NAIZ

Eñaut Zubizarreta ‘Trigger’ biolontxelo-joleak eskuratu du Iñigo Muguruza beka

Eñaut Zubizarretak, ‘Trigger’ ezizenez ezagun den biolontxelo-joleak eskuratu du Iñigo Muguruza beka. Aretxabaletarra musika modernoan murgiltzeko harizko musika tresnentzako ikastaro proiektuagatik saritu dute.

Trigger-ek zortzi hilabete ditu bere proposamena gauzatzeko.
Trigger-ek zortzi hilabete ditu bere proposamena gauzatzeko. (Raul Bogajo | FOKU)

Musika klasikoko ikasketak izan arren biolontxeloa rock, hardcore eta stoner eremuetara eramateagatik da ezaguna Eñaut Zubizarreta, ‘Trigger’. ‘Musika modernoan murgiltzeko harizko musika tresnentzako ikastaroa’ izeneko proiektuagatik saritu dute aretxabaletarra eta, bekari esker, zortzi hilabeteko abangunea izango du proiektua garatzeko. GAUR8n argitaratutako elkarrizketa honetan azaltzen du bere proposamenaren muina.

Iñigo Muguruza beka Irungo Udalak antolatzen du, orain hiru urte zendutako musika irundarraren omenez. Deialdiaren helburua ikerketa-ekintza proiektuak sustatzea da, euskal esparruko azken hamarkadetako musika modernoarekin lotuta.

Sariketan, Zubizarretak interesgarritzat jo zuen hari igurtzizko musika tresnen esparrua zabaldu eta lengoaia modernoaren oinarrizko kontzeptuetara hurreratzea eta, horretarako, lagungarria litzatekeela klasikoan dabiltzan musikariei baliabide didaktikoa eskaintzea. Hori da, hain zuzen ere, bere proiektuaren oinarria, eta bestelako helburuak ere baditu: internet erabiliz irisgarritasunean eta hedapenean pausoak ematea eta musika errepertorio garaikidea ezagutzera ematea.

Musika Eskolako buru Santi Jimenezen hitzetan, «oso garrantzitsua da horrelako bekak ematea oso esparru espezifikoetan», eta, musika modernoaren kasuan, nabarmendu nahi izan zuen Zubizarretarena «ezagutzak zabaldu eta eskaini nahi dituen proiektu bat» izatea. «Entzuten dugun guztiaren azpian deskubritzea merezi duen mundu bat dago. Seguru nago proiektu honen bidez musika modernoa hobeto ulertu eta sentitu ahalko dugula», ziurtatu zuen.

Zubizarretak 9.000 euroko laguntza jasoko du proiektua garatu ahal izateko eta emaitza 8 hilabeteren buruan aurkeztu beharko du.