Maddi Txintxurreta

Auzolanari esker, Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluak ditu euskarak

Soilik ingelesak, katalanak eta serbierak zituzten Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluak. Abenduaren 27tik geroztik, euskara batu da zerrenda horretara.

Euskarazko Wikipedia izan da laugarren hizkuntza 10.000 artikuluen erronka lortzen.
Euskarazko Wikipedia izan da laugarren hizkuntza 10.000 artikuluen erronka lortzen.

Hizkuntza txikiek lorpen handiak bilatu ditzaketela erakutsi du asteon Euskal Wikilarien Elkarteak: Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluak ditu euskarazko atariak, auzolanean egindako lan mardulari esker.

Wikipediak eztabaidaren bidez erabakitzen du zer gaik osatu behar duten ezinbestekoen zerrenda hori eta 2.000 biografia, geografiako 1.000 artikulu edo zientzia fisikoetako 1.350 artikulu izan behar dituela zehazten du. «Eztabaidagarria» izan daiteke gai horien aukeraketa Galder Gonzalez Euskal Wikilarien Elkarteko kidearen esanetan, bereziki Mendebaldean oinarritzen direlako, baina balio du, nolabait, hizkuntzek Wikipedian duten posizioa neurtzeko.

Hala, osatuta dauden artikulu kopurua eta hauen luzera –laburra, ertaina ala luzea, kasu honetan bytetan kalkulatuta– kontuan hartuta, Wikipediak hizkuntza bakoitzari puntuak esleitu eta guztien arteko sailkapen bat osatzen du, hilabetero eguneratzen dena.

Orain urtebete heldu zioten wikilariek 10.000ko zerrenda horretan artikulu «ahalik eta gehiena» osatzeko erronkari. Orduan, euskara 33. postuan zegoen hizkuntza guztien artean eta 1.324 artikulu falta zituen zerrenda osatzeko.

Abenduaren 1ean urte amaieraren aurretik langa horretara iristeko erronka bota zuen elkarteak. Erraza ez bazen ere –378 artikulu falta ziren orduan helburua erdiesteko–, «azeleragailua sakatu» eta abenduaren 27an, asteartearekin, iragarri zuten lortu zutela. Galder Gonzalezen arabera, 30etik gora wikilari aritu dira abenduko esprintean artikuluak idazten, bakoitzak beretik baina elkarlanean. Joxean Garaialde wikilaria nabarmendu da horien artean, 378tik 89 informazio-orri idatzi baititu berak.

Egun horretara arte, hiru proiektuk baino ez zuten lortu ezinbesteko 10.000 artikuluak euren hizkuntzetan izatea: ingelesak, serbierak eta katalanak. Bestalde, guztira, 400.000 orri baino gehiago ditu euskarazko Wikipediak.

Abenduaren 16ko sailkapenaren arabera, Wikipedia guztien 23. postuan dago euskarazkoa. Halere, urtarrilaren 16an 20. postuan kokatuko dela aurreikusten du Euskal Wikilarien Elkarteak, azken eginahalaren ostean. Urte batean hazkuntzarik handiena izan duen Wikipedia da euskarazkoa, Gonzalezek nabarmendu duenez.

Bikoitza zen euskal wikilarien helburua, 10.000 artikuluak idaztea eta horiek luzatzea. Lehenengo itua beteta, bigarrenarekin jarraitu nahi dute aurrerantzean ere. «Artikulu bat luzetzat hartzen da, 16.000 bytetik gora, karakteretan, 10.000 inguru. Momentu honetan labur kategoriakoak (8.000 bytetik behera) dira artikuluen bi herenak; horiek hedatzea izango da hurrengo urteetako erronka», esplikatu du Euskal Wikilarien Elkarteko kideak.

Gazitik ere bai

Albiste gozoaren ondotik iritsi da ohartarazpen gazia. «Eskolek gaztelania hobesten dute», agertu du Euskarazko Wikipediaren Twitter kontuak asteazkenean.

Egoera honek badu azalpenik. Euskal Wikilarien Elkartea orain dela lau urte hasi zen hezkuntza programa bat lantzen, «DBHko ikasleek lantzen dituzten gaien Wikipediako orriak hobetzea» helburu, Gonzalezen esanetan. Horretarako, unibertsitateko «milaka» ikasle aritu dira orriak hobetzen eta emaitzak nabarmenak dira. «Edukiak hirukoiztu dira, bideo pedagogikoak gehitu dira, artikuluak zuzendu dira, irakasleek parte hartu dute... edukia asko hobetu da», adierazi du wikilariak.

Arazo bat antzeman dute, ordea: artikuluen kopurua eta edukia hobetu badira ere, bisita kopurua ez da hobetu. «Aurreko urteetan gutxinaka igo izan da, baina iaztik nabarmen jaitsi dira bisitak. Alerta bat da, zeren esan genezakeen jendeak ez dituela euskarazko edukiak bisitatzen ez daudelako, baina orain badaudela, eta nabarmen hobetu direla... arazoa beste nonbaiten dago», ohartarazi du Galder Gonzalezek.

Bere esanetan, bisiten jaitsierak alde eta arrazoi asko izan ditzake. Horietako bat izan daiteke, agertu du, orain Euskal Herriko eskoletara bidali diren ordenagailuak gazteleraz daudela konfiguratuta. «Ikasleak ohitzen dira bilaketa bat egiterakoan erantzuna gazteleraz jasotzera», ohartarazi du.