi du bere ustez sonetoaren formak euskal literaturan ez duela ibilbide luzerik izan. Canok lehena 1657koa denaren susmoa du, Arnaut Oihenartena, eta orduz geroztik Itxaro Bordak, Juan Mari Irigoienek eta beste zenbaitek landu dutela azaldu du.

Sonetoak egitearen inguruan eta hauen formaren inguruan zenbait argipen eman ditu, ez baita estilo ezagunena. Bi-lau lerroko eta bi-hiruko estrofa dituztela sonetoek azaldu du, guztira 14 lerro beraz; eta ezberdinak direla silaba kopuruak jatorri literarioaren baitan. 14 silabako lerroak idatzi ditu Canok, jatorri alexandrinoa duten sonetoek bezala, Estatu espainiarrean esate baterako hamaika silabako lerroak idazten dituzte, eta frantsesean hamabi silabakoak, Shakespearek, berriz, hamarrekoak idazten zituen. Horregatik, «14x14» izan daiteke Canoren sonetoak egiteko forma. Bertsogintzako zortziko txikiaren antzekoa dela kontatu du: «Kantu-letragintzan ibili izanak lagundu dit eta forma egokiena hamalau silabako forman topatu dut; zortziko txikia bezalakoa da, perpetuoa, ez zara inoiz nekatzen».