Jon Ormazabal

Sufritzen ikasita Binakako lehen puntua lortu dute Urrutikoetxeak eta Albisuk

Zaratamoko aurrelariak partida borobila jokatu du, airez 10 tanto lortu eta apenas alerik galdu gabe, eta Albisuk hutsak egiteari utzi dionean buelta eman diote Laso-Imazen aurkako partidari (22-19)

Mikel Urrutikoetxea izan da Bilboko partidako pilotaririk onena.
Mikel Urrutikoetxea izan da Bilboko partidako pilotaririk onena. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Aurreko astean lehen puntuak ihes egin zien era ia berean lortu dute Mikel Urrutikoetxeak eta Jon Ander Albisuk Binakako lehen garaipena gaur Bilbon, Unai Laso eta Ander Imazi 19-22 gailenduta. Partida gogor baten ondoren Tolosan amaierara akituta heldu eta Peña-Mariezkurrenaren aurka azken txanpan amildu baziren, gaurkoan sufritzen ikasi dutela esan genezake eta Zaratamokoaren gantxoek eta azken aldera Albisuk erakutsitako sendotasunari esker kontra zuten 16-13ko emaitzari buelta eman diote lan asko egindako beste partida batean.

Pazientzia eta eskarmentua dira Baikoko bi beteranoenek osatzen duten bikotearen bi dohainik nabarmenenak eta lanerako grinak eta Mikel Urrutikoetxeak ezker gantxoan izan duen eraginkortasunak lagunduta –10 tanto egin ditu airez–,  konfiantza hartzeko garaipen on bat lortu dute. 

Borobila baino, gogorra

Lehia borobila baino gogorra izan da gaurkoa umez beteriko Bizkaia batean jokatutakoa eta horretan bizkaitarra eta goierritarra Laso eta Imaz baino puntu bat gorago egon dira. Eta hori egungo azpi-txapeldunak partidarik zati handienean markagailuan aurretik izan direla. Kontua da, hein handi batean aurkariek egindako opariei esker lortu dutela markagailuaren agintea. Gehienean partida osoan akatsik egin ez duen Ander Imaz –azken sakea bota du oiartzuarrak– dominatu badu ere, Jon Ander Albisuk huts askotxo pilatu ditu eta hortik etorri da gorrien aldea. Saiatu da Unai Laso sotamanoz eta, partidaren erritmoa aldatzen, baina sasoiz fresko egon arren, jokoz ez dago bere punturik onenean Bizkarreta-Gerendiangoa eta lehia asko gogortu da.

Lehen atsedenaldi luzetik bueltan izan dute Laso-Imazek euren aldeko alderik handiena, 13-8, baina partida asko aldatu da hortik aurrera. Pilotak gelditzen joan diren eran, Jon Ander Albisu erosoago sentitu da kantxan, akats kopurua ere asko murriztu du eta apenas eman dio aukerako pilotarik Lasori. Kantxa asko bete behar izan ostean, bi atzelariak oso nekatuta heldu dira partidaren azken txanpara eta partida erabaki den une horretan partidako onena izan den Mikel Urrutikoetxeak bere aldera eraman du garaipena.

FITXA TEKNIKOA:

Laso-Imaz: 19

Urrutikoetxea-Albisu: 22

Pilotakadak: 676. Iraupena: 79,59 minutu. Markagailua: 2-0, 2-5, 8-5, 8-8, 13-8, 13-10, 14-10, 14-12, 15-12, 15-13, 16-13, 16-19, 19-19, 19-22. Sakeak: 2 Lasok eta 1 Urrutikoetxeak. Egindakoak: 6 Lasok, 4 Imazek, 10 Urrutikoetxeak eta 4 Albisuk. Galdutakoak: 7 Lasok, 0 Imazek, 1 Urrutikoetxeak eta 8 Albisuk. Gorabeherak: Sarrera eta giro polita Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Baikok gaztetxoak pilotari profesionaletara gerturatzeko antolatutako pilota egunean.