«Nire ibilbide profesionaleko esperientziarik zorrotzenetako eta gogorrenetako bat izan da»

Alex Txikonek eta haren taldekideek Manaslu mendia (8.163 metro) igotzea lortu dute 60 ordu baino gutxiagoan. «Izugarrizko indar fisiko eta mentala behar izan dugu gailurrera ailegatzeko», adierazi du Lemoakoak Katmandun Nepaleko hiriburuan atseden hartzen ari dela. 1984tik ez da horrelakorik lortu.

Alex Txikon eta bere taldekideak espedizioa amaitu ondoren
Alex Txikon eta bere taldekideak espedizioa amaitu ondoren (Alex Txikon)

«Manaslura igotzea lortu dugu 60 ordu baino gutxiagoan. Nire ibilbide profesionaleko esperientziarik zorrotzenetako eta gogorrenetako bat izan da». Hala definitu du Alex Txikon Lemoako mendizaleak munduko zortzigarren mendirik altuenera egindako igoera. Errege egunean dastatu zuen loria 8.163 metro altu dituen gailurrera iritsita. Orain Katmandun Nepaleko hiriburuan dago atseden hartzen, eta handik eman du igoeraren berri.

«Igoera gogorra eta zorrotza izateaz gain, arriskutsua ere izan da. Izugarrizko indar fisiko eta mentala behar izan dugu gailurrera ailegatzeko. Mendia uste baino askoz ere baldintza okerragoan zegoen», adierazi du Lemoakoak. Txikon aurrez birritan saiatu da Manaslura igotzen, baina bidean geratu da bietan. Lehena, 2020-2021 denboraldian izan zen, eta bigarrena, 2022ko urte hasieran. Bietan, baina, elurteek eta haize bortitzek zaildu zuten espedizioa.

Hirugarren saialdian, beraz, arrakasta izan du Lemoakoak, eta ez da txiripaz izan. Alabaina, azken bi saialdiek eskarmentua eman diote hirugarrenerako: «Oraingo igoera honetan argi nuen aukera izan bezain laster azkar igo nahi genuela, baina agian ez hainbeste. Izan ere, gauez zenbat eta ordu gehiago egin, orduan eta aukera gutxiago dituzu gailurrera iristeko, izozketak egiteko aukera handiagoa delako. Hala ere, aukera aurrean izan genuenean, aprobetxatu egin genuen, barruan genuen adore guztia aterata».

«Bizitzan egin dudan zati zailenetako bat izan zen zalantzarik gabe. Oso gogorra, korapilatsua, eta arriskutsua zen. Beldurra pasatu genuen»

Txikonek urtarrilaren 4ean ekin zion bideari bere taldekideekin batera –Pasang Nurbu Sherpa, Chhapel Sherpa, Gelu Sherpa, Maila Sherpa, Mantere Lama Sherpa, eta Gamje Babu Sherpa Nepaleko eskalatzaileak–. Goizeko 8.00etan abiatu ziren beharrezkoa zuten tresneria guztia motxilan bizkarreratuta. «Eguraldi ona zegoen, girotuta geunden, eta altuera irabazteko aukera ona genuela sentitzen genuen». Lehenengo zatia arazo handirik gabe igaro zuten, euren eskarmentuari esker. Hurrengo tartean, C2an –6.400 metrotan–, baina, iritsi ziren komeriak. «Bizitzan egin dudan zati zailenetako bat izan zen zalantzarik gabe. Oso gogorra, korapilatsua, eta arriskutsua zen. Beldurra pasatu genuen».

Oztopoak oztopo, bertan kanpatu, eta gaua han pasatu zuten. Hurrengo egunean, urtarrilaren 5ean, C3ra –6.950 metroetara– abiatu ziren. Hara iristean, igoerako erabaki garrantzitsuena hartu behar zuten eskalatzaileek: atseden gehiago hartu ala gailurrera igo. Aukera aprobetxatu, eta tontorrerako bidea hartu zuten: «Ez genuen begirik bildu, eta gaueko 23:00etan gailurrera atera ginen. bertara heldu ginen 9.30ean. Tontorraren parean –7.992 metroetan–, gailur nagusira iritsi aurreko azken zatian, egun-argia iritsi zitzaigun. Oso luzea egin zitzaigun tarte hori. Ematen zuen ez zela inoiz amaitzen». Azkenerako iritsi ziren gailurrera, baina okerrena etortzeko zegoen: jaitsiera.

Espedizioa amaitzean, «txikituta»

Gutxika-gutxika egin zuten beherako bidea, eta 18.00etan iritsi ziren oinarrizko kanpalekura, 5.000 metroko altuera duena: «Txikituta iritsi ginen, baina 60 ordu baino gutxiagoan lortu genuen dena egitea: Manaslura igo, eta oinarrizko kanpalekura onik itzultzea». Euskal alpinistak historia egin du: Manaslu mendira igo baita historian aurrenekoz neguko espedizio batean, oxigeno artifizialaren laguntzarik gabe.

Azkenik, Txikonek zorionak eta eskerrak eman dizkie bere ibilbidean zehar babesa eman dien pertsona guztiei, eta batez ere mendi klub eta federazioei. Simone Moro bere taldekidearekin ere zorretan dagoela nabarmendu du, «igotzen jarraitzeko indarra bazuen ere, taldearentzako jaitsieran oztopo izango zela eta, bakarrik jaitsi zen C2tik CBra». «Gailur hau ere Morori zor diogu», adierazi du Lemoakoak.

1984etik ez zuela inork horrelakorik lortzen. Eskalatzaileak urtero igo izan dira Manaslu mendira, baina alpinistak aurreko gailurrera baino ez dira iritsi, gailur nagusiaren azpian dagoena. Manaslu mendira neguan igo ziren 1964ko urtarrilaren 12an Maciej Berbeka eta Ryszard Gajewski poloniarrak. Geroztik, neguan soilik lau espedizio baino ez dira iritsi mendiaren aurreko gailurrera. Gailur nagusira, ordea, inor ez Txikon iritsi den arte.