NAIZ
Bilbo

Hanif Kureishi idazle eta gidoilaria ospitalean dago, mugikortasunik gabe

Hanif Kureishi idazle eta gidoilari britainiarrak, ‘My Beautiful Laundrette’ filmaren istorioaren egilea, ospitalean dago Erroman eta ezin ditu besoak eta hankak mugitu. Sareetan zintzilikatu du gertatu zitzaionaren kontakizun gordina.

Hanif Kueishi idazle eta gidoilaria.
Hanif Kueishi idazle eta gidoilaria. (AFP)

Hanif Kureishi nobelagilea eta gidoilaria (Londres, 1954), Stephen Frearsek 1985an zinemara eraman zuen ‘My Beautiful Laundrette’ nobela eta gidoiaren egilea, beldur da ezingo duela «inoiz ibili edo boligrafo bat erabili». Joan den abenduaren 26an, alegia Boxing Day egunean (Gabonetako bigarren egunaren ospakizuna), Erroman zegoen eta erori egin zen. Ospitalean dago ordutik, egin dioten bizkarrezurreko ebakuntzaren emaitzei itxaroten.

Iktus bat edo bihotzekoa izan zuen, ez dago argi, baina kontakizuna izugarria da. «Aston Villaren kontrako Mo Salahren gola ikusi berria nuen, garagardo bat edaten ari nintzen, eta zorabiatuta sentitzen hasi nintzen. Aurrerantz makurtu eta erori egin nintzen, eta minutu batzuk geroago esnatu nintzen odol-putzu batean».

Hiru arnasaldi

«Hiru arnasaldi baino ez zitzaizkidala geratzen irudi zitzaidan. Hiltzeko modu miserablea eta latza iruditu zitzaidan», idatzi du sareetan zintzilikatu duen testu batean «Ospitalean nago. Ezin ditut besoak eta hankak mugitu. Ezin dut sudurra ukitu, telefono-dei bat egin edo elikatu. Iraingarria da eta karga da besteentzat».

Haren emazteak, Isabella d’Amico, Kureishik erortzean bota zuen garrasi entzun eta lagundu zion. «Hark bizia salbatu zidan», dio idazleak. Oraindik ere Erromako Gemelli ospitalean dago, erori ondoren ospitaleratu zuten ospitalean.

Egin dituen lanak

Ama ingelesa du, aita Pakistango semea, eta Kureishi nazioartean ospetsu egin zen 1985ean Stephen Frears-en ‘My Beautiful Laundrette’ filmagatik. Kureishiren nobela batean oinarrituta, britaniar-pakistandar gazte bat eta haren mutil-lagun zuriari buruzkoa istorioa islatzen da bertan, bide batez kultur aniztasunari eta britaniar inperioari buruzko iritzi zorrotzak aipatzen dituelarik. Gidoia idazleak berak egin zuen eta filme honi esker bere protagonistak, Daniel Day-Lewis aktoreak, ospea lortu zuen.

Zazpi eleberri idatzi ditu, besteak beste, ‘The Buddha of Suburbia’. Honek Whitbread saria irabazi zuen, eta arrakasta handia lortu zuen nazioartean. BBC kateak lau ataleko telesaila bihurtu zuen 1993an, eta David Bowiek musika jarri zion.

Kureishik honako gidoia hauek ere idatzi ditu: ‘Sammy and Rosie Get Laid’ (1987), ‘London Kills Me’ (1991) –berak zuzendu zuen– eta ‘The Mother’ (2003). Azken hau Roger Mitchellek zuzendu zuen.