Andoni Arabaolaza

Balabanov eta Fomin: «Datorren urtean errusiarrak saritzen badituzte ez gara etorriko»

Sari banaketa ekitaldian Nikita Balabanov eta Mikhail Fomin ukrainarrek helikopteroaren erabileraren zein Ukrainako gerraren inguruan hitz egin zuten.

Neurri handi batean, Frantziako Urrezko Pioleta ekimenaren aurtengo ekitaldi nagusian Annapurna III mendiaren hegoaldeko ertza lehen aldiz igo zuten ukrainarrak protagonistak izan dira. Hain zuzen ere, Nikita Balabanov, Mikhalil Fomin eta Vyascheslav Polezhaiko.
Hemezortzi eguneko jarduera handia izan zen, eta aditu guztien arabera Himalaian iaz eginiko eskalada onena izan zen. Alabaina, epaimahaiak sari nagusia (hots, urrezko pioleta) eman ordez, talde horrek aipamen berezia jaso zuen. Zergatik hori? Bada, mendiaren hurbilketa nahasia zein arriskutsua saihesteko helikopteroa erabili zutelako.

Ukrainarrak protagonistak izan direla esan dugu, eta hori argitu ahal izateko pare bat azalpen eman behar dira. Batetik, Ukrainako gerrak markatu duelako Briançonen ospatutako ekitaldia. Antolatzaileek aurreratu zuten Vladimir Putinek agindutako inbasioa eta sortutako gerra salatzen zituztela. Alabaina, gehitu zuten alpinista errusiarren jarduera alpinoak ez zituztela boikoteatuko. Eta bigarrenik, aipatu dugun helikopteroaren auziak indar handia hartu zuen antolatu ziren hitzaldietan eta mahai-inguruetan.

Briançoneko sari banaketa ekitaldira ez zen Polezhaiko bertaratu; bai, ordea, Balabanov eta Fomin. Aipatu dugu Ukrainako gerra eta antolatzaileek errusiarrak ez boikoteatzeko hartutako erabakia, bi gai horiek, denen ahotan egon zirela. Azken horri dagokionez, batzuek-batzuek ez zuten onartu antolatzaileen jarrera, baina ez zen “istilurik” izan.

Bikote ukrainarrak, berriz, argi eta garbi hitz egin zuen. Alpinistok azpimarratu nahi izan zuten bere herrialdeak bizi duen gerra egoerarekin erabat baldintzatuta daudela: «Nahiz eta zuentzat erraza izan, guk geuk mendizaletasuna eta politika ezin ditugu bereizi. Eta hori gertatzen da zuen ingurumarian bakea dagoelako. Baina zeure herrialdeko kaleetan hilotzak ikusten dituzunean, den-dena politika bihurtzen da. Horregatik guztiagatik ukrainarren jarrera ulertu behar duzue».

Bestalde, aurreratu dugu errusiarrei ez zitzaiela boikotik egin, eta horren isla da goi mailako eskalada alpinoak jasotzen dituen zerrenda “handi” horretan hainbat eta hainbat aktibitate errusiar jaso direla: «Jarduera horiek gerra hasi aurretik egin ziren; hortaz, epaimahaiaren jarrera ulertzen dugu. Baina oso argi dugu datorren urteko edizioan epaimahaiak errusiarrak saritzen baditu ez garela ekitaldira etorriko. Nahiz eta lagunak ez izan, hainbat alpinista errusiar ezagutzen ditugu. Gure artean harremana badago, baina argi dugu elkarrekin publikoaren aurrean azaltzea ez dugula onartuko. Oholtza batean ezin gara errusiarrekin batera egon. Hori ezin da negoziatu».

Iritzi ezberdina

Gogoratu behar dugu Sobiet Batasuneko alpinismoaren tradizioa ukrainarren historiaren zati bat dela. Beste errepublika batzuetako alpinistek bezala, Bigarren Mundu Gerraren ostean, ukrainarrek babesa eta laguntza jaso zuten agintari sobietarren aldetik espedizioak egin ahal izateko.

Balabanov eta Fominek ez dute tradizio hori ukatzen: «Horrekin hazi ginen, eta horregatik diogu gure ibilbideen eta gure historiaren zati bat direla. Gutariko batzuk Kaukasoko haran ezagunetan antolatzen ziren kanpalekuetan parte hartu dugu. Hori guztia esan eta gero, gehitu behar dugu sistema horretatik kanpo sortu zen belaunaldi berriko lehen ordezkariak garela. Hots, geure kabuz eskalatzen hasi ginen».

Alpinista ukrainarrek sobietar tradizioarekin izan duten lotura zuzena badu eragin zuzena arestian aipatu dugun helikopteroaren kontu horrekin. Briançonen izan ziren protagonistok argi eta garbi azaldu dute ulertzen dutela epaimahaiak hartutako erabakia: «Ez dugu inolako arazorik. Duela sei urte, Talung-eko jarduerarekin Urrezko Piolet bat jaso genuen, eta badakigu gertatutakoak ez digula bizitza aldatuko. Nortasun horietako eskaladak egiteak arau batzuk betetzea darama, eta epaimahaiak ondorioztatu du gure jarduera etikoki ez zela egokia. Hori guztia esan eta gero, garbi dugu erabaki horrengatik ez garela bihurtuko munduko eskalatzaile txarrenak! Talde indartsu bera izaten jarraitzen dugu! Eskarmentu horrek asko eman digu, eta pozarren gaude Urrezko Pioletaren ekimenean parte hartu dugulako».

Briançoneko hartu-eman horietan aipatu zitzaien antolatutako espedizioa oso arina izan zela eta ez zutela oxigeno artifizialik zein zamaketaririk erabili. Eta horregatik zaila dela ulertzea helikopteroaren erabilera. Honako erantzuna eman zuten ukrainarrek: «Erantzun zaila du. Lehenik eta behin, eite historikoa dago. Sobietar Batasunaren garaian garaiera handiko mendietara helikopteroz hurbiltzen ziren. Oso ohikoa zen. Gure kulturan jarduera bat kanpaleku nagusian hasten da. Eta ez hurbilketa bidean. Alpinismoaren inguruan geure irizpideak ditugu. Bestalde, 2010.eko udaberrian Nick Bullock-ek mendi horretara eginiko espedizioak helikopteroaren erabilera horrekin zer ikusia du. Hurbilketa bidea egiten ari zela, luizi batek zamaketari batzuk ia harrapatu zituen eta espedizioa bertan behera utzi zuen. Udazkenean itzuli zen, eta, zamaketarientzat ibilbide hori oso arriskutsua zenez, helikopteroz egin zuten. Bullock-ek eginiko adierazpenetan oinez ez joatea gomendatzen zuen. Horregatik britainiarraren aholkuarekin bat egin genuen. David Lamaren espedizioak ere helikopteroa erabili zuen. Gure kasuan itzulera garraio horrekin egin genuen; izan ere, kanpaleku nagusia ez genuen eta mendiaren beste isuritik jaitsi ginen. Helikopteroak goi-ordoki glaziarrean jaso gintuen».

Bide batez, Balabanov eta Fominek azpimarra jarri nahi izan diote egin zuten jaitsierari. Bitxia izan daiteke, igoerarentzat hamabost egun behar izan zituztelako eta jaitsierarentzat hiru. Gai hau ukrainarrek beraiek argitu dute: «Igotako bide beretik jaistea zen geure asmoa. Baina ohartu ginen oso zaila zela. Ondoren, 1961.eko bidea aztertu genuen, baina 7.300 metrora dagoen hiru kilometroko ertz bat haizeteekin zeharkatu behar zen. Eta hori ezinezkoa iruditu zitzaigun. Mendebaldeko aurpegiaren argazki bat genuenez, hura begiratu eta inolako informaziorik gabe handik jaitsi ginen. Uste dugu jaitsiera igoera baino gogorragoa izan zela. Gainera kontuan hartu behar da ordurako janaririk eta gasik gabe geundela».