NAIZ

Beti Onakek irabazi du Zuazoren aurkako derbia, bigarren zatian beste martxa bat ipinita

Atsedenaldira oso berdinduta iritsi dira bi taldeak (14-14), baina bigarren zatiaren hasieran etxekoek 6-2ko partzial bat eskuratu dute (20-16) eta alde hori amaiera arte mantentzea lortu dute (29-25).

Beti Onakek ondo jokatu ditu bere kartak Zuazoren aurkako derbian.
Beti Onakek ondo jokatu ditu bere kartak Zuazoren aurkako derbian. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ligak etena izan zuen Europako txapelketagatik. Iragan asteburuan bueltatu zen lehiaketa, eta bigarren jardunaldira itxoin behar izan da euskal derbia bizitzeko. Eta a zer nolako derbia eskaini dute Beti Onakek eta Zuazok! Lehen zati orekatu baten ostean (14-14 atsedenaldira), nafarrek 6-2ko partzial bat sinatu dute 20-16 alde egiteko markagailuan eta, bizkaitarrak bi golera gerturatu badira ere, etxekoek garaipena lortu dute (29-25).

Atarrabiako kiroldegian bildutako zaleek eskubaloi partida polita jarraitu ahal izan dute. Lehen minutuetan hiru berdinketa ikusi dira neurketan (1-1, 2-2 eta 3-3), baina momentu horretan Zuazok abantaila hartu du markagailuan Magdalena Fernandez-Agustiren bi goli esker (3-5).

Ondoren, hiru goleko errenta ere eskuratu dute Barakaldokoek (5-8), baina etxekoek ez zuten amore eman nahi eta 10na berdintzea lortu dute 20:34 minutuan. Hortik atsedenaldira bitartean beste bi berdinketa eman dira (11-11 eta 14-14), etxekoek 12-14tik 14-14ra pasaz.

Atsedena hobeto etorri zaie nafarrei, eta lehen zatiaren amaieran lortutako boladari jarraipena eman diote. Izan ere, beste martxa bat sartuta, 14-14tik 20-16ra pasa dira sei minututan. 24-20 ere joan da markagailuan, baina Zuazok hortzak estutu eta bi golera ipini da, 24-22 eta 25-23, baina momentu horretan Loverak penaltia sartu du 26-23koa ipinitzeko.

Beti Onakek ez zuen oraindik garaipena bere eskuetan, eta Zuazok ez zuen hain goiz amore eman nahi. Hala, Andrea Zalduak 26-24koa egin du, baina hor amaitu dira esperantza guztiak, nafarrek oso ondo jokatu baitituzte azken minutuak garaipena erdiesteko.