Idoia Tapiak abestu zuen ‘Gurekin’ abestiaren moldaketa.
Idoia Tapiak abestu zuen ‘Gurekin’ abestiaren moldaketa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
‘Hator hator’ eta ‘Etxera’ eszenatokiak daude karpa batean eta ‘Auzolana’ bestean.
‘Hator hator’ eta ‘Etxera!’ eszenatokiak daude karpa batean eta ‘Auzolana’ bestean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
SA-k hankaz gora jarri zuen Hatortxu.
SA-k hankaz gora jarri zuen Hatortxu. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Eguerdiko 15.30etan ireki dituzte ateak.
Eguerdiko 15.30etan ireki dituzte ateak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Hiru eszenatoki prestatu dituzte Hatortxu Rockerako, bi karpatan banatuta.
Hiru eszenatoki prestatu dituzte Hatortxu Rockerako, bi karpatan banatuta. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Auzolanean prestatu dute gunea eta egunean bertan ere bolondresak ari dira lanean
Auzolanean prestatu dute gunea eta egunean bertan ere bolondresak ari dira lanean (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Urtero bezala, jende asko gerturatu da elkartasun eta musika jaialdira.
Urtero bezala, jende asko gerturatu da elkartasun eta musika jaialdira. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
‘Odolkiak ordainetan’ aritu da ‘Auzolana’ eszenatokian.
‘Odolkiak ordainetan’ aritu da ‘Auzolana’ eszenatokian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Tomas Lizarazu, ‘Bulego’ taldeko abeslaria.
Tomas Lizarazu, ‘Bulego’ taldeko abeslaria. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
‘Bulego’ taldeak kontzertua eskaini du ‘Etxera!’ eszenatokian.
‘Bulego’ taldeak kontzertua eskaini du ‘Etxera!’ eszenatokian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Merina Gris taldea Hatortxun lehen aldiz egon zen.
Merina Gris taldea Hatortxun lehen aldiz egon zen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Xochitl Karasatorrek zuzenean hitz egin zion espetxean duen aitari.
Xochitl Karasatorrek zuzenean hitz egin zion espetxean duen aitari. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Milaka beso altxa ziren topa egiteko.
Milaka beso altxa ziren topa egiteko. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
‘Hator hator’ eszenatokiak hartu du ‘Nogen’ taldearen kontzertua.
‘Hator hator’ eszenatokiak hartu du ‘Nogen’ taldearen kontzertua. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Karpa bakoitzean taberna bana jarri dute.
Karpa bakoitzean taberna bana jarri dute. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Aurrerapausoak aurrerapauso, azken Hatortxuren zain

Hatortxu Rockek 27. edizioa bete du, asteburu konplikatu batean, jendez gainezka egon den ekitaldi batean dispertsioaren kontra pertsonatik pertsonara egiten den lana goraipatuz. Xochitl Karasatorre izan da aurtengo mezua irakurtzeaz arduratu dena.

Hatortxu Rock 2022.
Hatortxu Rock 2022. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Dj Reimy bizikletan igota, bidea zabalduz, ‘Hator-hator’ gabon kanta herrikoiaren remix bat entzuten zela, festa giroan igo dira oholtzara Etxerat, Sare, Mirentxin, 40 minutu rock, Aske Rock, Lasterbidean, abokatuak, medikuak… presoen eskubideen alde egin duten kolektibo eta pertsonak. Hatortxuko lan talde bakoitzeko pertsona bat ere izan da segizioa ixten.

«Euskal Presoak etxera!» oihu artean irakurtzen hasi da aurtengo mezua Xochitl Karasatorre, Joanes Illarregiren bertso baten ostean. Aitari, Juan Ramoni, Iruñeko espetxetik zuzenean ikusten ari zitzaiola Hatortxu Rock zer den eta bere balioak zeintzuk diren azaldu dio. Izan ere, Karasatorrek ez du Hatortxu Rock zuzenean bizitzeko aukerarik izan, 30 urte daramatzalako bere etxetik urrun, azken 21ak espetxean. 

Dispertsioaren kontra egin den lana eta oraindik geratzen dena irudikatu nahi izan dute Hatortxu Rockeko antolatzaileek mezuarekin. Orain arte egin duten lan eskergari omenaldi moduko bat egin zaio, baita orain arte egin den lanari berari ere, baina aldi berean adierazi nahi izan dute hori pertsonek egin dutela eta pertsonak beharrezkoak izango direla aurrerantzean ere.

Etzakit taldearen ‘Gurekin’ kantuaren moldaketa batekin itxi dute ekitaldia. Idoia Tapia abeslari nagusi moduan, koral batek eta soka laukote batek lagunduta, Asier Caponen zuzendaritzapean. Abestiak jendea hunkitu du, baina indarrik ez da falta izan tragoa eskuan besoak luzatu eta ohitura bihurtu den topa egiteko.

Jaialdi oparoa

Ehun bat lagunen aurrean hasi da Ødei bere emanaldiarekin, beste bi rap abeslari lagun zituela. «Mila esker Hatortxu lehen orduetan doluari eta minari tarte bat egitearren», esan du urruñarrak. ‘Zer nahi genuen’ kantuaren atarian ordubetez Hatortxu Rap bihurtu dela eta jendeari gerturatzeko eskatu dio, saiatu da publikoa berotzen. ‘Periferiak’ kantuarekin Nafarroa ere periferia dela Bidasoatik haragoko Euskal Herria bezala salatu du. «Hau ez da soldatapeko lanarekin egiten, argia guretzako da baina itzalak gehiago esaten du, itzalekoen lana delako behar dena. Segi borrokan, segiko dugu kantari, garenarekin, izan zirenekin eta izanen direnekin», esanaz bukatu du bere emanaldia Ødei rap abeslariak.

Mafaldak hartu dio segidan testigua beste oholtzan. Bederatzikoa rap-metal proposamen indartsuarekin hasi da. Ehunka kontatzetik milaka kontatzen hastera pasatzeko unea iritsi da eta doinu dantzagarriagoak ere hasi dira jotzen segidan. ‘Necesarias pero absurdas’ kantuarekin emakumeak oihuka jarri dituzte, taldearen mezuarekin bat egin du publikoak, aldarri feministek presentzia nabarmena baitute valentziarren musikan. Publiko gaztea lehen ordu horietan. «Atsegin dugu puntu morea egotea, askoz ere seguruago sentitzen garelako» esan eta segidan «Digan lo que digan las mujeres estamos en guerra» abestuz denak oihuka eta dantzan jarri dituzte Mafaldakoek, espazio inklusiboak behar direla aldarrikatuz.

Oholtzaz aldatu eta abian zen La furia Cascanteko abeslaria. Lau emakume oholtzan, mezu feministez jositako beste emanaldi batean. «Esto de Españita lo tenemos hace tiempo aquí, algún día los mataremos, aunque sea figuradamente» esan du La Furiak, ‘Ya están aquí’ abestia jo aitzinetik. Egurra. Ondoko emakumeari begirada polit bat eskaintzea ere aldarrikatu du, gizarte patriarkalak emakumeei hori ere kendu dietela salatuz. Lau artistek, ahizpatasuna adierazteko, elkarrekin dantzan hasi dira oholtzan, zirkuluan, akelarre bat bailitzan. 

Denboraz lehen hasi da Bulego ondoko oholtzan. Pop musikari tarte zabala ireki zaio oholtza nagusietan, Bulego eta Nøgen bata bestearen atzetik. Azkoitiarrek beren musikarekin hartxintxar eremua dantzalekuko pista batetan bihurtu dute hirugarren abestirako. «Kontzertuko nota bakoitza preso politikoiei eskainia dago, ez gaude denak hemen eta denak kalean izan arte ez gara geratuko, gure elkartasuna adieraziko diegu. Asko falta diren arren, gure buru eta bihotzetan daude egunero bezala. Hatortxura etorri gara momentua gozatzera baina gogoratzera bakarka ez garela ezer, elkartasunez egingo dugula aurrera. Kantatzera, aldarrikatzera, dantzatzera gatoz», oihukatu du Tomas Lizarazu taldeko abeslariak, bukaeran jende artera ere sartu denak.

Nøgenen txanda ekitaldi nagusiaren aurretik. ‘Mila aldiz’ kantuarekin hasi dira eta ‘Erori arte’-rekin segi, publikoa berotzea helburu, eta ‘Enarak’ kantua iritsi orduko lortu dute hori, denak abesten eta saltoka jarrita. Sartu-irtena ere egin dugu Auzolana oholtzatik, Odolkiak Ordainetan taldearen folk-punk-oi proposamena entzuteko. Karpa jendez bete dute nafarrek eta jendea dantzan izan dute. Berriz ere Hator-Hator oholtzara itzultzean, McOnaken kantu bat jotzen topatu ditugu Nøgenekoak, ‘Nora’ kantuarekin kalejira erraldoi batekin bukatzeko. Ekitaldia izan da segidan eta Soziedad Alkoholika eta Merina Grisen doinuak entzuten ari garen bitartean bukatu dugu kronika hau idazteaz.

Datorrena, azkena izan dadila, denak kalean direla, Hatortxu Rocken bukaera ere ospatuz.