NAIZ
Atarrabia

Hatortxuko eskuak hankaz gora jarri du Historia: musika jaialdi bat auzolanean egin daiteke

Aurkikuntza garrantzitsua iragarri zuen atzo iluntzean Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak, Hatortxuko Eskua izenez dagoeneko ezaguna dena. Lehenbiziko Hatortxun erabilitako eskularru bat topatu zuten, mezu argi batekin: auzolanaren bidez egin daiteke halako jaialdi bat.

Aurkikuntzek ez dute etenik Nafarroan. Irulegiko eskuak duela hilabete eskas euskal hizkuntzaren historia berridatzi ostean, bart gauza bera gertatu zen Atarrabian. Hatortxu Rockeko antolakuntzak Hatortxuko Eskua izenez ezagutu den aurkikuntzaren berri eman zuen: lehenbiziko Hatortxuan, 1999an, erabilitako eskularru bat.

Ander Arrasate, Hatortxuko kideak, izan zuen eskularrua aurkitzeko zortea, larunbat honetako ediziorako eremua prestatzen ari zela. «Ezin sinetsi. Hasieran topatu nuen eta ez nekien seguro zer zen. Bazirudien auzolan batean erabilitako eskularru bat zela eta ez edozein, lehenbiziko Hatortxun erabilitakoa. Flipatuta geratu ginen, hau zerbait historikoa izango da».

Iritzi berekoa da Arkaitz Zuloaga arkeologoa. «Eskularru honek Historia berridazten du. Kontatzen digu, posible dela posible dela horrelako jaialdi bat auzolanean egitea. Azken finean, esaten diguna da, gure arbasoek, 1999an nola egiten zuten jaialdi bat. Eta, zergatik ez? Gaur egun ere posible dela».

Hala ere, aurkikuntzak ez du mundu guztia konbentzitu. Hidalgo Españak zalantzak aurkezten ditu. «Oso arraroa da hau. Auzolana? Hori baskongadetakoa da. Hau Villava da, Navarra, Espainia. Nik uste guzti hau estrategia batasunia, bilduetarra dela. Are gehiago, estrategia putin-friendly ere esango nuke».

Aurkikuntzak aurkikuntza, larunbat honetan Hatortxu Rock elkartasun jaialdiaren 27. edizioa hartuko du Atarrabiak. Eta bai, posible dela erakutsiz, auzolanean eginen dute. Hala ere, posible egiteko, antolakuntzak mezu argi bat bidali zien herritarrei: «Egin txanda kopon!»