NAIZ
Donostia

Minari eskaini dio Felipe Juaristik bere poema liburu berria

Minari eskainitako ‘Harrizko gaitz hau’ liburua argitaratu du Felipe Juaristik, Balea Zuriaren eskutik. Heriotzak uzten duen hutsuneari buruzko gogoeta egiten du, poema labur eta iradokitzailez osatua.

Felipe Juaristi, aurreko lan baten aurkezpenean.
Felipe Juaristi, aurreko lan baten aurkezpenean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Felipe Juaristik ‘Harrizko gaitz hau’ poema liburua aurkeztu du ostegun honetan Donostiako Udal Liburutegian. Balea Zuriaren argitaletxearekin batera kaleratu du «amaren heriotzetik» abiatu eta «minari» eskaini dion lana.

Juaristik poema batekin ekin dio aurkezpenari, lanaren osotasunaren disekzioa egiteko. Poema liburua egilearen amaren heriotzarekin abiatzen da. «Amaren heriotzak nere baitara ekarri ninduen. Hasi nintzen pentsatzen ez ote nuen gehiegitan nere buruan pentsatu eta ez besteetan. Heriotza zintzoa izan zen, 90 urterekin eta nire arrebaren besoetan, baina horrek jarri ninduen ataka batean. Zergatik ez dudan gehiago hitz egin amarekin? Zergatik ez dudan arreta gehiago jarri beste pertsonengan? Beti niri begira egon izanaren sentsazioa nuen eta hortik atera behar nuen. Ez naiz amarekin nahi haina denbora egon», azaldu du.

Bide horretan osatu ditu 60 poema multzo. Edo, hobe esanda, 60 aukeratu ditu sortutako 120etatik. «Liburu hau da nire etxea, nire gordelekua. Hasieran 120 poema nituen eta poeta batentzat poema bat hartu eta zakarrontzira botatzea gutxi bazkaltzea bezala da, baina hitz gutxiko poema liburua izan behar zuen honek». Izan ere, lanaren beste bi ardatz «gelditasuna» eta «isiltasuna» dira.

60 poema horietan zehar mina nola adierazi bilatu du Juaristik. «Minak bere prozesuak ditu, bere denborak. Eta liburu honek ate bat ireki du. Kanpora noa. Zer aurkituko dudan? Hori beste kontu bat da». Minari eskainitako liburua dugu honakoa, heriotzak uzten duen hutsuneari buruzkoa. Liburu gogoetatsua eta lirikoa, poema labur eta iradokitzailez osatua.

«Izenburua entzunda ematen du garai ilunetako kronika bat dela. Baina ez da horrela. Liburuak, bere hasieratik, ohar moduko bat dauka. Ohar horretan bizipozaren aldarri bat dator. Gizaki baten ibilbidea ere badakar»,  gehitu du argitaletxeak.

Aldarrikapen horretan dator, bete-betean, minaren beraren inguruko hausnarketa ere. «Mina presentziala da, ez gaitu soilik begiratzen, berarekin bizi egiten dugu eta jakin behar dugu bizitzen. Bertsoz bertso minaren itzala hor dago».

2014an eman zuen argitara Felipe Juaristik bere azken poema-liburua, ‘Piztutako etxea’. «Poeta aski ezaguna da gure letren munduan, poetika berezi eta propio baten jabe, ibilbide oparo eta esanguratsua egin du», nabarmendu du Balea Zuria argitaletxeak aurkezpenan.

1984an bere lehen poema liburua, ‘Denbora nostalgia’, kaleratu zuen idazle azkoitiarrak. Ordutik, prosazko lanak, haur eta gazte literaturakoak eta saiakerak ere plazaratu ditu.