Hautatzaileen galbahean pisu handia dute emaitzek, zenbaitek ukatu arren

Martinez Belgikako entrenatzailea, Paulo Bento Hego Koreakoa, Luis Enrique Espainiakoa, eta 'Tite' Brasilgoa izan dira lehenak galbahean. Alemanian, azkenerako, Flickek jarraituko du. Zalantzarako atea zalbaldu dute, berriz, Uruguaik Alonsorekin, eta Portugalek Santosekin.

Luis Enrique Espainiako hautatzailea Marokoren aurkako neurketan jokalariei aginduak ematen
Luis Enrique Espainiako hautatzailea Marokoren aurkako neurketan jokalariei aginduak ematen (Robert MICHAEL | EUROPA PRESS)

Entrenatzailearen papera ez da erraza izaten: taldeak irabazten duenean jokalariek eraman ohi dute meritua, eta galtzean entrenatzailea izaten da kritika ororen jopuntua. Hori gutxi ez eta arnasa luzeko proiektuen aldeko apustuak gero eta urriagoak dira futbolean, epe motzerako emaitzek markatzen baitute prestatzailearen patua. Horren adibide garbia da Luis Enrique Espainiako hautatzailearen kargugabetzea. Titek sei urte egin ditu karguan, eta Munduko Kopan goizegi kaleratu izanak bultzatu du Brasilgo hautatzaileak selekzioa uztea.

Joera horri iskin eginez, oso bestelakoak izan dira Roberto Martinez Belgikako prestatzailearen, eta Paulo Bento Hego Koreako hautatzailearen kasuak. Biek euren hautuz utzi dute kargua, eta nabarmendu «txapelketa aurretik» hartutako erabakia izan dela.

Alemanian Hansi Flick hautatzaileak jarraitzen duen arren, zalaparta egon da. Oliver Bierhoff kirol zuzendariak kargua utzi zuen, eta ematen zuen haren atzetik Flick kargutik kenduko zutela, baina iragan asteazkenean Alemaniako Futbol Federazioak (DFB) baieztatu zuen Flickek selekzioan jarraituko duela 2024ko Eurokopara arte –Alemanian jokatuko da–, gutxienez.

Alemaniaz gain, Uruguaiko aulkian ere aldaketak egon daitezke. Izan ere, Diego Alonsoren taldea nahi baino lehenago geratu da Munduko Kopatik kanpo, eta horrek eragin du hautatzailearen kargua ataka larrian egotea.

Roberto Martinez (Belgika)


Roberto Martinez Belgikako entrenatzaile ohiak kargua utzi zuen Kroaziaren aurka ligaxkako azken partida galdu ostean. Hain justu, hautatzaileak neurketa horren ondoko prentsaurrekoan eman zuen erabakiaren berri, eta argi utzi zuen Munduko Kopa «baino lehen» hartu zuela erabakia: «Ziklo baten amaiera da, eta [erabakiak] ez du zerikusirik multzoen fasean kanporatua izatearekin».

Kataluniako prestatzaileak nabarmendu zuen epe luzerako proiektuen aldekoa dela: «Beti egiten dut lan epe luzera. Uste dut epe luzerako proiektuek denbora luzerako izan behar dutela, eta aldez aurretik finkatu behar direla. 2018tik klub askoren eskaintzak izan ditut, baina leiala izan nahi nuen, eta aurretik nuen lana amaitu. Orain ez dut dimisiorik eman, nire kontratuaren amaiera da, eta hori izan da hasieratik nire plana».

Martinezek 2016an hartu zuen Belgikako hautatzailea izateko ardura, eta berehala jo zuen goia: 2018ko Errusiako Munduko Kopan brontzezko domina eskuratu zuen urrezko belaunaldia deituriko jokalarien multzoarekin. Besteak beste, De Bruynekin, Hazardekin, Lukakurekin, eta Courtoisekin.

Deabru gorrientzat Munduko Kopa batean inoiz izan duten emaitzarik onena da Errusian erdietsitakoa. Loriak, ordea, gutxi iraun zion Martinezi, eta brontzezko dominak piztutako itxaropenak amildegira eraman du selekzioa. Iazko Eurokopan final-laurdenetan joan ziren kalera, Italia txapeldunaren aurka galdu ostean. Qatarren, aldiz, ligaxkatik aurrera egiterik ez dute lortu.

Belgikako prestatzaileak kritika asko jaso ditu urrezko belaunaldia bezalako jokalari multzoarekin garaikur gehiago ez kateatu izanagatik. Qatarko Munduko Txapelketan puztu egin dute deabru gorrien gaineko esperantza, eta horrekin batera, jokalariak zaharregiak direlaren mamuek ito egin dute Belgikako selekzioa.

Martinezek berarengatik esperotakoa betetzea lortu ez badu ere, emaitzen aldetik gutxi du leporatzeko: azken lau urteetan 56 partida irabazi ditu –Belgikako beste edozein hautatzailek baino gehiago etapa bakar batean–, hamahiru berdindu eta 11 galdu.



Paulo Bento (Hego Korea)


Paulo Bento Hego Koreako hautatzaileak, Martinezen antzera, taldea utziko zuela iragarri zuen Brasilen aurka galdu osteko prentsaurrekoan –4-1 galdu zuten final-zortzirenetan–, eta aurrez hartutako erabakia zela nabarmendu zuen: «Triste nago emaitzarengatik. Hemen amaitu da gure parte-hartzea Munduko Kopan. Orain etorkizunean pentsatu behar dut, eta etorkizunean ez dut neure burua ikusten Hego Koreako hautatzaile gisa. Atseden hartuko dut, eta gero ikusiko dut zer egiten dudan. Jokalariei jakinarazi berri diet, baita presidenteari ere. Irailetik hartu nuen erabakia da. Gaur berretsi besterik ez dut egin, eta eskertuta nago jokalariek egin duten guztiagatik, eta haien onena emateagatik. Entrenatzaile moduan lan egin dudan talderik onenetakoa da».

Portugaldarrak 2018ko Errusiako Munduko Koparen ostean hartu zuen Hego Koreako selekzioa gidatzeko ardura. Lorpenen artean, aurten Asiako Kopan bigarren egin du selekzioak, eta Qatarren final-zortzirenetara sailkatu da, herrialdeko historian hirugarren aldiz.

Luis Enrique (Espainia)


Luis Enrique Espainiako hautatzaileak, Martinezek eta Bentok ez bezala, ez du erabakimenik izan. Espainiako Futbol Federazioak (RFEF) erabaki zuen Asturiasko hautatzaileari kontratua ez berritzea –Munduko Kopa bukatzean amaitzen zitzaion kontratua–, Marokoren aurka fina-zortzirenetan penaltietan galdu ostean. Luis Enrique kargutik kendu dute, beraz, hein handi batean, Qatarren ez delako final-zortzirenak baino haratago iritsi. Baita ere, Maroko bezalako aurkari baten kontra kanporatua izan zelako. Alabaina, iragan urtean RFEFk eskaini zion asturiarrari kontratua berritzea, baina hautatzaileak nahiago izan zuen Munduko Txapelketaren ondoren hitz egin horretaz.


Joan den asteartean Espainiak Marokoren aurka final-zortzirenetan penaltietan galdu ostean, Luis Enriquek, neurketaren osteko prentsaurrekoan adierazi zuen «hausnarketarako» momentua zela. Datorren astean ziren biltzekoak Luis Rubiales RFEFko presidentea, Jose Francisco Molina RFEFko kirol zuzendaria eta prestatzaile asturiarra bakoitzaren iritziak partekatzeko, eta erabaki bat hartzeko. Espainiako Federazioak ez zuen itxaron bilera egitera, eta iragan ostegunean deliberatu zuen Luis Enriqueri kontratua ez berritzea. Haren atzetik, Molinak ere kargua utziko zuela iragarri zuen, aspalditik baitzuen pentsatuta RFEFko kirol zuzendari kargua uztea, berriz ere entrenatzaile moduan aritzeko.

Luis Enriquek 2018an hartu zuen Espainia zuzentzeko ardura –halere, ia urtebetez etenda egon da bere alaba txikiaren gaixotasunak eta ondorengo heriotzak bultzatuta–, eta helburu zuen txapelketa nagusietan Espainia onenen artean egotea joko oldarkorra eginez. Izan ere, 2014ko eta 2018ko Munduko Kopetan, eta 2016ko Eurokopan selekzioak maila eskasa eman zuen. Iazko Eurokopan final-erdietara iristea lortu zuen Luis Enriqueren taldeak, Italia txapeldunaren kontra penaltietan galdu ostean, eta iazko Nazioen Ligan finalera ailegatu zen Espainia, baina Frantziaren kontra 2-1 galdu zuen. Qatarren, aurreko txapelketa horietan lortutakoa berdindu edo hobetu nahi zuen Espainiak, baina erdibidean geratu dira.

Prestatzaile asturiarrak hitz onak besterik ez ditu Espainiako selekzioarentzat, hala adierazi baitzuen haren sare sozialetan kaleratutako ohar batean. Batetik, Luis Enriquek «eskerrak» eman zizkien Rubialesi eta Molinari birritan fitxatu izanagatik, eta bestetik, «sostengua» eskatu zuen hizki larriz Luis de la Fuente Espainiako hautatzaile berriarentzat. De la Fuente Espainiako 21 urtez azpiko hautatzailea zen.

'Tite' (Brasil)


Herenegun Kroaziaren aurka penaltietan galdu ostean Adenor Leonardo Bacchi ‘Tite’ Brasilgo hautatzaileak adierazi zuen selekzioa utziko zuela. Canarinhako prestatzaileak gogorarazi zuen orain dela urte eta erdi esana zuela Brasilgo entrenatzaile izateari utziko ziola Munduko Koparen ostean: «Ez naiz bi hitzeko pertsona bat. Ez nengoen irabazteko zain eta gero drama bat egiten geratzeko. Ezagutzen nauen edonork hori badaki». Horrez gain, azaldu zuen Kroaziaren aurka galdu zuten modua ikusita porrot «mingarria» izan zela, baina bere buruarekin «bakean» dagoela, eta «zikloaren amaiera» dela.


Bost izarretako selekzioa bigarren aldiz jarraian Munduko Kopatik kanpo geratu da final-laurdenetan: 2018an Belgikaren kontra izan zen, eta oraingoan Kroaziak kaleratu du. Hain justu, Errusiako iragan Munduko Txapelketaren ostean Brasilek Titeri beste aukera bat eman zion hautatzaile gisa jarraitzeko, eta aukera ederki probestu zuen brasildarrak. 2019an Amerikako Kopa irabazi zuen bost izarretako selekzioak, Brasilen. Gainera, Neymarrek min hartu zuen txapelketa jokatu baino bederatzi egun lehenago, eta taldeko izarraren parte-hartzerik gabe ere, kopa altxatzea lortu zuten. Eta horrek, Titeren plangintza indartu zuen.


Geroztik, Brasilgo prestatzailea ahalegindu da berak nahi zuen jokatzeko modua garatzen taldean, baina beti zalantzan jarri dute bertako hedabideek eta zaleek Titeren estilo «kontserbadorea». Kritika horiek goia jo zuten iaz Argentinaren aurka Amerikako Kopako finala galdu zuenean Brasilek Maracana estadioan.


Argentina betiereko aurkariaren kontra final hura galtzea inflexio puntua izan zen Canarinharentzat. Munduko Kopa ate joka zela ez zen komeni entrenatzailez aldatzea –urte bateko tartea zegoen Amerikako Koparen, eta Mundukoaren artean–. Brasilek estutu egin zuen, eta Argentinaren aurkako neurketa hartako tragediaren ostean beste talde bat ematen zuen. Hamasei partidetan hamahiru lehia irabazi eta hiru berdindu zituen. Hori gutxi ez eta golen balantzea ezin hobea zen: 38 gol alde, eta soilik hiru kontra.


Qatarren, ordea, gauzak oso bestelakoak izan dira, eta nahiz eta zenbait partidatan taldeak joko ikusgarria egin, eta Kroaziaren aurka lehen 90 minutuetan nagusi izan, Brasil bezalako selekzio batentzat porrot egitea da final-laurdenetan kaleratua izatea. Eta, beraz, porrot horren lehen biktima, ohikoa den moduan, entrenatzailea izan da.

Oliver Bierhoff (Alemania)


Oliver Bierhoff Alemaniako kirol zuzendariak bere kargua utziko zuela iragarri zuen iragan astelehenean, Alemania Munduko Kopatik kaleratua izan eta lau egunera, hain zuzen. Hemezortzi urte egin ditu kargu horretan Bierhoffek, eta berak kaleratutako ohar batean azaldu zuen selekzioan «bidea libre» uzten duela «norabide berrietarako». Horrez gain, kirol zuzendariak adierazi zuen azken lau urteetan ez duela zaleei «poza itzultzea lortu», eta onartu zuen «ustez konbentzimendu osoz» hartutako zenbait erabaki ez direla «egokiak» izan.

Bierhoffek 2024ra arte zuen kontratua DFBrekin, bi urte barru Alemanian jokatuko den Eurokopara arte, alegia. Kirol zuzendariari, baina, hari fin batek lotzen zion karguari, eta Alemaniak Qatarko ligaxkako lehen langa ez gainditzeak eragin du hari fin horren haustura. Izan ere, Qatarko txapelketatik haratago, Bierhoffi leporatzen dizkiote Alemaniako selekzioaren azken bi porrotak: bata, 2018ko Errusiako Munduko Kopan, Alemaniak titulua defendatzen zuela, ez zen multzoen fasetik haratago joan, eta bestea, iazko Eurokopan Ingalaterrak kanporatu zuen final-zortzirenetan.

Costa Ricaren aurkako neurketaren ostean –txapelketatik kanpo geratu zirenean–, Bierhoffek karguari eutsi nahi zion, eta adierazi zuen bere asmoa zela Alemaniako kirol zuzendari gisa jarraitzea. Flicken jarraipena ere defendatu zuen Alemaniako hautzaile gisa. Horren ondotik, Bernd Neuendorf DFBko presidenteak iragarri zuen Flickekin eta Bierhoffekin bilduko zela «egoera maneiatzeko prozesu ordenatu bat hasteko». Hori baino lehen, ordea, dimititu egin zuen kirol zuzendariak.

Bierhoffen dimisioaren harira, Flickek bere nahigabea adierazi zion kirol zuzendari ohiari herenegun: «Nire taldeari eta niri zaila egingo zaigu Oliverrek [Bierhoffek] uzten duen hutsunea betetzea; bai pertsonalki, baita teknikoki ere». Aste honetan zalantzak zeuden ea Flickek jarraituko zuen Alemaniako hautatzaile moduan, eta zalantza horiek guztiak argitu zituen atzo Bernd Neuendorf DFBko presidenteak. Izan ere, prestatzailearekin bildu ostean, baieztatu zuen Flickek karguan jarraituko zuela 2024ko Eurokopara arte: «Uste osoa dugu Flickek erronka hau gainditu ahal izango duela».

Alonso eta Santos, ataka larrian


Diego Alonso Uruguaiko entrenatzailearen, eta Fernando Santos Portugalekoaren karguak ataka larrian daude. Latinoamerikako selekzioak ez zuen gainditu ere egin Munduko Kopako ligaxka; 2002az geroztik ez zela hori gertatzen. Uruguaiko Futbol Elkarteko (AUF) exekutiboak adierazi zuen Alonsok karguan jarraitzea nahi duela, eta orain erabakia entrenatzailearen eskuetan dago. Izan ere, kontratua amaitzen zaio aurten, eta berak erabakiko du Uruguaiko hautatzaile gisa segitu ala ez. Iaz hartu zuen Uruguaiko selekzioa zuzentzeko ardura.

Fernando Santosek, bere aldetik, adierazi zuen federazioko presidentearekin hitz egingo duela bere etorkizunaren inguruan. Portugaleko hautatzaileak kontratua du 2024ra arte, baina atzo final-laurdenetan Marokoren aurka kaleratua izan ostean, bere etorkizuna ziurgabea da. «2014tik presidentea eta ni beti bildu izan gara erabakiak hartzeko. Beraz, Portugalera itzultzean, lasaitasunez hitz egingo dugu biok, eta ikusiko dugu zer egiten dugun», adierazi zuen Santosek Marokoren aurka galdu osteko prentsaurrekoan. Horrez gain, nabarmendu zuen dimisioa ematea «ez dagoela ez presidentearen ez bere hizkeran».