NAIZ

Arbonan etxaldea erostekotan zen Parisko bikotearen etxera joan dira Lurzaindiakoak

Lurzaindia elkartearen ordezkariak Parisen izan dira gaur. Berruetako bidean, Arbonan, kokatzen den etxaldea eta 4 hektarea lur erosteko prest zen bikotearengana joan dira laborariak. Salmenta hori bertan behera utzi zutela baieztatu du bikoteak. Elkarteak froga agiriak eskatu ditu.

Lurzaindiako kideak Arbonan etxea erosi nahi zuen bikotearen etxeko atarian, Parisen.
Lurzaindiako kideak Arbonan etxea erosi nahi zuen bikotearen etxeko atarian, Parisen. (@euskalirratiak)

Arbonako Berruetako bidean kokatzen den etxaldea eta bereziki laborantza lurrak espekulaziotik salbuan jartzeko borroka luzea eraman du Lurzaindia elkarteak.

Astearte honetan urrats berria egin du elkarteak. Hala, erakunde horretako kide batzuk Parisera joan dira, hain zuzen ere etxaldea erostekotan zen bikotearekin aurrez aurre hitz egiteko.

ELB sindikatuko eta Ostia espekulazioaren aurkako kolektiboko hainbat kide lotu dira ekintzara.

Michel eta Marie-Jose Carite Lemestre bikotearen etxera bertaratu dira euskal ordezkariak.

Laborantza lurrak erosteari muzin egitea eskatu dute etxeko atarian banderola zabalduz.

Lau hektarea lur zuen etxaldea erostekotan zen bikoteak ziurtatu du -interfonotik mintzatuz- bertan behera utzi duela bere egitasmoa.

Izan ere, salerostea baztertua izan zela frogatuko luketen agiriak eskatu dizkie elkarteak.

Bestalde, Carite bikoteari bisita egin ondoren Arbonako etxaldearen jabe den Yves Borotraren interesak defendatzen dituen Hoin abokatuaren bulegora joan dira laborariak dosierraren balizko itxieraren gainean bermeak eskuratu nahian.

Bigarren salmenta ere geldituta?

2021ean, Berruetako bidean kokatzen diren hiru etxe eta 15 hektarea lursail 3,2 milioi euroren truke erosi nahi zituen Diane de L'Espee jubilatuak atzera egin behar izan zuen.

Lurzaindiak eta ELBk Arbonako Berruetako bidean 3 milioi euroan salgai ziren laborantza lurrak (11 hektarea inguru) salbatzeko eskaera egin zioten Safer egiturari.

Lau hilabetez laborariek garatutako okupazio eta mobilizazio azkarrari esker lehenengo salmenta hori etetea lortu zen.

Alta, Yves Borotra jabeak berriz ezarri zituen salgai eraikinetako bat eta lur sail osoaren lau hektarea. 

Izan ere, iragan abuztuaren 26an, etxea eta 4,07 hektarea lursail saltzeko jakinarazpen berri bat jaso zuen Safer egiturak.

Hiru milioi euroren truke jabetza erosteko interesa erakutsi zuen Parisen bizi den Michel eta Marie-Jose Carite Lemestre bikoteak.

Lehenengo eroslea bezala bigarren erosketaren erantzule erretretan dira. Hau da lurra biziarazteko asmorik ez duten herritarrak dira.

«Elikagaiak sortzeko lurraren defendatzaileak garen heinean laborariak ez diren jendeek lurrak pilatzeko duten nahikeria salatu behar dugu eta baita herritar horiei eskatu ere laborantza lurrak erosteko egitasmoari muzin egiteko», azaldu dute Lurzaindiako eta ELBko kideek agiri baten bidez.

Zeharka bada ere Berruetako etxaldea osatzen duten beste 11 hektarea lurren erosketa aipatu du baita ere ELBk eta Lurzaindiak.

Hala, Carite senar-emazteari etxaldea eta 4 hektarea lurren gaineko erosketa alboratzea galdetzearekin batera, beste 11 hektarea erosteko zirrikitu legala atzeman duen «Desurmont anderea eta bere aholkularien jukutria justiziaren esku dela» oroitarazi dute, aipaturiko agiriaren bidez, euskal laborariek.